Jone Arangurenek eta Ane Baraiazarrak irabazi eben Emakume Cup pelota txapelketea. Partidea Zamudion egin zan martxoren 6an, eta finalean txapeldunek 22-17 irabazi eutsien Jone Goirik eta Amaiur Holgadok osatutako bikoteari. Txapelketearen 3. eta 4. postua be jokatu ziran, eta han Arrate Gazteluk eta Lutxi Fonsekak 22-18 irabazi eutseen Mari Carmen Zubiaurri eta Paula Iturbideri. Zortzi pelotariek Txokoan Larrabetzuko emakume pelota alkartean jokatzen dabe.
Zamudioko frontoia gainezka egon zan finalean, eta errebote aldean harmaila osagarri bat jarri behar izan eben. Partidak oso orekatuak izan ziran eta oso giro polita egon zan. Txapelketea urtarriletik eta otsailera bitartean jokatu zan Larrabetzuko frontoian, eta finala Euskal Telebistak emon eban. “Telebistak ekitaldia Euskal Herri mailan zabaltzeko aukerea emon deusku. Txapelketa honetan estreinako aldiz grabau da emakume esku pelotarien partida bat. Aitzindaria izan da”, esan deusku Iker Amarika Bizkaiko Pelota Federazinoaren presidente ordeak.
Bai, Emakume Cup oso garrantzitsua izan da, Bizkaiko lehenengo emakumezkoen esku pelota txapelketea izan dalako. Jonek eta Anek irabazi eben finala, baina txapelketearen benetako garaileak emakumezko guztiak dira. “Txapelketearen ondorioz, neska batzuek pelotan jokatu gura dabela adierazo deutsee Txokoan alkarteari eta Bizkaiko Federazinoari. Horretan datza txapelketearen arrakastea”.
Ane eta Jone l Bizkaiko lehenengo txapeldunak: “Txapela ez da soilik gurea, Txokoan taldearena baizik”
–Ane Baraiazarra:
Larrabetzu, 23 urte, erizaina.
–Jone Aranguren:
Algorta, 24 urte, irakaslea.
Ane Baraiazarrak txikitan jokatzen eban Olarreta Larrabetzuko eskolan, baina 14 urtegaz itxi behar izan eban, olgetako beste neskarik ez egoalako. Bestalde, Jone Aranguren betidanik izan da oso pelotazalea, eta hainbat kirol egin ditu. Lankide baten alabea Larrabetzun jokatzen ebala jakin ebanean, bera be animau zan jokatzera. Ane eta Jone Bizkaiko lehenengo emakume esku pelotari txapeldunak dira.
Zorionak! Zelangoa izan da Bizkaiko emakumezkoen lehenengo txapelketea?
Hasieran lagunen arteko kontutzat hartu genduan, ez genduan seriotasun handiz hartu. Halanda be, finalerako txartela lortu genduanetik eromena izan da: finalaren aurkezpena egin behar izan genduan Bilbon, zenbait komunikabidek deitu euskuen alkarrizketak egiteko... Finalaren aurreko astean, askoz txarrago pasau genduan alkarrizketak emon behar izanagaitik, partidea jokatu behar izanagaitik baino. Eta ziur asko horregaitik hasi genduan hain urduri partidea.
Finala gogorra izan zan, ezta?
Bai, hasieran 2-9 izan zan markagailua. Momentu horretan barregarri geratzea zan gehien kezkatzen ginduzana. Zorionez, gure onera etorri ginan eta orekatu genduan partida. Eta azkenean, irabazteko gauza izan ginan.
Larrabetzuarrak jaun eta jaube ibili zarie txapelketan...
Bai, eskarmentu handiagoa dogu, lehenago hasi ginalako jokatzen. Horregaitik, uste dogu txapela ez dala soilik gurea, talde osoarena baizik. Ama batzuek jarri eben martxan Txokoan taldea eta beren esfortzuarengaitik izan ez balitz, guk ez geunkean pelotan jokatzeko aukerarik eukiko.
Lehenengo emakume esku-pelotari txapeldunak zarie. Aitzindariak zarie...
Guk ez dogu horregaitik pelotan jokatzen. Ondo pasetea eta kirola egitea baino ez dogu gura. Aspertuta gagoz kazetari guztiok gauza bera galdetzen deuskuzuelako. Ea behintzat honek guztiak balio dauan neska gehiago animetako eta pilotan eskuz jokatzen hasteko.