Bizi dugun hizkuntza ikasi edo ikasi dugun hizkuntza bizi

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 22a, 13:42

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Ikasi dugun hizkuntza bizitzen hasteko giltza egun on edo arrasti on esatea da euskaldunon artean, edo gabon. Hala ere, gaur egun -ingelesa ondo dakigunez- lagun batzuek esaten dute: egun on eta egun off -gauez-. Behin euskaldunon etxean sarturik, metodo ona da abestiak ikastea, gustatzen zaizkizun 100 abesti, letra ulerturik; kasurako: “Xarmangarria zira”. Ume txikiak edo eskola sasoikoak badituzu edo adiskide euskaldunak, dakizun euskara oinarrizkoa erabili lotsa barik eta ausartu txiste, gertaera edo atsotitz polit bat kontatzen. Adibidez: Behin Iruñeko Gaztelu Plazan ginela, kuadrilla batekoak kantatzen hasi ziren: Pa-piru-lau -1,2,3,4- abesti ezaguna. Edo, beste behin, Bilboko Zazpi Kaleetan entzun nuen: Horrek gorputz ona dauka, baina burua botatzekoa, ganbak bezalakoa. Dena dela, gure artean erdarazko istorioak tartekatzeko ohitura ere badago -we are trilingual, antza-. Gurutzetako ospitaletik irten eta andre bati entzun nion senarragatik -Tiene derrames esateko-: Tiene fugas. Gainera, Kaxildok azaltzen duenez, Getarian bazen funtzionario bat: Agente informativo de cometidos múltiples, eta nor izango? Bada, aguazila. Gero, euskal etxean sakonago sartu gura baduzu, ikusi Euskal Telebista euskaraz ordu erdian egunero. Hor Herri Txiki infernu handi topatuko duzu, kasu baterako. Esandakoa nahiko da? Horrela jokatzea ez da erdal menuan euskal sandwichak tartekatzea? Bai! Hala ere, artikulu honetan dioguna da, ikasi dugun hizkuntza bizitzeko moduak topatu behar direla; eskolako berbeta formala bizitzako berbeta bilakatzekoak. Horrela, zaitut nork nor aditza dela jakitetik Maite zaitut esatera eboluzionatzeko.