Gelditu ezinik gabiltza berbalagunok

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 24a, 11:29

Ikasturteak hasi baino ez du egin eta berbalagunok handik hona ibili gara, euskaraz ikasten, ezagutzen eta disfrutatzen. Momentuak argazkietan harrapatu ditugu, Berbalagun egitasmoak hamaika aukera eskaintzen dizkigula zuek ikusteko. Eta bide batez, gurekin batera euskaraz aritzera anima zaitezten. Hala izanez gero, badakizue zer egin. Bilboko Arte Ederretako Museoa (urriak 23) Artea ikaragarri gustatzen zaigu eta horregatik ahal dugun guztietan joaten gara museora. Oraingo honetan bisita gidatua egin dugu hiperrealismoari buruzko erakusketa batera eta, besteak beste, John Baeder, Audrey Flack, Roberto Bernardi eta Raphaella Spence artisten lanak ikusi ditugu bertan. Erakusketa ederra, benetan, koloretsua eta edonork ulertzeko modukoa. Hummm, ze gozo! (urriak 25) Gozozale galantak gara, bai, ez dugu ezetz esango. Eta horregatik Mendaroko txokolate fabrika bisitatu dugu, han txokolatea egiteko erabiltzen duten prozesua ezagutzeko eta, zelan ez, beren kakaozko ahogozagarriak dastatzeko. Izan ere, hamaika motako txokolatea ez ezik bonboiak, trufak… ere egiten dituzte bertan. Guztiak gozo-gozoak, baina egia esan behar badugu, garestiak ere bai. Prezioak alde batera utzita, hango errota ikusi genuen martxan. Azaldu digutenaren arabera, hura da txokolatea egiteko gaur egun dabilen errota bakarra. Errota guztiz modernizatuta dago, baina kontatu ziguten antzina asto batek jarten zuela martxan eta gaiak errekatik jasotzen zituztela. Txokolatea artisau-eran egiten jarraitzen dute eta egunean 100 tableta ekoizten dituzte. Bitxikeria bat ere kontatu ziguten: lehen txokolate mota bi egiten zituzten, batak % 100eko kakaoa zuen eta dirudunentzat zen; besteak, nahikoa irin eta azukre zuen, eta txiroek erosten zuten. Fabrikatik atera eta ibilbide bat egin genuen ingurutik. Hala ere, kobazuloraino ez ginen ailegatu; hurrengorako utzi beharko! Maskara jantzi dugu (astelehenetan, 16:30etik 17:30era, Sondikako Psikogelan) Seme-alabak ditugun sondikoztarrak astean behin batzen gara gurasolagun egitasmoan parte hartzeko. Aukera ezin hobea da beste guraso batzuekin euskaraz egiteko eta gure arteko harremana sendotzeko. Gainera, ekintza sorta zabala egiten dugu umeekin. Azkena maskara tailerra izan da. Primeran pasatu genuen maskarak marrazten eta kartoi meheak ebakitzen. Baina inportanteena: eredu izan ginen seme-alabentzat, momentu oro euskaraz egiten entzun ziguten-eta. Laster, plastilinazko perretxikoak! Zamudion ere bagabiltza gurasolagunak (martitzenetan, 16:00etatik 17:00etara, eskolan) Adi egon, eguna aldatuko dugulako. Baina jarraituko dugu orain arte egindakoa egiten: gure artean euskara lantzen, euskara maila hobetzen, beste guraso eta ume euskaldunekin harremanak sendotzen… Hurrengo tailerra: plastilinazko perretxiko euskaldunak! Animatu eta parte hartu gurekin! Eguraldi ona badago, eskolako patioan topatuko gaituzue; eta eguraldi txarra eginez gero, liburutegian. Soloan (azaroak 9) Jose Antonio Lekuek oso ikastaro interesgarria eman zigun neguko solo ekologikoari buruz. Berarekin ibili ginen soloan eta negutegietan, bere azalpenak arreta handiz entzuten eta ahal genuen neurrian laguntzen. Asko dira ortu ekologikoek ekartzen dizkiguten onurak; hona hemen batzuk: leku garbiak dira, era osasuntsu batean landu diren produktuak hartzeko aukera ematen digute, karbono-aztarna gutxitzen lagungarriak dira eta ingurumena zaintzen dute. Eta zer landatu ahal dugu neguan? Ba, azaloreak, zerbak, alkatxofak, porruak, brokolia… Onddo festa (azaroak 15 eta 16) Zapatuan goiz-goiz altxatu eta Sarriara abiatu ginen. Lurrera begira eta saskiari ondo helduta, perretxikotan ibili ginen han eta hemen. Eta hurrengo egunean Geldoko txokoan batu ginen berriro, aurreko egunean batutakoa jateko prest. Imajinatuko duzuenez, mendiko altxorrak protagonistak izan ziren gure mahaian. Menu hau dastatu genuen: onddo kroketak, onddo budina, onddo entsalada Idiazabal erara, espagetiak mendiko angulekin eta onddo saltsarekin, haragia onddoekin eta esne frijitua onddoekin. Ahogozoa egin zaizue, ezta? Eta abenduan… eskalada egitera! Bai, emozio-ukitu bat emango diogu Berbalagun egitasmoari eta abenduaren 13an Eginora joango gara eskalada egiten ikastera. Leku hori aukeratu dugu, hango mendietako hormak egokienak direlako eskalada egiteko. Hala ere, eguraldi txarra balego beste leku batera joango ginateke. Ikastaroa Iñaki Sagrariok eta Joseba Ruiz “Dylan”-ek emango digute. Oso eskalatzaile trebeak dira, mendietako hormetan gora eta behera urteak daramatzatenak, eta urratsez urrats esango digute oinak eta eskuak non ipini beharko ditugun. Oso saio erraza izango da, edonork egiteko modukoa. Baldintza bakarra da bakoitzak bere ekipamendua eraman behar duela: arnesa, katu-oinak, soka eta kaskoa. Ekipamendurik ez baduzue, aukera bat Txorierriko mendi taldeekin harremanetan jartzea izan daiteke, edo eskalada egiten duen baten batekin, ea haiek non utzi ahal dizueten esaten dizueten, edo non alokatu. Hitzordua goizeko 9etan ipini dugu Lezamako frontoian. Eta ikastaroa egin eta gero, baten bat animatzen bada, ez legoke txarto eskalada talde bat sortzeko aukera aztertzea.