Oihala altxatu da

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 16a, 09:49

Amaitu berri den ikasturte honetan, martxan jarri da Txorierriko Antzerki Eskola. Txorierriko euskara elkarteen eta Mankomunitatearen egitasmo bat da, besteak beste, helburutzat dituena euskaraz ondo pasatzea, adieraztea, sortzea eta lagun berriak egitea. Urrian altxatuko du oihala berriro. Antzerki Eskolaren arduradunek balorazio positiboa egin dute bere lehenengo urratsei buruz. Zortzi lagun ibili dira bertan, eta guztiak azaldu dira pozik esperientziarekin. Errepikatzeko gogoarekin. Maite Rosón eta Nerea Miranda larrabetzuarrak, eta Arrate Olazar lezamarra egon dira haien artean. “Aukera sortu zen eta ia pentsatu barik eman nuen izena”, kontatu digu Maitek. “Barruan dudan energia sortzailea garatu behar nuen”. Arrate eta Nerearentzat, berriz, ez da lehenengo aldia izan antzerki munduan, aurretik ere hartu zutelako parte antzezlanen batean eskolan. Esperientzia dibertigarria izango zelakoan, aspaldian antzerkiarekin izan zuten harremanari berriro ekitea erabaki zuten. Josu Camara aktore eta Kukubiltxo taldearen zuzendaria izan dute irakasle, eta, azaldu digutenez, asko ikasi dute. Landu dituzte hitzik gabeko hizkuntza, gorputzaren jarrerak, ahotsa, bokalizazioa… eta ikasi dute kideekin kolaboratzea oso garrantzitsua dela. Ariketa bidez egin dute hori guztia. “Hala ere, oraindik ez dugu lortu geure emozioak ikusleen aurrean adierazten, baina ziur nago lortuko dugula datorren ikasturtean”, esan du Maitek. “Nik eszenatokiaren gainean ziurrago sentitzen ikasi dut”, gaineratu du Nereak. “Baita ondo pasatzen ere. Izan ere, Josuk esaten digunez, guk ondo pasatzen badugu eszenatokian, jendeak ere ondo pasatuko du gurekin”. Oso esperientzia positiboa eta polita izan da hirurentzat. Nahiz eta noizbehinka une txarren bat pasatu duten, ariketa edo eszena ondo atera arte errepikatu behar izan dutelako. “Egia esateko, nik lotsa pasatzen nuen hasieran”, aitortu du Arratek. “Eta orain ere bai, batzuetan, ez pentsa! Eta ez nuen oso ondo ulertzen zergatik egiten genuen ariketa bat edo bestea, mugimenduak landu… Gero, noski, esketxak edo lan txikiak egiten dituzu eta logika topatzen duzu”. Momentu barregarriak Era berean, oso esperientzia baliagarria izan dela ziurtatu digute. Barre egiteko, lotsa galtzeko, norberaren espresioa hobetu eta gaitasunak garatzeko, beste ikasleekin konpartitzeko… Eta euskara praktikatzeko, eskola euskara hutsean ematen delako. Horren haritik, Arrate beldur apur batekin ibili zen lehenengo eskoletan. “Euskaltegian nabil gaur egun, baina eskolan-eta gazteleraz ikasi dut eta pentsatzen nuen zaila izango zela barruan dudana euskaraz ateratzea. Hala ere, oso ondo joan da”. Maite ere pozik dago, hizkuntza aldetik oso ahalegin handia egin behar izan duen arren. Nerearentzat, berriz, errazago izan da, harreman estuagoa duelako euskararekin. “Dena dela, antzerki eskola akuilua izan da eta EGA ateratzera animatu naiz”. Berak eta Maitek barnetegi batean eman dute izena uda honetan. Nereak oraindik ez daki, “beste alderdi batzuk hartu behar ditudalako kontuan”, baina Maitek eta Arratek argi dute datorren ikasturtean jarraituko dutela antzerki eskolan. “Emakumezkoak gara guztiok, eta ondo legoke gizonen batek ere izena ematea, beste ikuspuntu ezberdin bat edukitzeko”. Hamasei urtetik 57 urte arteko antzerkizaleak dira eta, aipatu digutenez, oso aberasgarritzat jotzen dute taldean hainbat adin-tartetako jendea egotea. Hurrengo ikasturteari begira, Antzerki Eskolan izena emateko epea zabaldu da, eta hirurek txorierritar guztiok gonbidatu gaituzte bertan parte hartzera. “Oso momentu barregarriak egoten dira eta primeran pasatzen dugu. Asko ikasten da eta euskara praktikatzen dugu. Gainera, oso jatorrak gara guztiok, eta giro ezin hobea dago gure artean”. Aurreratu digutenez, antzezlan bat aurkeztuko dute laster jendaurrean. Beren lana ikustera joan beharko dugu; edo geu saiatu eszenatoki gainean. Zergatik ez? Izena emateko epea, zabalik - txorierri.antzerkia@gmail.com helbide elektronikora idatzi - Zure herriko euskara elkartean galdetu - Prezioa: 10 €, hilean - Eskola asteazkenetan emango da, 19:00etatik 21:00etara, Derioko Kultur Birikan. - Ikasturteari urriaren 7an emango diote hasiera. - Antzerki eskola euskalduna da eta 16 urtetik gorako lagunei dago zuzenduta. Ez dago bertan parte hartzeko adin-mugarik.