Melania Rosique Bartzelonan jaio zen orain dela 39 urte. Laster Caravaca de la Cruz (Murtzia) herrira joan zen bizitzen, familia hangoa baita. Eta 17 urte zituela, Euskal Herrira etorri zen. “Ama hona etorri zen lan egitera, eta ni, berarekin. Niretzat hona etortzea nahiko gogorra izan zen. Alde batetik, nerabea nintzelako eta hori beti da konplikatua. Eta bestetik, Murtzian dena utzi nuelako: nire bizitza, lagunak... Dena dela, ondo moldatu nintzen”, esan digu.
Hona etorri zenean, Melaniak Murtziako doinu gogorra zuen eta hemengoek ez zioten ondo ulertzen. “Lagunek barre egiten zidaten nire ahoskerarengatik, eta nik erabiltzen nituen esamoldeak oso arraroak ziren euskaldunentzat. Unibertsitatean, esate baterako, azkar hitz egiten nuen eta barre egiten zidaten hitz batzuk ahoskatzean “e” hizkia erabiltzen nuelako. Adibidez, “casas” edo “tijeras” esan beharrean, “cases” eta “tijere” esaten omen nuen. Niretzat ez zen barregarria, baina eurentzat, bai, ordea (kar, kar)”.
Gaztetan Gorlizen eta Plentzian bizi izan zen, baina duela bost urte Lezamara etorri zen, Gaizkarekin, bikotearekin, bizitzera. “Oso herri lasaia da eta oso gustura gaude hemen. Jendea oso jatorra da eta primeran hartu gaituzte”. Murtziako eguraldia oraindik botatzen du faltan, baina Euskal Herria izugarri gustatzen zaio: jendea, janaria... “Ia denbora tarte bera eman dut Murtzian eta Euskal Herrian, beraz erdi murtziar, erdi euskaldun sentitzen naiz (kar, kar)”. Melania zientzialaria da eta ogibideaz aparte, bere pasioetako bat ere bada. Biologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta master bi ditu: bata, analisi klinikoetakoa; bestea, analisi forentsekoa. Murtziarrak DNA ikertu du, batez ere genetika forentse arloan. “Ikerketak egin ditut Y kromosomari buruz, gizonezkoek dutena. Behin, nire DNA ere aztertu nuen. Eta, antza denez, nire arbasoak, prehistorian, Babesgune Franko-Kantauriarrean, hau da Euskal Herri aldean, bizi izan ziren. Bitxia da! (kar, kar)”.
Dibulgatu eta ikertu
Melaniari izugarri gustatzen zaio biologia, baina batez ere alderdi dibulgatzailea interesatzen zaio, hots, zientzia publiko orokorrarengana hedatzea. Ildo horri jarraituz, Vita Aidelos enpresa sortu zuen Gaizkarekin batera. “Bioteknologia-kit batzuk sortu genituen, zientzia irakasten den lekuetan erakusteko: zientzia-azoketan, ikastetxeetan, museoetan... Horien bidez, hain zailak diren prozesu batzuk praktikan azaldu ahal dira, jendeak zuzenean ikus ditzan. Esate baterako, DNA ateratzen genuen, ahaidetasun-diagnosiak egiten genituen, jakiak aztertzen genituen transgenikoak ziren ala ez jakiteko...”. Zoritxarrez, krisiak bete-betean harrapatu zituen eta enpresa itxi behar izan zuten 10 urteko ibilbidearen ondoren.
Enpresa ez zen ongi atera, baina Melaniak lanean jarraitzen du. Gaur egun, zelula amei buruzko doktoretza dabil ikasten EHUn, BIOMICs ikerketa-taldean. Era berean, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioak (FECYT) eskatu dio zientzia-gida egiteko. “Bioteknologia etorkizuna da, eta horregatik, Gobernuek, diru-laguntzak murriztu beharrean, bultzatu beharko lukete ikerkuntza. Etorkizunean, bihotza edo gibela txarto badugu, gure zelulak erabiliko dira organo horiek osatzeko. Gaixotasun guztiak ez dira desagertuko eta beste batzuk sortuko dira, baina eritasun batzuk desagerraraziko ditugu. Dena dela, betiko ez dugu bizi nahi, ezta?”.
Artista
Zientzia ez da Melaniaren pasio bakarra, artista ukitu bat ere baduelako. Ipuin bat hasi da idazten eta margolanak ere egiten ditu. Ez da harritzekoa, aitite, Blas Rosique, margolari famatua izan baitzen. “Berak pintura batzuk ditu erakusgai Murtziako Arte Ederren Museoan, eta hiru kaleri bere izena jarri diete Murtzian. Duela gutxi nire amama Carmen hil zenean, margotzeko grina sortu zitzaidan”. Ildo horretatik, bikoteak –sukaldaria da– eskatu zion logotipo bat diseinatzeko, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Horrek bultzatu zuen Ekidazu abesbatzaren logotipoa egiteko lehiaketan parte-hartzera. Eta azkenean irabazi egin zuen lehiaketa.