Tximintx Euskara Alkarteak eta Topaguneak itauntzen deuskue, ea hamabost urte barru euskararen egoera zelakoa izango dan. Erantzuna bat-batekoa da: euskaldunaren egoera zelakoa, euskararena halakoa.
Uste dot euskara subjektutik aldendu eta objektu bihurtu dogula. Honenbeste aditz; horrenbeste deklinabide eta hainbeste gramatikagaz, azkenean geuregandik aparteko fenomenotzat hartu dogu, ia. Euskara hartu nahiz itxi egiten da; apur bat nahiz asko jakin leiteke; euskaraz gainera, espainola eta frantsesa be hemengoak dira; atzenean, nahaste-borrastea. Baina hemen egia biribila hauxe da: euskara geu gara; gu zelan, euskara halan. Jakin berbeta asko; izan, hizkuntza bateko seme-alaba.
Euskara hamabost urte barrurako –unibertsoko edozein gauza legez- aldatu egingo da; landare, zuhaitz, bedar autoktono asko baztertu egingo dira, edo galdu, eta kanpokoak etorriko dira euskararen lurretara; etorri be, globalizazinoaren ibilgailuan. Gainera, lekuan lekuko euskaratik berbeta hibridorantz joko dogu: bizkaieran “hain zuzen” (“hartan be”ren lekuan) entzungo da, eta Donesteben “amaitu” (“bukatu”ren lekuan). Bestalde, euskara zientifikoa euskara batuan garatuko da sistematikoki. Halan be, freskotasunaren bila euskalkiaren intxaurpera joko da.
Gorago esan dogunez, hizkuntza pertsonarekin batera joanik, euskaldun barrien kopurua gora joango da eta, ondorioz, euskaldun zaharren hizkera baino modakoago eretxiko jako euskaldun barrien berbeteari.
Azken baten, askatasunera bidean, euskaldunok aginte handiagoa eskuratuko dogu eta euskara indartu egingo da.