Irati Fernandez Pujana, gizarte-hezitzailea: “Amatasuna etengabeko negoziazioa da, nork bere buruarekin eta bikotearekin”

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 2a, 10:26

Feminismoari eta amatasunari buruzko ikerketa bat egin du sondikoztar honek, eta Emakundek berdintasunaren inguruan antolatutako lehiaketa irabazi du ikerketa horrekin. Martxoaren 8a hurbil dugula, Iratirengana jo dugu amatasuna beste ikuspuntu batetik ezagutzeko. Zergatik amatasuna ikertu? Emakumeok gizarte-presio handia izaten dugu ama izateko. Eta ematen du, gainera, emakume osoak izateko, ama izan behar garela. Gizonekin, berriz, ez da halakorik gertatzen. Uste dut mahai gainean jarri behar den kontu bat dela hori, mugimendu feministak gauza asko lortu arren, oraindik badirelako hainbat gauza eraldatzeko; besteak beste, gurasotasun ereduak. Ikerketa tradizionalek, 60ko eta 70eko hamarkadakoek, biologiarekin lotzen dute beti amatasuna, eta bigarren mailakoa da amaren papera. Geroago, genero ikuspuntu batetik hasi ziren ikerketak egiten, eta, haien arabera, amatasuna ez da gertaera biologiko bat bakarrik, eta, gainera, ikerketen erdigunean egon behar da. Azken ikuspuntu hori interesatzen zait, ikuspuntu horretan ama baita protagonista, eta amatasuna gertaera sozial, kultural eta politiko gisa ulertzen baita. Bost emakume feministaren esperientzian oinarritu duzu lana. Ikerketen arabera, amatasuna iristen denean, arlo intimora ere iristen dira ezberdintasunak. Jakin nahi nuen zelan bizi izan duten ama feministek hori, zelan mantendu duten bikotearekin adostutako berdintasun-itun hori. Eta bikote heterosexualak aukeratu nituen, azken batean gizonen eta emakumeen artekoa delako desberdintasun estrukturala. Bestalde, interesgarria iruditu zitzaidan feminismoaren ikuspuntutik aztertzea gaia, uste dudalako amatasuna beste modu batean ulertu ahal dela feminismotik, eta beste amatasun eredu batzuk sortzeko aukera ematen digula. Zeintzuk izan dira ikerketaren helburuak? Beti esan digute amatasuna zoragarria dela, baina inguruan ditudan emakumeei askotan entzuten diet kokotaraino daudela hainbat gauzaz, eta inork ez diela inoiz hitz egin gauza txar horiei buruz. Amatasun eredu idealizatu hori desmitifikatzea izan da helburuetariko bat, gauza onez gainera, gauza txarrak ere izaten direla ikusaraztea. Era berean, ezagutu nahi izan dut zer estrategia erabiltzen dituzten emakume feministek bikote-harremanetan sortzen diren ezberdintasunei eta gatazkei aurre egiteko. Izan ere, amatasuna biologikoa eta naturala den heinean, badirudi emakumeak ezer gutxi egin ahal duela, baina ez da hala: ikerketako emakumeek baliabideak dituzte eta haiek amatasuna modu askeago batean garatzeko erabiltzen dituzte. Feminista izatea lagungarria da ama izateko orduan? Bai. Ikerketaren ondorio nagusietariko bat da feminismoa ezinbestekoa dela eredu hegemonikotik urrun dagoen amatasun bat garatu nahi bada. Lagungarria delako ezberdintasun egoerak detektatzeko eta horiek eraldatzeko. Eta zeintzuk dira ama feministek erabilitako estrategiak? Ama guztiek esan didate amatasuna etengabeko negoziazioa dela. Lehenengo eta behin beren buruarekin, barneko gatazkak ekarri dizkielako, eta beren printzipio eta ideia asko birpentsatu eta birkolokatu behar izan dituztelako; eta gero, bikotearekin. Etengabe dabiltza amatasuna birpentsatzen, eta gauza interesgarria da, amatasuna, kontu pribatua dena, kontu publikoa eta politikoa bihurtu dutelako. Hortik abiatuta, bakoitzak bere estrategiak ditu, emozioei oso lotuta daudenak eta, neurri batean, begi bistakoak ere badirenak. Espazioak uztea da, esate baterako, haietako bat. Hasieratik garbi izan zuten bai aitak, bai amak presentzia aktiboa eduki behar zutela umearen hazkuntzari lotutako ardura guztietan, eta modu berdintsu batean, berdintasuna epe ertainera zein luzera mantentzeko. Feministak izan ala ez, amak beti daude jomugan. Gaur egun indarrean dagoen amatasun ereduaren arabera, ama da umearen beharrizanak ezagutzen dituen bakarra. Eta hori biologikoa da, gainera; hau da, modu instintiboan daki. Oso eredu idealizatua da hori, eta eskakizun sozialak dakartza, betetzen oso zailak direnak eta, ondorioz, frustrazioa eta errudun-ustea sortzen dituztenak. Eta ama beti dago jomugan: titia ematen ez badio, txarto; titia ematen jarraitzen badu, orduan ere txarto; lana uzten badu, txarto; lanean goizegi hasten bada, txarto… Gure gizartean, amatasuna oso modu estutzaile batean dago pentsatuta. Esaten digute modu zehatz batean izan behar dela, baina faktore sozialak, historikoak eta kulturalak ere hartu behar dira kontuan. Amatasun esperientzia ez delako berdin emakume txiro batentzat edo aberats batentzat, gure amamentzat edo gure ilobentzat… Amatasuna askotarikoa da, bakoitzak ondoen ulertzen duen bezala garatu behar du. Nondik dator eredu hori? XVIII-XIX. mendeetan sortutakoa da; izan ere, aurretik amatasuna ez zen hala ulertzen. Arlo publikoa eta pribatua bereizten hasi ziren eta primerako aitzakia izan zen emakumeak hazkuntzari, arlo pribatuari, lotzeko. Komunikabideek, pelikulek… eredu hori islatzen jarraitzen dute gehienbat, baina errealitatea beste bat da, eredu berriak sortzen ari direlako: amatasuna bakarrik bizi nahi duten emakumeak, sexu bereko bikoteak… Uste dut gauzak aldatzeko aukera dugula, bakoitzak bere egunerokotasunean, amek zein aitek… Inportantea delako gizonek ere hartzea parte aldaketa-prozesu honetan. Amatasun eredu berriak aipatu dituzu. Uste dut, amatasun ereduei buruz hitz egin beharrean, gurasotasun ereduei buruz hitz egiten hasi beharko genukeela. Umearen hazkuntza amaren kontua bakarrik ez dela esaten badugu, aita ere sartu behar delako horretan. Gainera, euskara hizkuntza integratzailea da, lagungarria, gurasotasun ereduaz hitz egiten badugu, sexu ezberdinetako edo bereko pertsonez hitz egin dezakegulako, aitaz bakarrik edo amaz bakarrik. Neska gazte feminista Hala hartzen du bere burua Iratik. Gizarte Hezkuntza ikasi zuen eta genero indarkerian esku hartzeko master bat egin zuen ondoren. Duela hiru urte Ikerketa Feministak eta Generokoak masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta haren harira ikertu zuen amatasunari eta feminismoari buruz. Bilboko Udalean dabil lanean, Berdintasun Sailean, eta genero indarkeria prebenitzeko eta bertan esku hartzeko programaren arduraduna da han. “Bai lanagatik, bai interes pertsonalagatik, berdintasunari eta feminismoari lotuta dauden gai guztiek, bizitzaren gai guztiek azken batean, erakartzen naute. Eta buru belarri nabil horretan, denbora osoan”.