Zertan ipiniko duzue arreta datozen lau urteetan?
Gurea politika erabat soziala da. Udaletik gaur arte aurrera eraman den politika zementura egon da zuzenduta, eta uste dugu pertsonengan pentsatzeko garaia dela. Hala, derioztarrei benetan interesatzen zaizkien gaietan ipiniko dugu arreta, hala nola enplegua, gizarte-bazterketa, jasangarritasuna, hezkuntza edo komertzioa. Ezkerreko politika bat lortu nahi dugu Udaletxean, eta herritarrei entzun.
Zer proposatzen duzue Deriorako?
Hanka-sartze itzelak egin dira hirigintza arloan, adibidez, Errementeriñe edo Mantuliz kasuan. Eta, gainera, Hirigintzako Plan Orokor berri bat prestatzen ari da. Larrituta gabiltza hainbeste etxebizitzarekin, errepiderekin, aireportuarekin, kanposantuarekin… Gure proposamena dagoena hobetzea da, eta zementu gutxiago. Horrela jarraituz gero, denbora gutxi barru ez zaigulako ezer geratuko. Gure landa eremua mantendu nahi dugu, gure baserriak. Eta eraiki, soilik benetan beharrezkoa bada, izan ere, Derion 250 etxebizitza baino gehiago daude hutsik gaur egun. Zerbitzuak hobetzea ere proposatzen dugu, instalazio ederrak egin diren arren, horiek edo horien gestioa eskas gelditu direlako, hala nola kiroldegia edo Kultur Birikaren gestioa. Bestalde, herrian 300 langabetu baino gehiago daude eta, beste neurri batzuen tartean, enplegurako udal poltsa sortu nahi dugu. Euskarak udaletxean zein kalean pisu handiagoa izatea ere nahi dugu, eta ia 6.000 biztanle garela kontuan hartuta, gure teknikaria izatea.
Hamar neurrik osatutako dokumentu bat zehaztu duzue, eta bertan aipatutako proposamenak daude, zeintzuk dira gainerako neurriak?
Alkatearen soldata berraztertuko dugu, eta udalbatzetara joateagatik jasotzen diren dietak. Argiteria publikoaren gestioa ere aztertuko dugu berriro, eta Udalaren egoera ekonomikoa jakinaraziko dugu, herritarrek jakin dezaten zertan eta zertarako gastatzen den. Era berean, alderdikeria eta adiskidekeria baztertuko ditugu, eta premia gehien dutenei laguntzeko politikak sustatuko ditugu. Hemendik egunkarirako diru-laguntza kenduko dugu eta Beitu udal aldizkariaren informazio-ildoa berrikusiko dugu.
Zer esango zenuke zure lantaldeari buruz?
Oso jende trebatua gara. Gainera, gutariko askok eskarmentu handia dugu politika arloan, aurretik ere Udaletxean izan garelako. Beste itxura bat eman nahi diogu herriari, eta herri kohesionatuago bat lortu, denon herria izango dena. Eta indar handia egingo dugu gutxien dutenen alde, baina inor ahaztu barik, noski.
Hurbiletik
Zamudion jaio zen duela 51 urte, Santimami auzoan. Hala ere, bizitza Derion egin du beti eta horregatik ezagutzen ditu, ondo baino hobeto, herriaren eta herritarren premiak. Irakaslea da eta eskarmentu handia du politikan. Hala, legealdi bitan kultura zinegotzia izan zen EA alderdiarekin. EH Bilduko zerrenda-buru aurkeztu zuen bere burua aurreko hauteskundeetan eta oposizioaren bozeramaile ibili da azken urteotan. Aurten ere izango da zerrenda-burua. “Derioztarrek aukeratu naute. Beraz, eduki ditudan beste proposamen batzuk baztertu, eta herriaren alde lan egiteko prest azaldu naiz beste behin”.