Ikasturtearen azken txanpan gagoz eta Marisolengana jo dogu, Berbalagun egitasmoaren inguruan daukan eretxia ezagutzeko. Sondikoztarra eguenetan batzen da taldekideakaz, pasieran ibilteko eta solasaldi ederrak eukiteko. Euskeraz.
Bosgarren urtea da Berbalagun egitasmoan parte hartzen dozuna.
Irakasle ibili naz Larrabetzuko eskolan eta erretiroa orain dala sei urte hartu neban. Lehenengo urtean apur bat “hara eta hona” ibili nintzan, eta gero Berbalagun egitasmoan parte hartzeko aukerea izan neban. Nire helburua euskerearen inguruan zerbait egitea zan, hizkuntza mantendu.
Altzora Sondikako euskera alkartearen kidea be bazara. Badago euskeraz bizitzeko aukerarik herrian?
Gero eta aukera gehiago dagoz. Halanda be, Sondika Txorierriko beste herri batzukaz alderatzen bada, esan beharra dago asko galdu dala. Nahiz eta berton euskaldunak egon. Edadekoek, esate baterako, badakie, baina euskeraz bakarrik egoera zehatz batzuetan egiten dabe. Herriko merkataritza eta zerbitzuei jagokenez, bada, danetarik dago. Persona batzukaz edo leku batzuetan euskeraz egin zeinke, baina euskeraz bizi izatea? Ez, oraindik ez.
Zer da Berbalagun?
Aukera bat, lagunen artean eta giro polit baten, euskeraz bizitzeko. Baita lagun barriak ezagutzeko aukerea bat be; lagun barriak eta, gainera, euskeraz. Gure euskara mantentzen dogu eta dakiguna besteei helduerazoten deutsegu, baina horrezaz gainera, berbalagunok batzen garen bakotxean erreferente bat be bagara; txikia, beharbada, baina hor dagoana. Eta uste dot hori oso inportantea dala, izan be, gero, eta adibide bat ipintearren, trenean jenteagaz egiten dozu topo, eta dakienek euskeraz zuzentzen dira zugana; zu be euskeraz hareengana… Eta, beharbada, ez dakienek be berba batzuk esaten deutsuez euskeraz: egun on, gero arte… Garrantzitsua da halako egitasmoak egotea, erreferenteak diralako eta sarea gero eta handiagoa egiten dalako.
Hitz egin zure taldearen gainean.
Hasieran zortzi lagun baginan be, gaur egun bost lagun biltzen gara, eguenetan eta ordu batez. Baina egun batzuetan, momentu eta aukeren arabera, jente gehiago dator. Emakumeak gara, 60 urtetik gorakoak eta inoiz bateren bat gazteagoa dana be badator. Eguraldi ona badago, ibiltera urteten gara; osterantzean, kafetegian batzen gara. Egia esan, ez dogu ezer berezirik prestaten ordubete horretan egiteko. Gaiak beti ateraten dira, naturaltasunez, albisteak, errezetak… edo zerbait interesgarria irakurri ezkero, bada, hori be berbagai ipinten dogu. Dana dala, nahiko nasai hartzen dogu: gaur ezin bagara Berbalagunera joan, ez da ezer gertatzen.
Euskera mailari jagokonez?
Taldekide bi euskaldun zaharrak dira eta, nire ustez, egundoko iturria dira, hareengandik elikatu eta ikasteko. Beste bi euskaltegian dabilz ikasten, ilusino handiagaz.
Eta zu?
Euskaldun barria naz. Sondikan bizi nazen arren, Erandiogoikokoa naz eta gogoratzen dot beti euki dodala zeozelango lotura euskereagaz eta, jakina, euskal kultureagaz Baina gazteleraz egiten genduan, eskolan, lagunakaz… Gero, nire bizitzaren momentu zehatz batzuetan, euskara ikasteko ahaleginak egin nebazan eta orain dala 37 urte-edo euskaldundu nintzan. Gainera, suerte handia euki dot, 30 urtean herri euskaldun baten lan egin dodalako, lankide euskaldunakaz.
Euskaldun zaharrak, barriak, ikasten dabilzanak… Alkarri ulertzeko arazorik?
Ez, ez horixe! Egia da euskaldun barri batzuk euskaldun zaharrei ez ulertzearen bildur dirala, eta nahiago dabela beste euskaldun barri baten ondoan ipini, baina nik ez dot uste hori arazoa danik. Zeozer ulertu ez bada, astirago errepikaten da eta kitu.
Lehen esan dozu euskaldun zaharrengandik asko ikasten dala; euskaldun barriengandik?
Euskara formalaz hitz egiten badogu, hareen ekarpena ez da oso handia, beharbada, oraindik elikatu behar diralako. Baina beste ekarpen mota bat egiten dabe: euren ilusinoa. Eta gero, noski, euren parte-hartzea eta taldera ekarten dabezan gaiak-eta be oso inportanteak dira. Orduan, gauza horreetatik guztietatik be ikasten da azkenean.
Zeozeren falta igartzen dozu?
Ez. Ekintza pilo bat antolatzen dira: beste herrietako berbalagunakaz afariak, urteerak, ikastaroak… Hainbeste dira, ezen nik behintzat ezin izaten dodan guztietan parte hartu. Dana dala, eta pizgarri moduan, gustauko litxakit inoiz beste talderen batekin batzea, gurasolagunakaz… Izan be, batzuetan, eta batez be alkarregaz hainbeste urte emonda, bada, beste eragingarri bat behar da.
Ikasturtea amaitzear dago. Oraindik goiz da hurrengoari buruz hitz egiteko, dana dala, jarraitzeko prest?
Bai, jakina! Bestalde, Sondikako euskaldun guztiak euskeraz berba egitera animau gura dodaz. Gure herria gero eta euskaldunagoa izateko, danon berbak etxean zein kalean entzutea ezinbestekoa baita. Etorkizun euskalduna gure esku dago.