Leinuen lurraldean

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 21a, 15:39

Gizon-emakumeek erraldoi eta herensugeengan sinesten zuten garai ilun batera garamatza Toti Martinez de Lezeak bere azken eleberrian: Enda Lur (Erein). Garai gogorra zen, eta beste lurralde batzuetatik etorritako inbaditzaileei egin behar izan zieten aurre orduko leinuek. Enda Lur eleberri epiko-historiko-mitologikoa da. “Eleberri eta pelikula fantastikoak gustatzen zaizkit. Horri lotuta dugun imajinarioa anglosaxoia da, eta pentsatu nuen: «Hainbeste legenda, pertsonaia mitologiko, paisaia zoragarri… ditugula kontuan izanik, zergatik ez kokatu Euskal Herrian bertan halako istorio bat?”. Larrabetzuko idazleak adierazi digunez, eleberri fantastiko bat idazteko asmoa izan zuen hasieran, euskal mitologian oinarriturik, baina azkenean seigarren mendean kokatu zuen istorioa, historiarako duen joerak bultzaturik. “Garai hartan, frankoek eraso zioten Euskal Herriari iparraldetik, lurraldea konkistatzeko, eta godoek, berriz, hegoaldetik. Nik frankoekin izandako gatazkan ipini dut arreta, eta Ipar Euskal Herrian kokatu dut ia istorio osoa, euskal tribuak bizi ziren antzinako lurraldeetan, haiek Andorraraino iristen baitziren orduan”. Lehengo euskaldunen sinesteak ere batu ditu eleberrian. “Jendeak antzina sinesten zuena ere historikoa da, guda bat historikoa den bezala. Lehengo kontu zaharrak balira bezala hitz egiten dugu mitologiari buruz gaur egun, baina grekoek beren mitologian sinesten zuten, nordikoek beren mitologian, eta gure arbasoek ere bazituzten beren sinesteak”. Enda euskarazko hitza da, eta leinua esan nahi du. Liburu honetan, pertsonaia sorta zabala aurkezten digu Totik: Endara, Ihabar, Garr, Ozen, Baladaste… Haiek eta beste batzuek leialtasunaren eta traizioaren artean aukeratu beharko dute; askatasunaren, justiziaren eta morrontzaren artean. Batez ere nobela historikoa lantzen duen idazlea da Toti, baina oraingo honetan genero berri batekin ausartu da. “Izan ere, oso aspergarria da beti gauza bera idaztea. Aldaketa behar dut, hala eskatzen didate gorputzak eta buruak. Neure buruari erakutsi behar diot gauza naizela eleberri fantastiko bat, edo umorezko eleberri bat, edo gaztetxoentzako liburu bat… idazteko”. Haren hitzetan, oso pozgarria izan da Enda Lur idazteko prozesua, oso baliagarria gure historiari eta ohiturei buruz gehiago ezagutzeko. Besteak beste, historia liburuak eta entziklopediak arakatu ditu, eta eleberrian aipatzen diren lekuak bisitatu ditu. Aurrerakin bat ere egin da liburua sustatzeko, eta YouTuben jarri da ikusgai: bilatzailearen leihatilan, Enda Lur idatzi behar da hura ikusi ahal izateko. Adiune proiektuen fabrika enpresak egin du aurrerakin hori, eta larrabetzuarrak ibili dira aktore bertan. Musika Maite Itoizek (Elfenthal taldea) ipini du. Beharrizana Enda Lur eleberria euskaraz zein gazteleraz eman da argitara. “Gazteleraz idatzi eta bere liburuak euskaratuta dituen idazle bakarra naiz. Nire beharrizan bat da, argitaletxeari beti ipintzen diodan baldintza”. Ate joka dugu Durangoko Azoka, eta hara joateko irrikan dago Toti. “Esperientzia bakarra eta ederra da: hainbeste euskaltzale, euskal kulturari dioten maitasunak leku berean bildurik; adiskideekin eta ezezagunekin topo egitea… Eta gainera, barnetegi sakona da niretzat! Zoragarria da”. Eleberriaren promozioan buru-belarri dabil Toti; elkarrizketak han eta hemen ematen, aurkezpenak egiten… Lan neketsua da, baina asko gustatzen zaiona. “Oso berritsua naizelako eta liburua idazteko prozesua zelan izan den besteei kontatzeko aukera ematen didalako”. Hurrengo proiektuei dagokienez, aurreratu digu badabilzkiola ideia batzuk buruan. “Lur bilduma amaitutzat eman dut eta beste proiektu bat egin nahi dut zazpi urtetik hamaika urte bitarteko gaztetxoentzat. Hurrengo eleberrirako ere badaukat zerbait pentsatuta… Baina horri guztiari urtarriletik aurrera emango diot forma”.