Gaurko liburua komikia da eta lehen binetak New Yorkera garamatza. 1965a da eta Manhattaneko etorbidetik Iruñeko erraldoi eta buruhandiak ilaran doaz. Baina ez daude denak, bertako agintariek erraldoi beltza desfilatzea galarazi dutelako. Ku Klux Klanen garaia da. Hori da komiki honen abiapuntua, hasteko aitzakia.
Esan beharra dago ideia Fermin Muguruzarena dela. Berak dioenez, istorio hau aspaldian, Euskaldunon Egunkaria zegoenean, irakurri zuen egunkarian. Artikulua moztu, gorde eta horren harira komikia, abestia eta erakusketa oparitu dizkigu orain. Ferminen estiloa eta grina, Harkaitz Cano gidoian eta Dr. Alderete marrazkietan lagun dituela.
Baina New Yorkekoa abiapuntua baino ez da. Zeren Erraldoi Beltza "dantzatu" behar zuenak, Manex Unanuek, hainbat pertsonaia ezagutuko baitu eta munduko herrialdez herrialde ibiliko baita saltoka. Eta gu berarekin.
Malcon X hil osteko Harlem sutan ikusiko du. Kuban Che Guevararekin egongo da. Mexikon onddoen eraginpean Pancho Villaren abizenak Arango Aranburu zirela jakingo du. Los Angelesen Pantera Beltzekin nahastu. Monterreyn lehen hippyen jaialdian parte hartu. Montrealen "Vive le Québec libre!" De Gaullen mitina entzun. Aljerian "ikasten" ari diren euskaldunen berri izan. Madrilen Che Guevara Bolivian hil dutela jakin... Eta Mossad, KGB, CIA... espioitza, tiroak, sexua... Aspertzeko astirik ez.
Hirurogeigarren hamarkadaren munduaren errepasoa binetaz bineta. Erreferentziaz beteta, batzuk ezagunak niretzat. Xalbador bertsolaria txistuka hartu zutenekoa kasu, edo Madrilen irratian entzuten den "espera un momento, voy, voy...". Baina Montrealen entzuten den "Hey friend... say friend..." eta beste asko...
Bigarren irakurraldia ezinbestekoa egin zait hainbat gauza ulertzeko; eta detaile askotarako, interneten laguntza bilatzea, estimagarria.