Jai ekologikoak

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 29a, 09:35

a: Idoia de Andrés

Abuztua oporretako hilabetea izaten da, eta Larrabetzun hori ez eze, jaietako hilabetea be bada. Izan be, abuztuaren 13tik 16ra bitartean andramariak ospatuko dira; abuztuaren 24an, San Bartolome; eta abuztuaren 30etatik irailaren 1era bitartean, emeteriak, Goikoelexalde auzoan. Intxurreta batzordeak antolatu ditu jaiak, Larrabetzuko Udalaren laguntzagaz, eta biek egin dabe ontziak berrerabilteko apustua. Jaiak ekologikoagoak izango dira aurton. Larrabetzuko Udalak bandoa zabaldu eban uztailean, jaietan sortzen diran hondakinak murrizteko helburuagaz. “Udalak eta 0 Zabor herriko alkarteak gutako askok etxean doguzan edalontzi berrabilgarrei bigarren bizitza bat emon gura deutsegu. Horretarako, edukiontzi bat jarriko da Udaletxeko atarian, erabili ez eta sobran doguzan plastiko birziklagarrizko edalontziak bertan sartzeko. Batzen dana garbitzera eta higienizatzera eroango da, espezializautako enpresa batera; ondoren, herri bazkarietan, jai eta ospakizunetan erabili ahal izango dira urte osoan”. Ekimen honeri esker, Udalak edalontzien erabilgarritasun epea luzatu gura dau, eta bide batez, jaiak jasangarriagoak izan daitezala. Jaietako egitarauek eskaintzen dituen ekintzei jagokenez, abuztuaren 12an, futbol 7 txapelketa batek hasiera emongo deutse andramariei. Betiko legez, jaiak hurrengo egunean hasiko dira, abuztuaren 13an, baina ordurako herriko gazteak martxan egongo dira. Futbola gustetan ez jakenak, ostera, parte hartzeko aukerea eukiko dabe hasiera-hasieratik, abuztuaren 13an egingo dan musika lehiaketan, hain zuzen be. Parte-hartzaile bakotxak bere maila erakutsiko deutso herriari eszenatokiaren gainean. Hurrengo hiru egunotarako, aurreko urteetako egitarau antzeko bat prestau dau jai-batzordeak. Abuztuaren 14an kirolari ekingo deutsagu barriro, goizean triatloi herrikoia eta gauean pelotari profesionalen jaialdia antolatu dituelako. Bitartean, 20:00etan, txupinazoa botako dabe, eta Akermari, Paskuala eta Matxine lehendabiziko aldiz ibiliko dira Larrabetzuko kaleetatik, herriko trikitilariakaz eta txistulariakaz batera. Kalejirea Hori Bai Gaztetxean hasiko da, alkarte horrek aurton 50 urte bete ditualako. Drindots taldearen erromeriak eguna biribilduko dau. Hurrengo egunean, goizean, Bizkargi alkarteak euskal dantzen erakustaldia eskiniko dau. Era berean, arrastian, batez be gazteenek pasauko dabe primeran Gorritiren animaliakaz. Ostean, karrozen kalejirea izango da eta gero, kale-antzerkia eta erromeria. Trapu Zaharrak taldeak Ongi etorri findemundo! saioa eskiniko dau, eta Garilak 26n taldeak, kontzertu bat. Andramariak abuztuaren 16an bukatuko dira. Goizean erraldoiak ibiliko dira kaleetan, eta jai-giroa ez moteltzeko, Sukalki Txapelketea egingo da eguerdian. Arrastirako herri kirolak eta Kataluniatik etorritako castellersak, hau da giza-gazteluak, antolatu dira. Andramarien lekukoa San Bartolomeko jaiek hartuko dabe abuztuaren 24an. Goizean jai zaleak San Bartolomera igongo dira. Handik jaitsi eta paella txapelketa antolatu dabe, eta arrastirako, baita briska eta urkaritxo txapelketak be. Emeteriak Azkenik, abuztuaren 30etatik aurrera Goikoelexea auzoan eukiko dogu Larrabetzuko jaietako azken txanpea. Jaiak hiru egunetan egingo dira eta hareetan ohiko lehiaketak eta txapelketak egingo dira: mus, marmitako, briska.... Gainera, jai-batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu: bertsolariak, igoera Barrenetxeara, idi-probak, zikiro-jana, euskal dantzak Aiko taldearen eskutik, Akermari, Paskuala eta Matxineren kalejirea... Musika zuzenean entzuteko aukerea be egongo da, Luhartz taldeak kontzertu bat eskiniko daualako. Irailaren 1ean Umeen Eguna izango da eta ekintza berezi batzuk egingo dira egun horretan. Goizean, martxa txiki bat egingo da Larrabetzuko plazatik Goikoelexalde auzora. Geroago, jokoak eta herri bazkaria egingo dira, baina bakotxak eroan behar izango dau janaria. Arrastian, Sardina freskue saioa eukiko dogu ikusgai. Holan bukatuko dira jaiak Larrabetzun. Datorren urtera arte, behintzat. ANDRAMARIAK Abuztuak 12, eguaztena –17:00: Futbol 7 Txapelketea (Kanporaketak, 12 urtera artekoak eta 12 urtetik gorakoak. Izena emotea: igerilekuan edo intxurretajaibatzordea@gmail. com helbidean, abuztuaren 9a baino lehen. Abuztuak 13, eguena –17:00: Futbol 7 Txapelketea: finalaurrekoak eta finala. –20:00: Herri afaria + Futbol 7 Txapelketearen sariak banatzea. Ekarri etxetik jateko erabilteko tresna berrerabilgarriak. –22:30: Kantuke: herriko musikariak eta kantu lehiaketea. Banaka, taldeka, zuzenean, play back... Euskeraz. Abuztuak 14, barikua –18:00: Triatloi herrikoia, bikoteka. Izena emotea: igerilekuan edo intxurretajaibatzordea@gmail.com helbidean, abuztuaren 9a baino lehen. –20:00: Txupinazoa, Hori Bai Gaztetxean. Herriko trikitilariakaz, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz eta Matxinegaz. –22:30: Esku pelotea. Jaialdi profesionala. –00:30: Erromeria, Drindots taldeagaz. Abuztuak 15, zapatua –08:00: Sokamuturra. –11:30: Kalejirea, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz eta Matxinegaz. –12:00: Euskal dantzak, Bizkargi dantza alkartearen eskutik. Ostean, pintxoak dastatzea, txosnetan. –17:30: Gorriti eta bere animaliak. –19:30: Karrozak. –22:00: Kale antzerkia. Ongi etorri findemundo!, Trapu zaharrak taldearen eskutik. Ostean, erromeria, Garilak 26 taldeagaz. Abuztuak 16, domeka Pijama gaua –11:00: Erraldoiak kaleetatik, Ondalan konpartsaren eskutik. –11:30: Umeentzako puzgarriak, igerilekuan. –12:00: Argazki jaia, plazan. Fotokola. –14:00: Umeentzako bazkaria. –14:30: Sukalki Txapelketea. –18:00: Herri-kirolak. Erronka: Mungia-Morga-Larrabetzu. –20:00: Castellersak. Ostean, Dantza lehiaketea. –23:00: Erromeria, Tximeleta taldeagaz. SAN BARTOLOMÉ Abuztuak 24, astelehena –Goizean, igoerea San Bartolomera –14:30: Paella Txapelketea. –17:00: Briska Txapelketea. –17:30: Urkaritxo Txapelketea. EMETERIAK (Goikoelexalde) Abuztuak 30, domeka –12:30: Kalejirea eta txupinazoa. –14:00: Marmitako Txapelketea. –17:00: Mus Txapelketea. –19:00: Igoerea Barrenetxera. –22:30: Kontzertua: Luhartz. Abuztuak 31, astelehena –12:30: Kalejirea, Akermarigaz, Paskualagaz eta Matxinegaz. –13:00: Bertsolariak. –17:00: Briska Txapelketea. –18:30: Idi-probak. –19:30: Zikiro jana. –20:00: Dantzak, Aiko taldeagaz. Irailak 1, martitzena Umeen Eguna –11:00: Martxa, Goikoelexaldera. Plazatik. –12:00: Jokoak. Ostean, bazkaria (Bakotxak ekarri behar dau bere janaria). –Arrastian, Sardina Freskue ikuskizuna.