Arrate Orueta, futbolari ohia: “Athleticen jokatze

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 10a, 12:55

t/a: Gaizka Eguzkitza

Arrate Orueta Athleticen emakumezkoen taldea sortu zenetik egon da talde zuri-gorrian, baina ekainean baja eman zioten, ilusiorik eza leporatuta. Arratek ez du uste arrazoi hori bidezkoa denik, baina uda pasatu eta gero hasi da erabakia barneratzen. Futbolari utzi dio, baina jarraituko du mediku lan egiten. Ekainean baja eman zizuten Athleticen. Atsekabea pasatu zaizu? Bai, apurka-apurka barneratzen nabil, senide eta lagunen laguntzarekin. Egia da oraindik ere kostatzen zaidala nire burua taldetik kanpo ikustea eta taldekide ohiak telebistan ikustea. Askotan haiekin gogoratzen naiz, baina tira, aurrera jarraitu behar dut. Zer izan zen txarrena: kalera joatea ala horretarako argudiatu zutena? Ez diot kontu horri buelta handirik eman nahi. Ulertzen dut 31 urte ditudala eta nahitanahiez, taldea uzteko eguna noizbait etorri behar zela. Iaz sarritan jokatu nuen, eta horregatik ez dut ulertzen klubak hartu duen erabakia; are gutxiago niri ilusiorik eza leporatzea. Taldea uzteko eguna nik nahiko nukeen baino lehenago etorri da, baina onartu behar da. Dena den, hitz politak baino ez ditut klubarentzat. Athletici esker nire ametsa bete nuen, eta eskerrak eman behar dizkiet Athleticeko kamiseta janzteko aukera emateagatik. Sekulako momentuak bizi izan ditut bertan eta onena opa diot taldeari. Eta orain zer? Futbola utziko duzu betiko? Ez duzu jokatzeko grinarik? Aspalditik, 14 urte nituenetik nabil astebururo-astebururo jokatzen futbolean eta ia arratsalde guztietan, entrenatzen. Gaur egun ez dut beste talde batean jokatu nahi. Ametsa bete zenuela esan duzu. Zelan bizi duzue Athletic etxean? Izugarri gustatzen zaigu futbola, eta oso Athleticzaleak gara, noski. Txikitan neba eta aitarekin joaten nintzen San Mamesera. Garai hartan esaten nion aitari Athleticen jokatu nahi nuela. Eta berak erantzuten zidan ezin zela, Athleticek ez zuela emakumezkoen talderik. Behin, Athleticen presidenteari gutun bat idazteko esan zidan. Erantzun zidaten momentu horretan ezinezkoa zela, baina gaia aztertuko zutela. Nik banekien ezinezkoa izango zela, baina bihotzean nuen Athleticen jokatzeko nahia hori. Emakumezkoen futbola izugarri aldatu da azken 15 urteotan. Nire adineko neskato batentzat pentsaezina zen Athleticen jokatzea, baina gaur egun hori posiblea da. Guztira 13 urte eman duzu taldean. Onena eta txarrena? Onena egunerokoa izan da. Han bizi nituen momentu zoragarri guztiak etortzen zaizkit burura: ligak irabaztea, partida garrantzitsuak, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izatea... Momentu txarrenei dagokienez, azkar ahazten saiatzen naiz. Agian jasandako zauri larriak izan dira txarrena. Arantzaren bat duzu Athleticen? Kopa ez irabaztea, agian? Ez, ez pentsa. Hala ere, oso gogorra izan zen duela bi urte Bartzelonaren kontra galdu genuen finala: penaltietan irabazi ziguten, oso txapelketa ona egin genuen, ilusio handia geneukan... Zuk hasiera-hasieratik zeneraman emakumezkoen Athleticen. Nolako bilakaera izan du Athleticek tarte honetan? Emakumezkoen futbola izugarri hazi da azken bolada honetan, baita Athletic ere. Hasieran liga batzuk irabazi genituen, baina gaur egun lehiakortasuna askoz handiagoa da: klub batzuek kanpoan fitxatzen dituzte, jokalari batzuk profesionalak dira... Hala ere, Athleticek maila onari eutsi dio eta espero dezagun datozen urteotan titulu gehiago irabaztea. 2002an Athletic sortu zenean oso arrakastatsua izan zen, baina gaur egun ematen du zaletasuna epeldu egin dela... Nolakoa da emakumezkoen futbolaren egoera Bizkaian gaur egun? Bizkaian Athletic talde pribilegiatua da, beste inork baino baliabide handiagoak dituelako: hornikuntza, medikuak... Egia da zaletasuna epeldu egin dela. Taldea sortu zenean, nobedadea zenez eta txapelketa batzuk irabazi genituenez, zaletuek bat egin zuten gurekin. Gaur egun, telebista eta babesleak emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egiten dabiltza apurka-apurka eta hori oso onuragarria da. Dena dela, gehien erakartzen duena garaipenak dira, eta Athleticek berriro irabazten badu Superliga, jendea taldearen atzean ibiliko da. Gustatuko zitzaizukeen profesionala izatea? Bai, noski, baina, zoritxarrez, hori gaur egun ia ezinezkoa da. Eta horregatik neska jokalariok, futbolaz aparte, ikasi edo lan egiten dugu. Zu, esate baterako, medikua zara. Gogorra izan da medikuntza eta futbola uztartzea? Bai. Medikuntza gogorra da, baina beste karrera batzuk ere badira gogorrak. Hala ere, medikuntzan karrera baino, guardiak dira askoz gogorragoak. Izan ere, hilean hiruzpalau 24 orduko lan-jardunaldiak egin behar dituzu eta gero, entrenatzera lo egin barik. Baina, tira, ohitura hartzen duzu eta aurrera egiten duzu. Etorkizunari begira non ikusten duzu zure burua? Auskalo. Momentuz, Gurutzetako ospitalean, Errehabilitazio sailean, nabil lanean eta oso pozik nago. Niri kirola asko gustatzen zait, baita kirol-medikuntza ere, baina ez dakit zer egingo dudan. Arrate Arrate Orueta Olabarria Bilbon jaio zen 1984ko abuztuaren 8an. Txikitan Basaurin bizi izan zen, baina 16 urte zituela, Lezamara etorri zen bizi izatera. Txorierrin 12 urte eman zuen, eta 28 urte zituela Mungiara joan zen, Laukarizera. Gaur egun bertan jarraitzen du. Athletici dagokionez, Arrate 2002an sartu zen klub zuri-gorrian, emakumezkoen taldea sortu zen urtean, alegia. Guztira 13 denboraldi eman du Athleticen, 270 partida jokatu eta 53 gol sartu ditu.