Jolastu ere euskaraz egin!

Aikor aldizkaria 2015ko api. 30a, 09:23

Berbalagun egitasmoaren arduradunok, TOTOAN TEEF-k eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak “Olgetan euskaraz” proiektua ipini dugu martxan. Proiektua “Gurasolagun” egitasmoaren barruan dago, eta familiei euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea du helburu. Batzuetan, gurasoek ez dute nahikoa baliabiderik seme-alabekin euskaraz jolasteko. Hutsune hori betetzeko, “Euskaraz olgetan” egitasmoa bultzatu dugu Zamudioko herri ikastetxean. Zertan datza? Bada, gurasoak eta haien seme-alabak astelehenetan, ordu batez, batuko dira eskolan, eta dinamizatzaile batek euskarazko hainbat jolas eta abesti irakatsiko dizkie. Astero saio ezberdin bat egingo da eta, hura amaitzen denean, fitxa hezigarriak jasoko dituzte, saioan ikasi dutena parkean, kalean, etxean… praktikan ipin dezaten. Saioak doakoak dira, apirilean hasi dira eta ekaina arte iraungo dute. Oso ekintza dibertigarria eta dinamikoa da, eta umeek zein gurasoek primeran pasatzen dute. Saio bakoitzean, gai bat jorratuko da; esaterako, animaliei lotutako jolasak, beste herri batzuetako jokoak, abestiak eta zentzumenak garatzeko ekintzak. Lehen esan bezala, proiektuak euskarazko jolasak ditu ardaztzat, eta gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko harremana jolas horien bidez sendotzea da helburua. Baina helburu nagusia hura den arren, ez da bakarra, egitasmoak beste onura batzuk ere ekarriko dizkielako. Izan ere, eskolako ordutegitik kanpo antolatzen diren ekintzak umeei bakarrik zuzenduta daude eta, ondorioz, familiek aukera gutxi dute halako egitasmoetan elkarrekin parte hartzeko. Hizkuntza ohituretan, erabileran eta motibazioan eragiteaz gainera, “Euskaraz olgetan” egitasmoari esker, primeran pasatzen dute eta euren artean euskara modu ludiko eta dibertigarri batean ere erabiltzen ikasten dute. Era berean, euskararen erabilera bultzatzen dute eta, eskolan ikasitakoa kalera eraman daitekeenez, euskaraz olgatzea dibertigarria dela erakusten diete lagunei eta senideei, horretarako hainbat jolas, abesti, dantza, aukera… dagoelako. Abiapuntua, Getxon “Euskaraz olgetan” egitasmoan parte hartu nahi baduzu, gurekin jarri ahal zara harremanetan, telefono zenbaki honetara deituta: 635 75 35 95. Edo nahiago baduzu, e-mail bat idatzi ahal diguzu helbide elektroniko honetara: txorierri.berbalaguna@gmail.com. Egizu Getxoko euskara elkarteak duela bost urte ipini zuen martxan “Olgetan euskaraz” proiektua, eta guk euren esperientzian oinarritu gara, hori Txorierrira ekartzeko. Getxoko lagunek azaldu digutenez, egitasmoa urterik urte sendotzen joan da eta arrakasta itzela dauka gaur egun. Horrela, bada, bertan Getxoko ikastetxe guztiek, edo gehienek behintzat, hartzen dute parte. Gurasoak eta umeak poz-pozik dabiltza, Getxon… eta Zamudion ere bai. Lehenengo saioak egin eta gero, guztion balorazioa oso positiboa delako. Datorren urteari begira, baliteke egitasmoa beste herriren batean egitea.