Egin dezagun euskaraz eskolan!

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 26a, 09:38

Zamudioko eskolako neska-mutilak itsasoa zeharkatu duten pirata ekologistak izan dira ikasturte honetan. Baita kobazuloz kobazulo erratz gainean ibili diren sorginak ere. Baina pirata eta sorgin euskaldunak izan dira, eskolan euskararen erabilera bultzatzea helburu duen egitasmo baten barruan egin direlako ekintza horiek. Egitasmoa orain dela 10 urte ipini zen martxan lehenengo aldiz. Eskolan sartu gara, eta piraten leizean gaudela pentsatu dugu. Hormetan, ateetan… edonon ikusi ditugu piraten irudiak eta marrazkiak. Ikasleen argazkiak harrapatuta dauden armiarma-sare handi bat ere ikusi dugu. “Euskararen sareak harrapatu egiten gaituela adierazi nahi du armiarma-sareak”, azaldu digute Karmele Errekatxok eta Marijo Dañobeitiak. Irakasleak izateaz gainera, hizkuntza normalkuntzako proiektuaren arduraduna da Karmele, eta Euskara batzordeko kidea, Marijo. Euskararen normalkuntza proiektua eskolaren ardatza da eta, horren haritik, duela 10 urte hasi ziren euskararen erabilera bultzatzeko kanpainak antolatzen. Ikasturtean zehar bi egiten dituzte. “Ikasleak oraingo ikasleen herenak ziren orduan. Euskara gutxi entzuten genuen haien artean, eta pentsatu genuen halako ekintzak pizgarriak-edo izan zitezkeela haientzat. Egia esan, eta batzuetan gorabeherak dauden arren, kanpainek ondo funtzionatzen dute eta euskararen erabilera areagotu egiten da”. Zamudion D eredua dago, eta halako kanpainak antolatu beharra izatea bitxia iruditu zaigu. Hala ere, ikastetxe asko daude egoera horretan. “Umeek sei ordu ematen dituzte eskolan, eta egunaren gainontzeko orduetan harreman handiagoa badute gaztelaniarekin, bada, azkenean eskolan ere izaten du horrek isla”. Euskara eskolatik kanpoko harremanetarako hizkuntza izatea ere inportantea da, beraz, eta horretarako, hartu-emanetan daude herriko zenbait eragilerekin; Lagatzu euskara elkartearekin eta udal liburutegiarekin, haien artean. “Identitate-sentimendua lantzea ere garrantzitsua da. Euskara zure hizkuntza dela barneratzea eta hura maitatzea”. Txikientzako eredua Kanpainak era ludiko batean egiten dira eta ikastetxe osoak hartzen du parte bertan: ikasleek, irakasleek zein jantokiko langileek. “Ikasgela bakoitzari pertsonaia bat dagokio, kasu honetan pirata bat, eta irudizko ibilbide bat egin behar dute. Horma batean, bost kontinenteak marraztu ditugu eta, batetik bestera pasatzeko, proba bat gainditu behar dute”. Zamudioko piratek bost proba gainditu behar dituzte guztira; esaterako, material birziklatua erabiliz jostailuak egitea eta mural bat pintatzea. “Baina eskolako eremu guztietan euskaraz egitea da inportanteena; euskaraz egiten ez badute, ez dira hurrengo kontinentera pasako”. Kanpainaren gaia eta egin beharreko probak eskolako curriculumari lotuta daude. Hala, erabiltzen dira plastikozko lanak, matematikako ariketak edo musika ekintzak egiteko, ahozkotasuna lantzeko edo elkarbizitzaren inguruko gaiak aztertzeko. “Horman mapamundia dugula aprobetxatu dugu, esate baterako, eta herrialdeek dituzten arazo ekologikoez mintzatu gara”. Bosgarren eta seigarren mailetako ikasleen ardura da kanpainak eta haien barruko ekintzak gainerako ikasleei aurkeztea. Antzezlanak prestatzen dituzte horretarako, dantzaren bat, bertsoak… Eskola apaintzea ere haien ardura da eta gelaz gela pasatzen dira kanpainaren balorazioa egitera eta ikasgela bakoitzaren egoera zein den azaltzera. “Txikiagoek euskaraz egiten ikusten dituzte eta inportantea da hori, haientzat eredua direlako”. Bariku batzuetan, eskaileretako batzarrak egiten dituzte zikloka eta, era asanblearioan, komunean jartzen dituzte kanpainen gorabeherak eta ikasgela bakoitzak egindako lana eta aurrerapenak. 300 ume Gaiaren arabera, eskolara pertsonaia ezagunak edo adituak ekartzeko ahalegina egiten dute, euren esperientzia parteka dezaten ikasleekin. “Adibidez, sukaldaritza landu genuenean, Eneko Atxa izan genuen eskolan, eta Oihane Ziordia zamudioztarra ere etorri zen, txokolatezko trufak egiten irakastera. Unai Ugalde fisikariak Unibertsoari buruz hitz egin zigun, eta Urko Torrek falkoneria erakustaldia eskaini zuen”. Eskolaz kanpoko ekitaldiak ere antolatzen dituzte. Horrela, bada, tailerrak egin dituzte Lagatzuko kideekin eta liburutegiaren arduradunekin, eta, beste irteera batzuen artean, hauek bisitatu dituzte: Urdaibaiko Bird Center, Ekainberri, Madariaga dorrea, Kutxaespazioa, Bengola Natur Energia eta Basque Culinary Center. Aurten, piratek abordatu dute ikasturte amaierako jaia. “Amaiera bikaina ematen diegu kanpainei. Lan kooperatiboa egiten dugu eta, esate baterako, eszenatokia guztion artean atontzen dugu. Ikasgela bakoitzak bere dantza edo ikuskizuna prestatzen du, eta guraso elkarteak zein jantokiko langileek ere zerbait antolatzen dute. Oso ondo pasatzen dugu”. Zamudioko eskolan 300 ume inguru daude. “Lan handia egin behar da hau guztia martxan ipintzeko. Baina pozik gaude, emaitzak benetan positiboak direlako, adibidez, beheko mailetan lortzen da umeek % 100ean euskaraz egitea, eta eskolako ikasle, irakasle zein langile guztiok inplikatzen garelako proiektuan”. Izan ere, irudizko pertsonaia bat ere badute, Pantxika, ikasturte hasieran umeak bisitatu eta euskaraz egitera animatzen dituena. Amaitu berri da aurtengo ikasturtea, eta hurrengoan ere piratak izango dira Zamudioko ikasleak. Izan ere, eskola-egutegi estua izan dute eta ezin izan dira kontinente guztietara heldu. Hori lortzen dutenean, beste gai batean murgilduko dira eta abentura berriei helduko diete. Euskaraz.