Aurten, Loiun egingo dira Euskerearen Egunari lotutako ekitaldiak. Egitarau zabala antolatuko dabe hango eragileek eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskera Zerbitzuak, eta azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean aukerea eukiko dogu bertan euskerea ardaztzat daukien hainbat ekintzaz disfrutetako. Esate baterako, musikea, bertsolaritzea eta antzerkia.
Aurreko mendeko argazkiak barikutik domekara arte egongo dira ikusgai liburutegian. Erakusketea 40 argazkik osatzen dabe, eta herriko pertsonaiak eta irudiak batu ditu Loiu Laztana kultur alkarteak. Egun nagusia zapatua izango da. Goizean “Ermitaz ermita” mendi irteerea egingo da berbalagunen eskutik. Loiuko plazatik San Kristobal ermitara abiauko dira eta bidetik, besteak beste, Martiartu torrearen eta ermitearen eta Magdalena ermitearen historia ezagutuko dabe. Hitzordua 12:30etarako ipini dabe. Trikipoteoa be izango da zapatuan, 12:30ean; eta txitxi-burruntzia, gazteen bazkaria eta euskal jolasak. Iluntzeko 19:00etan, bertso-saioa, eta frontoian honeek arituko dira norgehiagoka: Jone Uria, Sustrai Kolina, Igor Elortza eta Alaia Martin. Saioa amaitzen danean Taberna Ibiltariak hartuko dau lekukoa. Handik hasi eta kalez kale ibiliko dira Loiuko bazterrak girotzen.
Domekan, talo tailerra egingo da, eta twister erraldoia. Tailerren ostean, Txarlestrup ikuskizuna eskiniko dau Zirika Zirkus taldeak. Txarlestrup oso banda berezia da: klake dantzatzen badakie, baita charleston be, eta akrobaziak egiten... Baina, publikoren laguntzarik beharko dabe? Hori Loiuko frontoira hurbiltzen bagara ikusiko dogu. Ikuskizuna 12:30ean hasiko da. Astelehenean, “Euskal Herriko altxorretan barrena” hitzaldi-dokumentala emongo da, 19:00etan, liburutegian. Dokumental hori Arkaitz Astiazarenk grabau dau. Astiazaran kirolaria eta abenturazalea da eta ezaugarri horreekaza, bizikletea hartu eta Euskal Herriko errepideetara atera zan, gure herriak daukazan altxorrak ezagutu eta grabetako asmoz. Bere esperientzia aitatutako dokumentalean batu dau.
Ohikoa danez, Txorierriko herri ikastetxeetako ikasleei zuzendutako ekintzak be antolatu dira. Patxin eta Potxin pailazoak, Eriz Magoa, Bat-batean emonaldia eta Erdaldun berrien kluba ikuskizuna. Uxue Alberdik eta Oskar Estangak zuzenduko dabe Bat-batean saioa eta musikea eta bertsoa buztartuko dabez bertan. Erdaldun berrien kluba ikuskizunak Irantzuren gora-beherak emongo deuskuz ezagutzera. Irantzu euskeraz pentsaten, sentiduten eta bizitzen dauan neskea da. Horrek hamaika azaro sortzen deutsotsaz bere egunerokotasunean.
Herrika
Euskerearen Eguna Loiun egingo dan arren, eskualdeko gainontzeko herrietan be antolatu dira ekitaldiak. Tximintx Derioko euskara alkarteak, esate baterako, ekitaldi berezia prestau dau abenduaren 3rako. Azaldu deuskuen moduan, arratsaldeko 19:00etan “euskarearen argia” biztuko dabe herriko plazan. Hara joan beharko da ekitaldia zertan datzan jakiteko. Zamudion, Irrien lagunak ikuskizuna egongo da Lagatzu euskara alkarteak antolatuta. Saioa azaroaren 29an, 12:00etan, izango da Zamudiotorren.
Bestalde, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak Desentxufatuak antzezlana eroango dabe abenduaren 2an Lezamara. Ekitaldia Zorrizketan euskara alkarteak antolatu dau eta 19:00etan izango da Kultur Aretoan. Baina hori ez da euskera alkarteak aurten prestau dauan ekintza bakarra. Halan, hurrengo egunean, abenduaren 3an, Elefante bitxia txotxongilo-ikuskizuna izango da 18:00etan Ludotekan. Ikuskizuna Rosa Martinezena da.
Zorrizketan alkarteak galdeketa bat egin dau herrian, euskerearen erabilerea eta eskaintzea Lezaman zelangoa dan ezagutzeko. Era berean, herritarren eretxiak jasotzea eduki dabe helburu, alkartearen eginbeharrak hobeto ezagutzeko eta bere jarduerak egokitzeko. Galdeketearen emaitzak abenduaren 5ean, 19:30ean, emongo dira ezagutzera Uribarri Topalekuan. Ondoren, musika-saioa egongo da Daltondarrak taldearen eskutik, eta kopaua eskiniko da. Arte Ederretako ikasle lezamarrek “Euskeraz bizi gura dot” margolana egingo dabe abenduaren 1ean, 2an eta 3an, plazan. Eta “azoketako salerosle nomadak” kalejiran aterako dira abenduaren 5ean, 18:00etatik aurrera. Azken ekitaldi horiek biak Lezamako Gazte Asanblada antolatu dauz.
Larrabetzun, Sustraiak loratzen txotxongiloen emanaldia eskainiko da azaroaren 29an, 18.00etan, Anguleri Etxean. Eta Kultura Bilgunea abenduaren 2an aurkeztuko da jente-aurrean. Kultura Bilgunea herriko hainbat kultura taldek osatzen dabe eta hareen artean Arrekikili euskera alkartea dago. Kultura taldeek euskerearen aldeko adierazpena egingo dabe ekitaldian eta horren ostean, kopaua eskiniko da. Ekitaldia Anguleri kultur etxean izango da 19:00etan. Hurrengo egunean, abenduaren 3an, Euskara jendea dokumentalaren bigarren zatia emongo da 19:00etan Angulerin be bai.
Euskerearen Nazinoarteko Eguna abenduaren 3an da. Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean ezarri eban egun hori, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak 1995. urtean instituzionalizau eben.