Etxean daukadan 1942ko Dizionario de la Lingua Italianak, esate baterako, hauxe dakar: A BENITO MUSSOLINI DUCE D´ITALIA FONDATORE DELl´IMPERO. Eta eskaintza era honetara egiten du: “lo pongo con fede e devozione fascista”. Ondorioz, barruan datorrena ere hari berekoa da.
Gure egunotako italiarrek ez dute halakorik erabiltzen; hiztegietako edukia bera ere aldatu egiten da-eta.
Euskarako hiztegietan ere lexiko aldaketa handiak egin izan dira eta egingo dira. Ez dezagun pentsatu gure aldian moldaturiko definizioek behin betiko iraungo dutenik. Adibiderako, aukera dezagun tradizio luzeko gudari berba. Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak deritzanak honela dakarkigu: Gudari: 1) Gerra egiten duen pertsona; soldadua. Napoleonen gudariak. 2) Espainiako azken Gerra Zibilean borrokatu zen Eusko Gudarosteko soldadua. Gudariek Intxorta galdu zuten. Ostean, soldadu berbara bazoaz, Napoleonen soldaduak topatuko duzu.
Orduan, Napoleonenak gudariak badira, zergatik ez Francorenak? Eta beraz, nora heldu gara? Francoren soldaduei gudari deitu eta Eusko gudariak gara kantatu?
Berez, gudaria soldadua da, baina soldadu guztiak ez dira gudari. Hara zergatik gaurko hiztegiko definizioak bihar-etziko zaharkiturik geratuko diren. Gure lexikoan, gudari hitzaz gainera, lehendakari eta ikurrina ere kasu berbera dira.
Finean eta buruan, oraingoz zein izan liteke konponbidea? Bada, ikastola eta eskola bereizten diren moduan, gudari eta soldadu bereiztea, baita lehendakari eta presidente edo bandera eta ikurrina ere.