Bailarako futbola apur bat sakabanatuta egon da azken urteotan. Hori ekiditeko, klubak batu egin dira eta Txorierriko Selekzinoa sortu dabe. Horrek kluben arteko hartu-emonak indartuko dauz eta nortasuna emongo deutso gure futbolari. Geure kolorea, arrosea; geure taldea, Txorierriko Selekzinoa.
“ Txorierriko Selekzinoak orain dala lau urte jokatu eban lehenengo partidea, baina ganora barik: esate baterako, ez eben ezta kamiseta ofizialik be. Horixe izan zan lehenengo ahalegina. Garai hatan, Zamudioko koordinatzaileak selekzinoa sortzeko proposamena egin eban, eta batez be entrenatzaileen arteko kontua izan zan. Oraingo honetan, ostera, kluben presidenteok eta zuzendaritza-batzarkideok hartu dogu ardurea, batu egin gara eta formea emon deutsagu Txorierriko Selekzinoari”, azaldu deusku Juan Alaiogoikoa, Alaio, Uritarra Larrabetzuko taldeko presidenteak.
Ekainean izan zan selekzino barriaren lehenengo partidea, Uritarra taldeak urtero ikasturte amaieran egiten dauen txapelketan. Bertan jokalariek janzkera propioa erabili eben: kamiseta arrosea eta prakak eta galtzak, baltzak. Selekzinoa indarbarritzeko eta martxan jarteko ekimena Larrabetzutik, Uritarra taldetik, sortu zan, baina Txorierriko gainontzeko taldeek poz-pozik hartu eben gonbitea. “Nik zortzi urte daroadaz Uritarra taldeko zuzendaritza-batzordean, eta denpora-tarte horretan ez naz Txorierriko gainontzeko taldeakaz inoiz be batu. Proiektu honek guztiok alkarregaz egoteko aukerea emon deusku: Zamudio, Loiu, Derio, Sondika eta Uritarra, danok batera. Hori oso handia da eta indartu egiten dauz harremanak. Oso onuragarria da guztiontzat. Lezama taldeak ez dau beheko mailarik eta, beraz, ezin izan dau proiektuan parte hartu. Dana dala, ateak zabalik daukaz etorkizunari begira”.
Txorierriko Selekzinoaren sustatzaileek ez dabe babeslerik topau, baina bardin deutse. Eurek klubek daben garrantzia azpimarratu gura dabe, eta horregaitik ikastolen eta eskolen taldeak proiektutik kanpo itxi dabez. “Txorierriko taldeak umilak dira eta askotan Bizkaiko klub handiak gure jokalarien bila datoz, eta gu ez gara ezta enteretan be: hori errespetu falta itzela da. Selekzinoaren asmoa ez da lehian sartzea edo partidak irabaztea, klubak batu eta gure harremanak lantzea baino, eta nortasun apur bat emon Txorierriko futbolari, beste barik”.
Txorierriko taldeetako jokalariak
Selekzinoan, bakarrik Txorierriko taldeetan aritzen diran jokalariek jokatu ahal izango dabe, nahiz eta Txorierrin jaioak ez izan. Hau da, bailarako taldeetatik kanpo jokatzen daben Txorierriko gazteek ezin izango dabe Selekzinoan jokatu. “Selekzinoa saria da jokalarientzat. Gugaz aritzen diran futbolariek izugarrizko konpromisoa adierazoten deuskue, eta hareei esker, neurri baten, taldeak osatzeko aukerea dago Txorierrin, batzuetan jokalariak topetako arazoak doguzalako. Maila altuagoa daben txorierritar batzuk kanpoko klub handietan jolasten dabe (Danok bat, Arenas...), eta hareentzat horixe da saria, maila altuago baten jardutea, hain zuzen be”.
Selekzinoa kadete mailan sortu da, baina gazte, haur eta kimu mailetan be sortu ahal dabe, aurkarien arabera. “Selekzinoa osatzeko, guk ez dogu jokalariak topetako arazorik. Halanda be, oso gatxa da aurkariak aurkitzea. Esate baterako, Gabonetarako, abenduaren 27rako, txapelketea antolatu guran ibili gara, baina ez dogu areriorik topau eta azkenean bertan behera itxi behar izan dogu. Zallakoakaz, Arratiakoakaz, Lea-Artibaikoakaz... hainbat lagunagaz egin dogu berba, baina alperrik. Basauriko eta Bizkaiko Selekzinoakaz be harremanetan egon gara, baina eurek badabez partidak egun horretarako eta ezin dabe gure kontra jolastu”.
Halanda be, txorierritarrek ez dabe itxaropena galdu gura. “Guk hazia jarri dogu eta espero dogu beste eskualdeek be gure adibideari jarraitzea. Baikorra naz. Guztiei gustau jake ideia, baina ez dabe astirik euki, eta oraindik ez deutsie proiektuari behar bezala ekin. Beste eskualdeetan taldeak sortuko balira, arerioak topetea errazagoa izango litxake, eta ondorioz, partiden egutegi finkoa jarri geinke”. Bandera eta bufanda arrosak prest eukiko doguz, badaezpadan.