Txaro Bilbao, berbalaguna: “Gura bada, ahal da”

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 17a, 09:19

Txaro Loiun jaioa da, orain dala 61 urte, eta Zamudiora ezkondu zan. Kimikaria da, baina gaur egun langabezian dago. Burua entretenidua eukiteko, euskerea ikasteari barriro ekiteko erabagia hartu dau. Zein da zure harremana euskeragaz? Nire ama-hizkuntzea da, baina euskeraz bakarrik etxean egiten genduan. Eskolan, gazteleraz; lagunen artean, gazteleraz... Eta akabuan hizkuntzea galtzen zoaz. Beno, ez dozu inoz erabat galtzen, dakizuna hor nonbait dozulako, burmuinean, baina berba egiteko erraztasuna galtzen da, gauza batzuk ahazten dira... Zergaitik orain ikasi? Esan behar dot ez dala lehenengo aldia euskaltegian nagoana. Orain dala 36 urte inguru hasi nintzan euskerea ikasten, AEK-k Zamudion emoten ebazan klaseetara ninoian. Gero itxi neban eta ez galdetu zergaitik, ez dodalako gogoratzen. Semea euki neban eta beragaz euskeraz egiten naban. Ikastolan hasi zan eta, hasieran ondo moldatzen baginan be, bera gero eta maila handiagoa hartzen joan zan eta niri kostetan jatan bere erritmoari jarraitzea... Orain dala bost urte kaleratu ninduten beharretik eta pentsau neban: “Bada, ikasten jarraitu behar dozu: dakizuna ez galtzeko eta euskeraz gero eta hobeto egiteko”. Helduen Hezkuntzara joan nintzan, Deriora, baina eskola asterik behin baino ez dabe emoten eta gitxi iruditu jatan. Aurtengo ikasturtean, Berbalagun egitasmoan hasi naz eta han animau ninduten euskaltegian izena emotera. Urtarrilean hasi naz. Pozik? Bai, ez da oso gatxa niretzat eta uste dot nahiko ondo moldatzen nazala. Gehien kostetan jatazanak idazlanak eta berba egitea dira. Erderaz pentsetako joerea dodalako dala uste dot, eta gero itzulpena ondo egiten ez dodalako, beharbada. Oraindik be asko daukat ikasteko! Bizkaiera ama-hizkuntza dozu, eta euskaltegian batueraz ikasten da. Nahaste-borraste handia? Oraingo honetan ez hainbeste, baina aurrekoan bai. Aditz batzuk ezbardinak ziran, atzizki batzuk... Interesgarria da euskera batua egotea, baina bizkaiera ahaztu barik. Eta bizkaiera be modu egokian irakatsi eta ikasi behar da. Euskaltegian, zerbait ikasten dogunean, “Bada, nik hori era honetan esaten dot” - dino batek; “eta nik beste era honetan”, beste batek. Eta hori oso ondo dago, gurea ez galtzeko. Dinoe euskerea oso gatxa dala ikasten. Bai! Hainbeste aditz, atzizkiak, plurala, singularra, mugagabea... baina horregaitik be bada hain aberatsa, ezta? Ingelesa be banabil ikasten, eta askoz errazagoa da. Dana dala, datorren ikasturteari begira, arretea bakarrik euskeran ipiniko dot, ahalik eta ondoen ikasteko. Beno, prisarik ez dozu, ez dozulako titulurik aterako... Ez, ez! Nik nire beharra eginda daukat dagoeneko, eta orain beste etapa baten nago. Helburua? Batez be praktikau behar dot. Berbalagunez eta ikaskideez gainera, lagun batzukaz egin daiket euskeraz, senarragaz, semeagaz... Herrian be badodaz aukerak, baina batez be jente gazteagaz, nagusiok kalean erderaz egiteko joerea dogulako. Zertan laguntzen deutsu euskerea ikasteak? Beti pentsau dot, erretiroa hartu ondoren, neure burua zerbait eginez entreteniduko nebala: ikasten, kirola egiten... Eta horretan nabil, erretiroa hartu baino lehen bada be... Egia da ikastea lehen baino gehiago kostetan dala, baina gura bada, ahal da. Gainera jentea ezagutzen dozu eta beste giro baten sartzen zara. Bestalde, nire herriaren hizkuntzea da, nire ama-hizkuntzea, eta uste dot ikasi behar dodala. Nire adinako jentea animauko neuke euskerea ikastera, gatxa izan arren merezi daualako.