Fernando Zamora, poeta: “Poeta-etorria baduzu, bet

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 21a, 15:14

Derioztarrak Sonetos de mi vida antologia eman zuen argitara irailean, eta dagoeneko lanaren bigarren edizioa atera du Ediciones Beta argitaletxeak. Zer topatzen dugu Sonetos de mi vida liburuan? Nik 3.000 poema inguru ditut idatzita eta horietako 300 sonetoak dira. Berrogeita hamabost aukeratu, eta lan honetan bildu ditut. Guztiak argitaragabekoak dira, bost izan ezik, aurretik argitaratuta banituenak. Sonetoak hiru zatitan daude banatuta: lehenengo zatian erromantizismoa landu dut; bigarrenean, egunerokotasuna; eta hirugarrenean, pertsonei edo erakundeei buruz idatzi dut. Sonetoa poesia-konposiziorik zailena omen da… Zorrotz bete behar diren arauak ditu eta oso ondo idatzi behar da; osterantzean, akatsak oso nabariak direlako. Baina ondo konposatzen bada, oso pieza ederra da Literaturarena. Ez dakit musikarekin dudan harremanagatik den, edo delineazioa eduki dudalako ogibide eta horrek eragina izan duelako, baina garrantzia estetikari eman diot beti, eta ez edukiari. Gainera, oso perfekzionista naiz: sonetoak arauak bete behar ditu, bai, baina arina ere izan behar da. Liburuan Emiliano zure anaiari eskaini diozun soneto bat irakur dezakegu. Poesiarako grina berarengandik datorkizu, ezta? Bai, bera ere bada poeta, eta artzaina. Umea nintzenean berak idazten zituen poemak errezitatzen nituen, eta horrek animatu ninduen idaztera. Emilianok Bilbon egin zuen soldaduska eta berak eman zidan bidea hona etortzeko delineazioa ikastera. Hamazazpi urte nituela etorri nintzen Bilbora, eta bertako zirkulu poetiko-literarioetan hasi nintzen murgiltzen. Eta hemen gelditu nintzen, gaur egun arte. Hiru poesia mota lantzen duzu. Erromantikoa, soziala eta umorezkoa. Zeintzuk dira zure inspirazio-iturriak? Nire ustez, poeta-etorria baduzu, beti dituzu argudioak. Gai bati buruz hamaika aldiz idatzi duzu, beharbada, baina, ziur asko, beste era batetik helduko diozu hurrengo aldian. Nik inoiz lauzpabost poema ere idatzi ditut egunean… Oso moldakorra naiz eta inspirazioa bakean zein gudan topa dezaket. Baina egia da inguruak eragina duela, zure gogo-aldarteak ere bai… Esate baterako, behin Sukarrietara joan nintzen idazteko esan zidaten poema baterako inspirazio bila, eta hain gustura egon nintzen, hain da polita hango ingurua… ezen bost poema idatzi bainituen. Eta beste batzuetan, noski, Estatuan dugun lapur-koadrila honekin zer gertatzen ari den ikusten duzu, adibidez, eta umorezko poema bat idatzi beharrean, bada, negar egiteko gogoa eta haserrea duzu. 1976. urtean hasi zinen poesia idazten. Zein esango zenuke izan dela urte hauetan eduki duzun bilakaera? Hobetzen saiatu naiz beti. Asko irakurtzen dut eta interes handia dut besteen lanetan, poesia-munduaren bilakaera zein den jakiteko, zeintzuk diren joera berriak… Eta bila nabil beti, ea zerbait topatzen dudan. Uste dut Cárcel de espuma nire libururik onena izan zela, nire idazteko gaitasunari dagokionez muga jo nuela… Baina, noski, alde handia dago gero, zure ustez zentzua duenaren eta besteek baloratzen dutenaren artean. Horren haritik aholkua beti onartu duen gizona naiz ni, kritika gustatzen zait, konstruktiboa bada. Poeta ez ezik rapsoda ere bazara. Bai, 300 poesia-errezitalditan baino gehiagoetan hartu dut parte. Gainera, zorte handia dut, nire emazteak be poesia ozen irakurtzen duelako, eta elkarrekin 70 emanaldi baino gehiago egin ditugulako. Zaila da? Bai, baina oso ederra aldi berean, aktoreek egiten duten moduan, konposizioari egileak buruan eduki duen zentzua eman behar diozulako. Puntuazio-markarik erabiltzen ez duten idazleen lanak irakurri behar direnean, askoz zailagoa da. Eta arriskutsuagoa, egileak nahi zuen zentzua ez ematea gerta daitekeelako. Eta zaila da poesia argitara ematea? Zaila da argitaletxe batek zure lana kaleratzea lortzea, baina dirua izanez gero, edonork argitara dezake, autoedizioari esker. Eta gero liburuak saltzea, ba hori, beste kontu bat da.. Hala ere, aipatu behar da, bakar batzuen kontua den arren, zuzenean egiten den poesiak arrakasta handia duela. Horrela, bada, edozein egunkari zabaldu eta agendan ikusiko dituzue bizpahiru errezitaldi egunero. Publikoa oso fidela da eta jendetza batzen da aurkezpenetan, emanaldietan… Baina saldu, gutxi saltzen da. “Elkarteko gizona” Fernando Lorenzo Gómez La Hiniesta herrian, Zamoran, jaio zen 1940. urtean. Bizkaira 17 urte zituela etorri zen. Bere poemak Fernando Zamora ezizena erabilita sinatzen ditu. “Bilboko egunkari batek eskatu zigun ezizen bat asmatzeko, gure poema batzuk argitaratzeko asmoa zuelako. Jaio nintzen herriaren izena ipintzea erabaki nuen nik”. Bere lehenengo liburua, Sembrando versos, 1978. urtean kaleratu zuen eta handik hona beste zazpi lan idatzi ditu: Luna y mar (1980), A golpe de poema (1982), Cárcel de espuma (1987), La vida en broma (1989), Tiempo de amor (1994), Ese algo más (2004), eta Sonetos de mi vida (2014). Lan horietako batzuk finalistak izan dira poesia-lehiaketetan; Cárcel de espuma, esate baterako, finalista izan zen Eusko Jaurlaritzako Alonso de Ercilla lehiaketan. Beste poeta batzuekin batera ere hartu du parte hainbat antologiatan, hala nola Veintitrés voces para un poema (1976), Páginas de interior (1988) eta Intersección poética (2007). Zamora Aralar Poesia-Literatura Elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1973. urtean, eta 1975. urtetik Asociación Artística Vizcaína elkartearen kidea da. “Elkarteko gizona” dela dio, idazteko orduan bakardadea nahiago duen arren, besteengandik ikastea gustatzen zaiolako. Derion 51 urte daramatza, ia bizitza osoa. “Zorte handia izan dut oso ondo hartu nautelako, jaietako pregoia bi aldiz eman dut, errezitaldiak eman ditut herrian, nire liburuak aurkeztu… Oso pozik nago Euskal Herrira etorri izanarekin”.