Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar
Paulino Uzkudun boxeolari unibertsala gogoan duela, Bernaro Atxagak testu literario antologikoa idatzi du Nevadako Egunak eleberrian. Luma leunez jasotzen du pisu astuneko Uzkudun letra ederren kuadrilaterora. “Ez da inor oso-osorik gelditzen oroimenean. Gizaki batzuek enblema bikoitza uzten dute atzean. Halakoxea utzi zuen Paulino Uzkudunek, behin batez Euskal Herriko eta Espainiako gizonik miretsiena izandakoak” -dio Bernardok.
Bestalde, Oihartzabal zesta-puntako pilotaria Filipinetan bizi da -isla bat dauka berea, Hong Kong-etik Miami-rako merkataritzari esker lortua-. Beronen aitona, donostiarra, Uzkudunen managerra izan zen. Aita, berriz, buzoa, urpekaria zena, morrosko itzela. Behin, elkarte gastronomikoetariko batean, apustua egin zuen Oihartzabalen aita honek: baietz jan berak eta beste batek -biren artean- hiru kilo txuleta eta hamar kilo patata.
Egin ziren, bada, apustuak notario eta guzti. Heldu da eguna, eta Oihartzabalen aita aurkeztu da hamar arroako txerria sokatik dakarrela. Irabazi egin zuen postura, ezen berak jokatu baitzuen esanaz: “Yo y otro”.
Oihartzabalok bi ziren, berez, bata aipatu dugun Filipinetakoa, eta bestea “Ketxus” deritzana, Makaoko Jai-Alain jokatu zuena. Azken honek, neurrira jositako alkandorak ekartzen zizkion aitari Txinatik. Hain handia izanik, baina, txinoak lehertu egiten ziren barreka tamainarekin. Arrazoia? Bada, sei edo zazpi txino txikik sartu behar izaten zutela setazko alkandora barruan neurrira josi ahal izateko.