Bazterrak euskeraz blaitzen dabilz Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 10a, 12:28

Argazkiak: Idoia Andres

Herrian euskerearen erabilerea bultzatzeko, Kudeaketa Plan bat egin da herritar eta eragileen partaidetzeagaz. Plana eta han zehaztutako helburuak beteteko ekintzak 2015. urtetik 2017. urtera bitartean egingo dira. Azken urteotan, euskerearen erabilerea jaitsi egin dan kezka euki dabe Larrabetzun. Jatsiera orokorra izan da, baina igaz eskolak Udalera jo eban, joera hori ume txikiengan be nabaria zala azaltzeko. Udala, eskola, Txinpasmendi guraso alkartea eta Arrekikili euskara alkartea batu ziran, eta arazoari aurre egiteko aukerak aztertu ebezan. Hainbat batzar egin, eta teknikariakaz eta gaian adituak diran personakaz batu ostean, egokiena Larrabetzuk bere Euskerearen Plana izatea zala atera eben ondorio, eta horretarako, aholkularitza-enpresa bat kontratau eban Udalak. “Euskerearen ezagutzeari eta erabilereari jagokenez, Larrabetzu arnas-gune bat izan da beti, bai Txorierrirako, bai Bilbo Handirako, eta izaera hori galtzen genbiltzan. Arnas-gune hori izaten jarraitu gura dogu, eta asmoa da hizkuntzea herri honetan ez daitela inoz arazo bat izan komunikazinorako. Indarrak horretara bideratuko doguz. Baina ez bakarrik umeek erderaz egiten dabelako, erlaxau diran nagusiak be jakitunago egoteko baino, eta baliabideak emonda herriak jakintza zabalagoa eukiteko”, azaldu deuskue Larrabetzun Euskaraz Taldetik. Aholkularitza-enpresak ebaluazio diagnostiko bat egin eban eta abiapuntutzat, Soziolinguistika Klusterrak 2011. urtean egindako ikerketaren emaitzak eta Eusko Jaurlaritzako datuak hartu zituan. Herritarrak be alkarrizketatu zituen, hizkuntza arloan dabezan ohiturak, kezkak eta proposamenak ezagutzeko. Diagnostikotik ateratako datuek eskolan zein kalean, herritarren artean, egoan kezkea berretsi eben; izan be, horreen arabera, euskerearen ezagutzea % 73koa da gaur egun Larrabetzun; eta erabilerea, % 55, 2koa. Ebaluazio diagnostikoaren datu guztiak Udalaren webgunean (larrabetzuko-udala.com) ipini dabez eskuragarri. “Egia esan, datuak ez dira hain txarrak eta ez gagoz egoera larri baten. Halan be, euskerea gero eta gitxiago erabilteko joera hori eten gura dogu, eta bermatu, etorkizunean, gura dauan guztiak euskeraz egin ahalko dauala. Baita euskalduna ez dana be, euskeraz ulertzeko gauza izango dala; hau da, euskaldun pasiboa izango dala”. Euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoa dabela, Kudeaketa Plan bat egin da 2015-2017 urteetarako. Aholkularitza-enpresaz gainera, lehen aitatutako eragileek, ebaluazio diagnostikoaren haritik alkarrizketatuek, herriko alkarteetako ordezkariek eta herritarrek hartu dabe parte Kudeaketa Plana egiteko prozesuan. Integrazino elementua Planean zazpi jarduketa-eremu bereiztu dira: familia, irakaskuntza, euskalduntzea eta alfabetatzea, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola, kulturgintza eta liburugintza, eta Larrabetzu orokorrean. Jarduketa-eremu bakotxean helburu nagusi bat ipini da eta lehentasunak zeintzuk diran ezarri da. Helburuak beteteko aurrera eroango diran ekintzak be zehaztu dira, eta zein eragilegaz eta baliabidegaz egingo dan behar. Kudeaketa Plana be Udalaren webgunean kontsultau daiteke. “Helburu asko dagoz, besteak beste, euskerea ohiko hizkuntza funtzionala izatea eskolan zein eskolatik kanpo, euskerearen ezagutzea eta erabilerea handitzeko baliabideak eskaintea, merkataritza arloan hizkuntza eskubideak bermatzea, aisia eta kiroleko jarduna euskeraz izatea bermatzea... eta oso garrantzitsua dana, euskerea integrazino elementu gisa erabiltea”. Helburuoi heltzeko, ez dabe formula barririk asmauko; herrian antolatzen diran ekintzez eta hango eragilez baliauko dira. “Protagonismoa kulturan, kirolean... dabilan jenteari emon gura deutsegu, gazteei, nagusiei... Esate baterako, nagusiek badaukie altxor linguistiko handi bat, eta istorio asko kontetako eta gainontzekoakaz partekatzeko. Horri garrantzia eta iraunkortasunari emoten badeutsazu, egiten dabena garrantzitsua dala sentiduko dabela, eta sortzen diran harremanak be garrantzitsuak izango dira”. “Bazterrak euskaraz blaitzen saia gaitezen, euri-txikiak ia konturatu gabe bustitzen gaituen legez, gauza txikien bitartez, mezu ugari izan dagiguzala inguruan, helburu “handi” hori betetzeko bidelagun. Etengabeko blaitze lana” idatzi dabe Kudeaketa Planaren txostenari amaierea emoteko. Eta hori da hain zuzen be herritarrei helarazo gura deutseen mezua, euskereak herriko txoko guztiak blaitzen jarraitu dagian. Logotipo eta lelo bila Larrabetzun Euskaraz Aholku Taldeak Logotipo eta lelo Lehiaketea antolatu dau, herrian datozan hilabeteotan egingo diran ekintzei hasierea emoteko. “Euskerearen erabilerea bultzatzeko logotipoa eta leloa izan behar dira, eta erabilgarriak Larrabetzuko bazter guztietan, dendetan zein lagun-koadrilen artean... pegatinak edo kartelak egiteko... Gustauko litxakigu logotipo eta lelo horreek baliagarriak izatea euskaldunen, ia euskaldunen eta euskeraz ez dakien arteko loturea estutzeko eta danok euskerara eroateko: dakienak hitz egitera, ikasten dabilana ikasten jarraitzera, eta ez dakiana ikastera eta ulertzera animetera”. Lehiaketan Larrabetzuko edozein bizilagunek hartu ahalko dau parte, banaka edo taldeka, eta parte-hartzaile bakotxak behar bat baino gehiago aurkeztu ahalko dau. Beharrak apirilaren 30era arte jasoko dira Anguleri Kultur Etxean, arrastiko 4etatik 8etara. Hiru proiektu finalistak aukeratuko dira. Irabazleari 200 euroko saria emongo deutsie, eta 50 euroko sari bana, beste biei. Behar guztiak Anguleri Kultur Etxean ipiniko dira ikusgai.