Ikasteko etxea

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 26a, 09:29

Gurari Erandiogoikoko alkarteak jai solidario bat antolatu eban maiatzean. Ekintzari esker batu zan dirua Guatemalara, Belüba Lüba Fürendei proiektura hain zuzen be, bideratuko dabe. Proiektu hori umeei eta gazteei dago zuzenduta eta horreek jasoten daben hezkuntzea hobetzea dauka helburu. Abuztuan bederatzi urte beteko dira Belüba Lüba Fürendei egitasmoa Livingston Guatemalako herrian martxan jarri zanetik. Belüba Lüba Fürendei-k “ikasteko etxea” adierazo gura dau. Liburutegi-ludoteka bat da eta astean zehar zerbitzua emoten deutse 4 urtetik 20 urtera bitarteko 2.000 ume eta gazte ingururi. Asteburuetan, nagusiak eta unibersidadean dagozanak be hurbiltzen dira haraino, hiztegiak, entziklopediak, internet... dituan leku bakarra dalako. Liburutegi-ludotekak Cementerio auzoan dauka egoitza nagusia; beste egoitza bat, La Guaira auzoan; eta beste bat, La Pista auzoan. La Guairan, ingelesa irakasten da; eta La Pistan, heziketa fisikoa. Nuria Amorrortu Juez Erandiogoikokoa da eta boluntario dabil Belüba Lüba Fürendei proiektuan. “Leku librea da eta, arau zibiko batzuk errespetauz, gaztetxoek ikasi zein jolasteko aukerea daukie bertan. Gehienak etxeko lanak egitera datoz eta boluntariook ahalegina egiten dogu eskola-laguntzea emoten. Izan be, hango hezkuntzea nahiko eskasa da”. Liburutegi-ludotekea urtarriletik azarora arte dago zabalik, ikasturtea bezala. Eskola hiru orduz goizean eta beste hiru orduz arratsaldean emoten da, eta umeak ordutegi horren arabera azaltzen dira liburutegi-ludotekan. Banaka batzuk ohiko erabiltzaileak diran arren, normalena da han arpegi barriak egunero ikustea. Nuriak azaldu deuskun moduan, Livingston herriaren beraren ezaugarriek baldintzatzen ditue hango hezkuntzea eta herritarren mugikortasuna. “Livingston badia bat da, eta hara ailegetako eta handik aterateko modu bakarra txalupaz da. Eguraldi txarra badago edo argindarra joaten bada, ez dago ez hara heltzerik, ez handik ateraterik. Beraz, irakasleak beste herri batera, adibidez, erosketak egitera joan behar badau, badoa, nahiz eta eskolako ordutegian izan. Eta umeek egun horretan ez daukie eskolarik”. Auzo batzuen kokapenak be badauka bere eragina. “La Guaira auzora heltzeko, esate baterako, hondartzatik joan behar da eta ordu bi eta erdiko ibiltaldiaren ostean, oihanera barruratu. Eskuan matxetea daroazula, bidea ez dagolako beti bardin. Eta noski, kasu honetan be eguraldiak baldintzatzen dau hara ailegau ahal izatea, edo handik urten ahal izatea. Nik neuk be gauren bat emon behar izan dot bertan...”. Bestalde, Livingston herrian lau kultura desbardinak batzen dira: quechiak, maiak diranak; garifunak, Afrikako esklaboen ondorengoak diranak; latinoak; eta sincak, maiak diranak be bai. “Guztiek gazteleraz dakien arren, bakotxak badauka bere hizkuntzea eta horrek be nolabaiteko eragina dauka eskolan”. Boluntarioen bila Ikasturtea hiru ardatz tematikotan dago banatuta Belüba Lüba Fürendei liburutegi-ludotekan: identidadea, ingurumena eta birziklatzea. Hiru ardatz horreetan oinarrituta, hainbat ekintza antolatzen dira astean zehar, halan nola ipuin kontalariak, eskulanak eta joko interaktiboak. “Egoitzan bertan dagozan boluntarioez aparte, besteok, Guatemalatik hainbat eta hainbat kilometrora gagozanok be, gaztetxoek egindako beharra ikustatzen dogu. Interneten bidez”. Halan bada, liburuteka-ludotekearen lan-erritmoa bertan dagozan boluntario-kopuruaren araberakoa da. “Guztiok gara boluntarioak. Batzuk bertakoak dira, baina gehienok beste herrialde batzuetan bizi gara: Italian, Txilen, Ekuadorren, Espainiako estatuan... Eta hara ahal dogunean joaten gara, gehienbat oporrak daukaguzanean. Era berean, bertakoek be lan egin behar dabe eta badaukiez euren gauzak. Horregaitik oso korapilatsua da liburutegi-ludotekak egunero eta urteko egun guztietan ehuneko ehunean funtzionatzea. Gure arteko bilerak be Skype-ren bidez egiten doguz”. Hori dala-eta boluntarioen bila dabilz. “Guk ez dogu baldintza berezirik edo titulurik eskatzen; behar egiteko gogoa eukitea baino ez. Dana dala, ahalegina egiten gabilz bertako lagunak erakarten. Azken baten, komunidade-proiektu bat da, hau da, komunidadearen onurarako, eta interesgarria da bertakoak han inplikatzea, kanpoko boluntarioen beharrik ez izateko”. Belüba Lüba Fürendei liburutegi-ludoteka proiektu autofinantziatua eta autogestionatua da, eta ez dau inongo erakunde publikotatik dirurik jasoten. “Alkate barria aukeratu eban orain dala urte bi. Haren umeak liburutegi-ludotekara datoz eta proiektua gustaten jakonez, bere boltsikotik ordaintzen ditu zabor-bilketea eta ur-bidoiak. Baina Erandiogoikoan antolatutako jaialdia bezalako ekimenen bidez lortzen danaz aparte, ez daukagu beste laguntzarik. Frustragarria da batzuetan, zenbakiak ateraten ez diralako eta ez dakizulako hurrengo urtean barriro zabaltzeko gauza izango zaren”. Aztarna handia Nuriak orain dala lau urte ezagutu eban Asociación de amigos Belüba Lüba Fürendei alkartea. Guatemalan boluntario moduan behar egin gura eban eta han eta hemen galdetu ostean, aitatutako alkartearen Espainiako arduradunagaz ipini zan harremanetan. “Konfiantza eta erraztasun handiak emon eustazan hara joateko. Alkartea erreferentzia-puntua da boluntarioontzat, eta bide bat, gure beharra antolatu eta aztertzeko. Boluntario barriak erakarten be saiatzen gara”. Boluntarioa izatea oso esperientzia aberasgarria dala dino, eta halako proiektu baten parte hartzeko gonbitea mundu guztiari egiten deutso. “Alde batetik, laguntzea emoten dozulako, noski; eta bestetik, baliagarria be badalako, zure burua eta zure gaitasunak hobeto ezagutzeko”. Nuriak 31 urte daukaz eta hezitzaile egiten dau behar Urtuellako herri ikastetxean. Udako oporrak heltzeko irrikan dago, Guatemalarako hegazkina beste behin hartuko dauelako. Egia esan, Livingstonen, 2012ko udan, euki eban lehenengo esperientzia harek oso aztarna handia itxi eban berarengan. “Hain handia, ezen beharrean lau hilabeterako baimena eskatu eta Guatemalara itzuli nintzan hurrengo urteko urtarrilean, apirilera arte. Urte horretako urtarrilean be hartu neban alkartearen ardurea, Estatuko iparraldean. Eta noski, igaz be hegazkinera igon eta hara joan nintzan udan”.