Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar
Carpe diem esapide latinoa da, Horazio olerkariak sortua. «Atrapa ezan eguna»; «profita ezak une hau» adierazten du, eta guk goza ezan/ezak 2015 esateko darabilgu.
Kontsumo-gizarte honetan carpe diem badiogu -freskagarri ezagun baten iragarkiak bezala-, ulertzen dugu helburua dela: ondo bizitzea; konpromisoen aurrean «niri bost» erantzutea. Pentsatzen dugu: gero zahartzaroa dator; bihar-etzi zer ikusiko dugun ez dakigu, halandaze, carpe diem. Baina, ez badigu axola ez atzok, ez etzik, nola jokatuko dugu euskaldun espetxeratuekin edo hereneguneko lurperatuen hezurrekaz? Nola gainean dugun biharko aldaketa klimatikoaz?
Dena den, bat datoz pentsalari guztiak baieztatzean, XX. mendeko ideologiek porrot egin ostean, norbanakoa dela ikono, hau da, egoa, norbere burua -hobeto esan, gorputza-. Hori horrela, begiak Hollywooden dituen gizarteari, irudia eredu duten neska-mutilei zer dakarkie filosofoek nahiz Horazio Flakoren carpe diem horrek? Kontraesana, seguru asko. Ezen bera txikerra baitzen; burusoil potoloa; Zesarrek «upeltxo» deitua. Bestalde, Kant, Montaigne eta Descartes, kasurako, altura berekoak ziren, 1,57koak. Sokrates -estetikaren fundatzailea-, aldiz, motz-motza, benetako itsusia -hiperbolea da diodana gero!-. Azken baten, gaurko gizartearen antipodetako liderrak.
Beraz, gazteriarentzat zer indar dute horien argudioek? Gutxienez -egoista izanda ere- postmoderno bagina osasunerako, elkarren arteko begirunean, xalotasunean, euskara ederrean, gaitz erdi.