Aulki-jokoa

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 11a, 13:26

Testua. Maria Jesus Kareaga, (Derioko Liluratura)

Egilea: Uxue Alberdi Argazkia: Felipe Manterola Argitaletxea: Elkar Orrialdeak: 123 Adina: helduentzat Uxue Alberdik, hiru emakume apartaren bidez – Teresa, Martina eta Eulali-, bere lehendabiziko eleberrian kontatzen diguna bizitzaren metafora bat dela esan daiteke. Emakumeok Ixabelen gozotegian biltzen dira arratsaldero, beste batzuekin, eta guztien artean mila urte egiten dute. Zenbaki adierazgarria da haientzat. Eleberrian, lehenaldia eta orainaldia tartekatzen dira. Alde batetik, haurtzaroan eta gaztaroan bizi izandako pasadizoak, jolasean, familian, lanean, gudan…); eta bestetik, zahartzaroko ajeak, egunero esertzen diren aulkiei oratuta, bizirik daudela esateko modua balitz bezala. Aulki-jokoa liburua atsegin eta erraz irakurtzen da. Pertsonaien denboraldiak nahastuta, hikaz idatzitako pasarteak sartuta eta elkarrizketak tartekatuta, abiadura hartzen du irakurketak. Andra hauen historia irakurtzen badugu, ez dugu ezer alferrik galduko; guztiz entretenigarria da. Teresa nagusia da, eta beharbada, konformagaitzena. Martina onegia da, etxean eta dendan, eta azkenean Eutimiorekin ezkontzen dena. Eulali txikitan gelditu zen gor belarri batetik, jolasten zebilela, eta gaur egun bestetik ere ez du entzuten. Liburuan kontatzen diren pasadizoen artean, bi iruditu zaizkit bitxiak. Bata zilborraren koloreari buruzkoa da. Emakumeek herriko kasta galtzen ari dela pentsatzen dute, gaurkoek zilbor zuria dutelako, eta lehengoek, berriz, marroizka, harik eta konturatu ziren arte, emaginak erabiltzen zituen artazi herdoiltsuek ematen zietela kolorea. Eta bestea, mutilek gaztetan egiten zuten apustua, ea nork ematen zuen denbora gehien burua urpean zutela. Horretan, Eutimio izaten zen garailea, baina pasadizoa kontatzen dabiltzala Martinak begi-keinua egin dio senarrari.