Zamudioztarrak zuzenean bizi izan dau Azaroak 9 Katalunian, eta horren inguruan egon dan ilusinoa, eztabaidea eta beharra. Hilabete bakan batzuk daroazan arren bertan , arazo barik egin da inguru barrira.
2,25 milioi boto-emaile, eta % 80 independentziaren alde. Sorpresarik?
Bada, azken Diadak zenbat jente mobidu eban ikusita, eta ezezkoaren aldekoak bozkatzera joango ez ziranez, espero genduan emaitzea da. Dana dala, nire ustez, emaitzea ez da inportanteena, botoa emotea baino, herriak bere etorkizuna erabagiteko eskubidea izan dagiala. Nire inguruko gehienak independentistak dira eta, beraz, oso pozik dagoz. Baina pozik, bizi izan daben esperientziagaitik. Lagun bat, esate baterako, boluntario ibili zan hauteskunde-mahai baten, Bartzelonan. Kontau deust aitita-amama asko joan zirala bozkatzera, erdi negarrez eta hunkituta. Horixe da balio dauena, jentearen sentimentuak.
Botorik emon zenduan zuk?
Bai, baina ez Azaroaren 9an bertan, nortasun-agirian oraindino Zamudioko helbidea daukadalako. Erroldan gagozanok aukerea euki genduan galdeketea egin eta handik 15 egunetara botoa Govern-eko delegazioetan emoteko.
Zelan izan da galdeketearen inguruko giroa?
Beno, Katalunian bost hilabete baino ez daroadaz, baina ikusi dot Azaroak 9a (guztien ahotan egon dala egunero, komunikabideetan, kalean... Ez da beste gauza gehiagoren ganean berba egin. Jente asko joan da manifestazinoetara, baina nasaitasunez, eta ez da istilurik egon. Boluntario asko ibili dira beharrean kontua aurrera atera ahal izateko, mutil-laguna eta biok be bai. Galdeketak egiten ibili gara eta jenteak beti erantzun dau errespetu handiz, bai alde batekoek, bai beste aldekoek. Lehen esan bezala, lagun gehienak independentistak dira eta pozik dagoz, ikusten dabelako euren beharra frutua emoten ari dala. Izan be, hau guztia herritarrek eurek eraiki dabe.
Fiskaltzak ipinitako kereilea alde betara itxita, zer espero dozue?
Politikarien txandea da. Hauteskunde plebiszitarioak egongo diran ustea dago; hau da, alderdiek independentziaren aldekoak edo kontrakoak diran adierazoko dabe euren programetan, eta hauteskundeak nork irabazi, ba orduan baietzak edo ezetzak irabaziko dau. PP-k hurrengo hauteskundeetan gehiengo osorik ez izatea be espero da, ea halan benetako erreferenduma egin ahal dan, Eskozian moduan. Urteten dana errespetauko da, baietza zein ezetza, jenteak gura dauena bere etorkizunaren gainean erabagi ahal izatea dalako; eta ez kanpotik inposatu deieela. Luzera joko dauen kontua da, baina behar eginez lortuko dogu.
Gaiaz aldatu eta arretea zugan ipiniko dogu. Zergaitik familia, lagunak... itxi, eta Castellfollit del Boix herrira (Bartzelona) joan?
Mutil-laguna eta biok Zamudion ezagutu genduan alkar. Castellonekoa dan arren, Katalunian bizi zan eta, urteak aurrera joiazala, pentsau genduan erabagi bat hartu behar genduala. Baso-funtzionarioa da eta behar finkoa daukanez, zalantzarik ez: Pris, nire txakurra, koiu eta Kataluniara.
Gatxa izan da?
Ez dot esango erraza izan danik, baina ez jat asko kostau, neska ausarta nazalako eta aldaketei bildurrik ez deutsedalako. Ganera, beharra be banebala etorri nintzan hona. Gatxena jentea itxi behar izatea izan da. Lagunek agur-afari bat egin eusten eta argazkiz osatutako koadru bat emon eusten oparitzat. Ezin neutsen malkoei eutsi... Familia eta lagunen faltea sentiduten da, baina ama inoz etorri jata bisitan, baita lagun batzuk be. Gainera, WhatsAppagaz-eta gertu gagoz gaur egun. Nahiko zabala naz eta koadrilatxua egin dot. Katalana ia-ia menperatuta daukat eta ohitura barriei jagokonez, “zer ikusi, ha ikasi” dino esaera zaharrak. Beraz, tabernara joaten garanean bakotxak berea ordaintzen dau, eta kitu (kar, kar).
Zelangoa da bizi zaran herria?
Oso herri txikia da, 400 biztanle dauz eta errepidea bertan amaitzen da. Mendian gagoz, Montserrat menditik gertu, Katalunia zentrala deritxon lekuan. Ez dago ezer, arrautzak saltzen dituan emakume bat baino ez, eta taberna bat, asteburuetan bazkariak-eta emoten dituana. Jaiak izan ziran irailean eta herritarrak ezagutu genduazan, alkate jauna be bai. Jente jatorra da, herrikoia. Bizitzea nasaia da hemen, asteburuak kirola egiten emoten doguz, korrika egiten, bizikletaz ibilten... Perretxikotara be joaten gara, asko dagoz aurten!
Zertan egiten dozu behar?
Mediku-bisitaria naz eta kriogenia arloan zilbor-hesteko ama zelulakaz dabilen enpresa baterako egiten dot behar. Egunen baten gaixotasunen bat izan ezkero, ama zelula horreek erabili ahal dira eta nik aukera horren barri emoten deutset emaginei, ginekologoei eta familiei.
Zer da gehien gustetan jatzuna zure bizitza barritik?
Batez be bizi garen herria, nasaitasuna, mendiak ikustea... naturea beti izan dodalako gustuko. Hemen egoteak ez dauka parekorik. Eta katalanen identidade-sentimentua be bai, hizkuntzagaz daben loturea. Gaztelania ia ez da entzuten. Gehienek, % 98k esango neuke, katalanez egiten dabe. Euren hizkuntza maite dabe eta nabaritzen da. Dana dala, gaztelaniaz egiten badeutsezu, gaztelaniaz be erantzuten deutsue. Begirune handia deutsee besteei, baina eurena defendiduz.
Eta gitxien?
Bartzelona. Bertan egiten dot behar. Oso handia da eta auto asko dagoz, jente asko, zarata handia... Gogaitu egiten nau. Bestela, katalanak oso serioak dira hasiera baten, eta hori deigarri egiten jat. Jarrera zabalagoa daukie gero.
Ezbardintasun askorik gure artean?
Uste baino gehiago. Hizkuntza propioa, identidade-sentimentua... daukaguz batzuk eta besteak, baina katalanak serioagoak dira; tabernetan alkartu be egiten dira, baina ez hainbeste, eta ez dabe koadrila-figurarik.
Noiz etorri zara etxera azkenekoz?
Zamudioko azokarako. Saiatuko naz hilabete birik behin etorten, egun garrantzitsuetarako. Gabonetan joango gara barriro... Familia eta senideak botaten dodaz faltan, Zamudioko Kamara Koralean abestea, eta euria. Bai, euria, hemen ia ez dauelako euririk egiten.
Katalunian betiko?
Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko deuskun, baina bai, asmoa berton bizitza-proiektua egitea da. Oso pozik bizi naz Katalunian.