Zamudion, etxe bat egin dute material horretako moduluak erabiliz
Etxe horretan Andoni Arrieta eta haren familia bizi dira. Andonik nekazaritza ekologikoan jarduten du eta, azaldu digunez, etxe ekologiko batean bizitzea da logiko eta koherenteena. Lastozko etxeak ohikoak dira Ipar Europako herrialdeetan, eta Andoni eraikuntza horietan oinarritu da bere etxea egiteko orduan. “Estatuan lastozko moduluak erabiliz eraiki den lehenengo etxea da gurea. Hala ere, ez da Estatuko lehenengo lastozko etxea, aurretik beste batzuk egin direlako; Bizkaian, adibidez, hiru daude”.
Lastozko modulu edo panel industrializatuak Andoniren lagun baten enpresan egin dira, Gasteizen. Panel horiek isolamendua hobetzea ahalbidetzen dute, eta energia-kontsumoa % 90 murriztea. “Etxeko horma guztiak lastozko panelekin egin dira. Panelak karez estali dira, etxearen kanpoaldetik zein barrualdetik. Kareak hezetasunetik babesten du lastoa, eta fungizida ere bada. Beraz, lastoa egoera onean mantenduko da urteetan. Ipar Europan, esate baterako, badira ehun urte baino gehiago duten horrelako etxeak”. Panelek 50 zentimetroko lodiera dute. “Etxe barruan aldaketarik gabeko tenperatura mantentzen da, kanpoan eguraldia edozein ere dela; 19-21 gradu artekoa. Bestalde, kareaz gainera, hormak buztinez ere estali ditugu barrualdean. Buztinak inguruaren hezetasuna mantentzen du: hezetasun handia badago, hura absorbatu egiten du; eta hezetasun txikia badago, askatu egiten du”.
Prozesu erraza
Etxeko teilatuak ere merezi du aipamen berezia. “Egurrezkoa da. Gainean, kortxo naturala ipini dugu, eta haren gainean, xafla iragazgaitz bat. Eta xaflaren gainean, lurra eta landareak. Lurraren % 60 harri bolkanikoak dira; eta landareak, kaktus familiakoak. Beraz, ez dute zaintza handirik behar: urtean behin teilatura igo, gauzak zelan dauden ikustera, eta kito. Hori bai, urtaroaren arabera, aterako diren loreak kolore batekoak edo bestekoak izango dira. Adibidez, horiak udan, eta gorriak neguan”.
Urrian ekin zieten etxea egiteko beharrei, eta Andoniren esanetan, oso prozesu erraza izan da. Horrela, bada, etxearen egitura egun banaka batzuetan altxatu zuten. Lanak lagunen artean egiten dabiltza eta oraindik ukitu batzuk eman behar dituzte; besteak beste, margotu egin behar da. Besteak beste, geotermia energia-sistema ipini da berokuntzarako, eta etxea aireztatzeko, eta eguzki-plaka txiki bat ere jarriko da. Era berean, ikerketa geobiologiko bat egin zen, etxearen orientazioaren eta antolamenduaren haritik.