Eguerdiko ogi ekologikoa

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 21a, 09:17

Jokin Zarate zamudioztarrak igeltseruaren paletea okinaren labeagaitik aldatu dau. Gaur egun, eskuak ez dauz porlanez zikinduten, urinez eta legamiaz baino. Egia esan, ez dakigu zelan moldatzen zan adreiluak ipinten, baina fede emon daikegu oso ogi gozoa egiten dauala. Ogi ekologikoa, hain zuzen be. Okintzan orain dala urte eta erdi inguru hasi zan. Langabezian egoan eta ogibide honek lan-aukera barri bat ekarri eutsan. “Lagun batek negutegiak dauz eta produktu ekologikoz betetako saskiak prestetan dauz. Animau ninduan ogi ekologikoa egitera, Gatika eta Uribe Kosta aldean banatzeko. Anaiak baeban laba bat baserrian, ibilten ez zana. Lagunen laguntzeagaz hori konpondu, eta probetan hasi nintzan”. Ogia zelan egiten zan idearik be ez eban, eta Interneten begiratuz ikasi eban, liburuak erosiz eta irakurriz, bati eta besteari galdetuz... “Lagunak esaten eusten, esate baterako, gatz gehiago edo gitxiago ipini behar neban... Lehenengo ogia lardaska atera jatan, baina hobetzen joan naz eta uste dot gero eta ogi goxoagoa egiten dodala”. Lantegia Olabarriko baserrian dauka, Errigoitin. Bost motatako ogia egiten dau: ogi arrunta, bihi osokoa, zekale-ogia, txokolatezkoa eta intxaurrezkoa mahaspasakaz. Urina eta gainontzeko osagaiak ekoizle ekologikoei erosten deutsez eta Nafarroaraino be joaten da osagai batzuen bila. Ama oragaz harreman esturik ez dauala esan deusku, eta haren ordez legamia freskoa erabilten dauala. Hogeta hamar ogi inguru egiten dauz egunean, guztiak enkarguz. “Lagunentzat egiten dodaz, taberna batzuetarako eta Butroi Bizirik alkarteko kideentzat, batzuk aitatzearren. Banaketea be neuk egiten dot, Zamudion, Lezaman, Mungian, Gatikan...”. Gitxi gorabehera bost ordu behar dira ogi bat egiteko, “osagaiak nahastu, orea altzau, jalkitzen itxi, labara sartu...”, eta Jokinek aitortu deusku pazientzia handirik ez daukala. “Beti nago ikusmiran, ea dana behar moduan dabilan”. Koordinazino handia be euki behar da, eta dana prest euki, prozesua ez eteteko. Okin bihurtzea oso erabagi positiboa izan da Jokinentzat. “Izan be, ogia aitita-amamek lehen egiten eben moduan egiten dot, eta poztasun handia emoten dau ikusteak zuk egindako produktua dala”. Bizitzea atarateko modu ona dan galdetu deutsagu eta, orain diru apur bat ikusten dabilala esan deusku. “Inbertsinoa egin behar izan dot labea konpontzeko eta behar neban tresneria erosteko. Osagaiak be garestiak dira... Baina, tira, ogibide honek aurrera jarraitzeko aukerea emoten deust”. Soldata duina Gainera, ez dauka okinen ohiko ordutegia, eta hori beste eragingarri bat da. “Hasieratik argi euki dodan gauzea izan da. Igeltseru nenbilenean goizeko 7etan urtetan neban etxetik, eta arratsaldeko 7etan bueltetan nintzan. Ez neban ezertarako denporarik. Orain umea eskolan itxi eta beharrean hasten naz. Ogia egin, banatu eta umearen bila noa. Astean lau egunetan egiten dot behar, eta asteburuak libre daukadaz”. Jokinena goizeko 8etan jaten dan ogia ez da, beraz; eguerdiko ordu bietatik aurrera jan daitekena baino. “Zortzirehun gramoko ogiak egiten dodaz. Egun batzuk irauten dauzan produktua da eta alde horretatik ez dago inongo arazorik”. Iraupena ez da bere ogiak daukan abantaila bakarra. “Osagai ekologikoak erabilita dago eginda, eta horrek esan gura dau osagaiok ez dirala produktu kimikoakaz tratatu. Gainera, osagaiak momentu egokian hartu dira”. Lagatzu Zamudioko euskera alkarteak azoka txiki bat antolatzen dau urtero alkartearen egunean, ekainean. Aukerea euki dogu han Jokin ogia saltzen ikusteko. “Lagatzuko azokaz gainera, Gatikan egiten diran beste azoka bitara joaten naz: bata Baratzea kontsumo alkarteak antolatzen dau, eta bestea San Marcos jaietan egiten da. Gaur egun, nik ez daukat beharrezko baliabiderik edo azpiegiturarik azoka handiagoetara joateko”. Ezta gura be. “Astean 160 ogi egiten badodaz, perfektu, soldata duin bat izateko, eta kitu”.