Euskaldunon historia

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 13a, 09:32

t: Gaizka Eguzkitza

Juan Carlos Etxegoien “Xamar”-ek Euskara jendea liburua idatzi zuen 2006an, eta duela lau urte Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek eleberrian oinarritutako dokumental-sorta bat egiteari ekin zioten. Martxoan, sorta horren azken dokumental biak aurkeztu dituzte Larrabetzun, eta Lutxo Egia egileetako batekin hitz egin dugu horri buruz. “Euskararen talaiatik, Euskal Herriaren historia edo, hobeto esanda, euskararen hiztun komunitatearen historia kontatzen dugu”. Horrela azaldu digu lanaren muina Lutxo Egiak. Lutxorekin batera, Adur Larreak, Xamarrek, Mikel Arredondok, Hibai Castrok eta Lon Fernandezek egin dituzte Euskara jendea lana osatzen duten sei dokumentalak. Bakoitzak aro ezberdin bat aztertzen du: Historiaren atalean; Erromako Inperioan; Aniztasunaren bidean; Mugetan gaindi; Gerren arteko pizkundean; eta Mundua osatzen. Euskaldunon historia kontatzeko, dokumentalen egileek hainbat adituren testigantza jaso dute. Besteak beste, Jokin Gorrotxategi eta Jurgi Kintana historialariek, eta Peter Bakker eta Iñaki Camino hizkuntzalariek hartu dute parte filmazioan, baita Belen Bengoetxea eta Jacques Blot arkeologoek eta William Anthony Douglass eta Neskuts Izagirre antropologoek ere. Lan-taldeak guztira hiru urte eman ditu dokumentalak egiteko. “Liburuak zein dokumentalek dibulgazioa dute helburu. Hau da, historia modu errazean azaldu nahi izan dugu. Eta dibulgazioa helburu duten heinean, gure ustez interesgarria da edonorentzat. Horren haritik, material didaktikoa prestatu dugu, batez ere euskalduntze eta alfabetatze prozesuan daudenei zuzenduta, baina baita eskolei zuzenduta ere. Eskola batzuetan erabiltzen dabiltzala jakin badakigu. Edozeinek deskargatu ahal du material didaktikoa gure webgunetik, www.euskarajendea.com”. Dibulgazioaren xede horri jarraituz, Euskara jendea dokumentala zortzi hizkuntzatara itzuli dute: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, japoniera eta galesa. “Dokumentala Euskal Herritik kanpo bizi direnei, adibidez, diasporako edo munduko Euskal Etxeetako kideei, helarazi nahi genien. Hala ere, erakunde publikoek ez digute laguntzarik eman dokumentala kanpora eramateko, eta, tamalez, etxetik kanpo oso oihartzun txikia lortu dugu. Etxean, aldiz, oso pozik gaude: Eitb-n eman dute, 80 hitzaldi inguru eskaini ditugu, oso ondo saldu da dendetan, duela urte bat eta erdi salgai jarri genuenetik...”. Dokumentala Serbiako zinemaldi batera eraman dute, eta Katalunian aurkezpen batzuk egin dituzte. “Oso harrera ona egin ziguten Bartzelona aldean. Euskal Herrian, aurkezpenetara etortzen zirenek ez ziguten ezer esaten, baina Katalunian ez ziguten hitz egiten uzten (kar, kar). Dokumentalak interesa piztu du Katalunian, bertan hainbat euskaldun bizi direlako, eta han ere gutxieneko hizkuntza dutelako. Horrek elkar hurbiltzen gaitu”. “Egoera kezkagarria” Dokumentalaren lehenengo atalak historikoak dira, baina azkenetan, Larrabetzun martxoan ikusi direnetan, egileek lerro soziolinguistiko eta filosofiko batzuk zabaldu dituzte. “Esate baterako, azken atalean XXI. mendea, gaur egungoa, aztertu dugu. Guk ez dugu iritzirik ematen, baina elkarrizketatuek lerro batzuk aipatzen dituzte etorkizunari begira. Besteak beste, esan dute egoera oso kezkagarria dela: aurreko hamarkadetan gorakada kuantitatibo itzela izan dugu, baina orain gelditu egin da, eta kualitatiboki galdu egin dugu. Hau da, lehen baino gehiago dakigu euskara, baina lehen baino gutxiago erabiltzen dugu”. Baina hain txarra da egoera? “Tira, gauza bat bada pozgarria: hizkuntza ez da desagertuko hainbat belaunalditan, transmisioa egiten delako, baina nolako transmisioa da? Baten batek pentsa lezake euskararen gaur egungo egoera Historian izan dugun onena dela: aurrerapen itzela izan dugu azken hamarkada hauetan, hirietan euskararen presentzia izugarri hazi da, baita hezkuntzan eta komunikabideetan ere... Hala ere, nik guztiz kontrakoa pentsatzen dut. Erdi Aroan edo Erroma garaian, euskara hizkuntza hegemonikoa zen eta XIX. mendean, Gipuzkoan hizkuntza bakar bat hitz egiten zen gehienetan, euskara. Gaur egun, aldiz, Euskal Herrian gaztelania edo frantsesa baino ez dakiten asko eta asko dira”. “Edozein hizkuntzak hegemonia behar du aurrera egiteko, eta euskarak Euskal Herrian gaur egun hori lortzea oso zaila da. Athleticek sailkapena lortu zuen Kopako finalerako eta, horren haritik, Bizkaian gehien irakurtzen diren egunkari bien izenburuak hauek izan ziren: “Aurten bai” eta “Irabazi arte”. Izenburu biak, euskaraz, nahiz eta informazioa erdaraz idatzita egon. Adibidea baino ez da, baina ematen du gaur egun euskarak kutsu folklorikoa edo sinbologiakoa duela. Eta hori ez zait batere gustatzen”, esan digu Lutxok.