Bilbo eta Lezamaren arteko trena 1895eko maiatzaren 30ean sortu zan, eta harrezkero erreferentea izan da bailaran. Gaur egun, esate baterako, gazteek Derioko institutura joateko erabilten dabe, eta nagusiek, Bilbora, behar egiteko edo erosketak egiteko. Ekainaren 1ean lanak hasi ziran trenbidean eta horreek betiko ibilpidean aldaketa batzuk ekarteaz gainera, Bilboko metrora hurbilduko dauz txorierritarrak.
Bilboko metroaren 3. linearen azken fasea eraikitzeko beharrak ekainean jarri dira martxan. Eusko Jaurlaritzak trena eta metroa lotzen dauzan geraleku bat egingo dau Alde Zaharrean. Gainera, tunel barri bat eraikiko dau Matiko eta Olaren artean. Beharrek 18-22 hilabete iraungo dabe, eta epe horretan erabiltzaileek moldatu beharko dabe. Beharrak amaitzen diranean, txorierritarrek gertuago eukiko dabez Bilboko metroa eta Durangorako eta Bermeorako trenbidea. Gainera, geltokiak eta trenak barriztuko dira. Aldaketek erabiltzaileengan izan eikean kaltea ahalik eta gehien murrizteko, bailarako alkateek trenaren erabiltzaileen kezkak jaso ebezan eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariakaz batu ziran.
Trena betiko moduan dabil Lezamatik Sondikaraino, baina erabiltzaileek bertan topetan dabe aldaketarik nabarmenena. Lehen, trena zuzenean abiaten zan Sondikatik Olara eta Matikora bidean, Alde Zaharrera ailegau arte. Bidaiariek 30 minutu emoten eben lehen, trenean ibilpide osoa egiteko. Gaur egun, ostera, Euskotrenek Sangroizeko geraleku zaharra berreskuratu dau eta trena Sondikatik Lutxanako geltokira heltzen da. Han, bidaiariak trenez aldatzen badira, Bilboko metroko sarera sartzeko aukera daukie. Lezama-Lutxana-Alde Zaharra egiteko, bidaiariek 40 minutu emoten dabe gaur egun, izan be, Lutxanan bost minutu itxaron behar dabe, metroa hartzeko. Bestalde, arazoak murrizteko, tren bat gehiago ibilten da orduro 07:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bariku gauean be indartu da zerbitzua.
Bilbora joateko beste aukera bat dago: Sondikara joan, trenez aldatu eta Lorurira abiau. Lehen, trena Alde Zaharreraino heltzen zan, baina gaur egun, Matikon bukatzen da ibilpidea. Izan be, beharrak dirala-eta, Zazpi Kaleetako eta Loruriko geltokien arteko zatia itxi behar izan da. Zortzi hilabete barru, Sondika-Matiko zati hori be itxiko da, eta beharrek 2016ko Gabonetarako amaitzea espero da. Beharrak dagozan bitartean, trenaren ordez, autobus bat jarriko dabe, bidaiariak Sondikatik Lorurira joan ahal izateko. Orduro autobus bat aterako da.
Trenean dagozan aldaketek eragina dabe Zamudio herriak eta Teknologia Parkeak lotzen dauzan autobus-zerbitzuan. Aste egunetan, zazpi autobus ateraten dira Zamudiotik, 7:24tik 9:27ra bitartean. Era berean, Parketik 11 autobus ateraten dira 16:05etik 19:40ra bitartean astelehenetik eguenera. Barikuetan, lau autobus ibilten dira 13:10etik 14:40ra bitartean.
Prezioak
Ibilpidean ez ezik, prezioan eta bidaia-txarteletan be egon dira aldaketak. Euskotrenek bidaia-txartel barri bi atera dauz ohiko zerbitzua etenda dagoan bitarterako, eta egungo garraio txartelagaz batera dagoz indarrean. “Bono10 Konbinatua” izenekoagaz hamar bidaia egin ahal dira Txorierri eta Lutxana eta Bolueta arteko edozein geltokiren artean. Bidaia bakotxak euro bat balio dau. Era berean, tarifa murriztuak dabezan pertsonek “Bono10R Konbinatua” eskuratu ahal dabe. Kasu horretan, bidaiaren prezioa 0,60 eurokoa da.
Halanda be, prezioei jagokenez, ñabardura batzuk egitea komeni da, erabiltzaile bakotxak normalean egiten dauan ibilpidearen arabera. Txorierritik bakarrik ibilten direnak, adibidez, Derioko institutura joaten direnak, 82 zentimo ordaintzen dabe, Barik txartela erabili ezkero. Lehen, ostera, euro bat balio eban bidaiak. Bestalde, Txorierritik Bilbora joaten direnek euro bat ordaintzen dabe bidaia bakotxeko, “Bono10 Konbinatua” erosten badabe; baina 1,45 euro, Barik txartela erabilten badabe. Lehen 1,46 euro balio eban. Hilabeteko bonoetan be badagoz prezio desbardinak: txartel konbinaduak 36,4 euro balio dau gaur egun, eta lehen, 52 euro; eta 30 gazte txartelak 29 euro balio dau gaur egun, eta lehen, 22,6 euro.
Ana Isabel trenaren betiko erabiltzailea da. Egunero joaten da Bilbora ikastaro bat egitera. “Deustura joaten nazenez, ondo jatorkit trenbidearen ibilpidearen aldaketea, lehenago heltzen nazelako. Halanda be, beste leku batzuetara joateko, txarragoa da, esate baterako, Ezkerraldera”. Pello gazte zamudioztarra, aldiz, ez dago batere pozik aldaketakaz. “Ni Moyuara joaten naz eta nahaste-borraste handia da, trenez aldatu behar nazelako. Gainera, denpora gehiago emoten dot trenean eta txartela, hilabetekoa, garestiagoa da”.
Gakoak
Ibilbidea:
-Trena Lezamatik Lutxanaraino doa, eta han bat egiten dau Bilboko metroagaz.
-Gaur egun Sondikatik Lorurira trenez joateko aukerea dago, baina 8 hilabete barru autobusa hartu behar izango da.
Prezioa:
-Txorierritik bertatik bakarrik ibilten diranei Barik txartela erabiltea komeni jakie.
-Bilbora joaten direnak “Bono10 Konbinatua” atera beharko dabe.