Euskahaldun!

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 24a, 09:47

Argazkia: Aner Mentxaka

Korrikaren 19. edizioa Urepelen (Nafarroa Beherea) hasiko da martxoaren 19an, eta Bilbon bukatuko da martxoaren 29an. Hamar egunetan, 2.161 kilometro egingo ditu, lurraldez lurralde, bailaraz bailara, herriz herri, kilometroz kilometro, eskuz esku. Txorierritik martxoaren 29an pasatuko da. Goiz-goiz esnatu beharko dugu Txorierrin, Korrika 19an parte hartzeko. Izan ere, Korrika ordu txikitan igaroko da gure herrietatik: Larrabetzutik, 04:50ean; Lezamatik, 05:25ean; Zamudiotik, 05:41ean; Deriotik, 06:03an; Loiutik, 06:24an; Sondikatik, 06:37an; eta Erandiotik; 07:00etan. “Batzuk kexatu egin dira Korrika goizegi etorriko delako. Egia da, baina askoz okerrago izan liteke: imajina ezazu ordu berbera, baina igandean izan beharrean, astearte batean. Korrika ez da gelditzen, norbaitek egin behar du ordu horietan, eta aurten geuri tokatu zaigu. Ondo dago”, esan dute Txepetxa AEK euskaltegiaren arduradunek. Egun berean, martxoaren 29an, aldatu behar da ordua, eta horrek oztopatu egiten du Korrikaren antolamendua. Era berean, hain goiz izateak eragina izango du korrikalarien kopuruan, eta ziurrenik ume gutxiago egongo dira. “Aurreko aldian, Korrika arratsaldean izan zen Txorierrin, eta haur pilo batek hartu zuen parte, baina aurten gazteek eta helduek hartu beharko dute lekukoa. Ziur gaude Korrika arrakastatsua izango dena bailaran, betiko moduan”. Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Hala ere, garai txarrak dira dirua eskatzeko. “Aurten enpresa batzuek ezin izan digute lagundu; herriko taldeek, aldiz, oso atxikimendu handia adierazi diote. Esate baterako, Larrabetzuko tabernariek eta Lezamako eta Zamudioko kultur elkarteek erosi dituzte kilometroak”. Hori Bai, omendua Korrikak Durangoko azoka omendu zuen abenduan. “Azokak 50 urte beteko ditu 2015ean, eta hori aitzakitzat hartuta, haren ibilbidea azpimarratu nahi izan dugu. Durangoko azokak kristoren lana egiten du euskararen eta euskal kulturaren alde”. Era berean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak jasoko du Txorierriko AEK-ko esker ona. “Hori Baik ere betetzen du 50 urte aurten, eta eurek ere izugarri bultzatu dituzte kultura eta euskara. Esate baterako, garai batean, lokala utzi zigun euskara eskola emateko. Eta ez da kasualitatea Txorierriko aurkezpena aurten bertan egin izana”. Aurkezpena otsailaren 20an izan zen eta Txorierrin datozen egunotan egingo diren ekintzen berri eman zuten bertan. Arropa desfilea egin zen eta musika saioa eskaini zuen Daltondarrak taldeak. Korrikaren aurtengo leloa Euskahaldun da. “Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun geure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin”, azaldu dute antolatzaileek webgunean. Korrika kulturala Otsailak 26, eguena –“Hor dago ardoa” ardo-kata, 19:30ean. Mota Gane txakolindegian, Erandio Goikoan. Otsailak 27, barikua –Txarriboda bertso-afaria, Loiun. Xabi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak arituko dira. Martxoak 6, barikua –Arropa salmenta eta kuestazioa. Za­mudioko Leizaola Lehendakaria plazan eta Lezamako plazan. Martxoak 9, astelehena –Bertso-eskoletako saioa, 18:30ean, Derioko Kultur Birikan. Martxoak 12, eguena –“Euskara zaharra gizarte berrian” hi­tzaldia, Koldo Zuazoren eskutik. 19:00etan, Sondikako Kultur Aretoan. Martxoak 13, barikua –Korrikaren aurkezpena, Erandio Goi­koan. 18:00etatik aurrera. Kuestazioa, denda, umeen jaia eta afaria, Dandaka tabernan. Martxoak 14, zapatua –Gose taldeko kontzertua, Erandio Be­koan, merkatu zaharrean. Martxoak 15, domeka –Jai-eguna, 11:00etatik aurrera, De­rion: murala pintatzea, kuestazioa, arropa saltzea, umeen jolasak, bazkaria... Desentxufatuak an­tzezlana, Patxo Telleria eta Mikel Mar­tinezen eskutik, 18:30ean, Gurea Are­toan. Martxoak 19, eguena –Autobusa jarriko da Urepelera joateko. 10:00etan. Izena emateko, AEK-ko Txepetxa euskaltegian. Martxoak 22, domeka –Kuestazioa, 12:00etan, Larrabetzun. –Korrika txikia, 12:00etan, Loiun. Martxoak 27, barikua –Txorierriko Korrika Txikia, 11:00etan, De­rion. Institutuko ikasleek hartuko du­te parte. –Korrika Txikia, herriko eskolek antolatua. –Bertso afaria, 21:00etan, Lubarrieta ja­tetxean, Zamudion. Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Beñat Ugartetxea bertsolariak eta Maite Berriozabal gai-jartzailea arituko dira. –Txokolatadea, enkantea eta musika es­kolarekin. 17:00etatik aurrera, Larra­betzun. Martxoak 28, zapatua: –Garagardoa dastatzea eta kontzertua, Hori Bai gaztetxean, Larrabetzun. –Umeentzako jaia, poteoa eta Korrika bazkaria Casino jatetxean. Sondikan. –Jai-eguna, 12:00etatik aurrera, Leza­man: umeen jolasak, herri bazkaria, Korrika Txikia... Martxoak 29, domeka: KORRIKA EGUNA –Txokolatadea, Zamudioko Amairu ta­bernan. –Txokolatadea Sondikako Txoko Krem­limen.