Berbalagun egitasmoa: Beste ikasturte bat, euskara plazaratzen

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 23a, 10:49
Irudia: “Hormako mezuak” erakusketaren kartela
Taldeak osatzen gabiltza eta berbalagunok laster izango dugu dena prest ikasturte berriari hasiera emateko. Ez ahaztu hainbat aukera duzuela izena emateko, izan ere herri guztietan badago talderen bat astegun guztietan eta taldeek ordutegi zabala dute. Helburu asko ditu Berbalagun egitasmoak: euskara kalera ateratzea, euskaldun berriak eta zaharrak harremanetan ipintzea, ikasten dabiltzanek euskara praktikatzeko leku bat izatea… eta lagunak euskaraz ondo pasatzea. Horretarako, eta taldeei dagokienez, aukera zabala dugu bakoitzak bere beharrizanetara eta gogoetara ondoen egokitzen den taldea aukeratu ahal izateko, hala nola kirola egiteko taldeak, ibiltzera joateko taldeak eta kafea hartzeko taldeak. Gainera, izena ematea seme-alabekin ere egin daiteke, eta beste guraso batzuekin denbora librea euskaraz disfrutatu. Era berean, ikasturtean zehar Txorierri mailan antolatzen diren ekintzetan ere har daiteke parte: erakusketak ikustera museora joatea, gastronomia ikastaroak eta kirol ikastaroak, batzuk aipatzearren. Eta proposamenaren bat edukiz gero, hura ere lasai askoz bota dezakezue, ahaleginduko garelako ekintza antolatzen. Txorierri girotzeko ez ezik, Berbalagun egitasmoak hainbat helburu betetzeko ere balio du: euskarari beldurra galtzeko, euskaldunen sarea handitzeko, jende berria ezagutzeko, euskara plazaratzeko… Izan ere, abantailak baino ez ditu berbalaguna izateak. Baina ikasturte berriari buruan erronkak ditugula ere helduko diogu. Hala, ezinbestekotzat jotzen dugu egitasmora euskaldun zahar edo euskara ondo dakien lagun gehiago hurbiltzea, euren laguntza oso garrantzitsua delako ikasten dabiltzanentzat eta euskaldun berrientzat. Talde berriak ere sortu nahi ditugu, batez ere Loiun, eta daudenak sendotu. Datozen ekintzak Eta dinamikan sartzen hasteko, ekintza bi edukiko ditugu urrian. Alde batetik, urriaren 18an Larrabetzura joango gara, inguruan dauden Gerra Zibilaren aztarnak ezagutzera. Bisita gidatua izango da eta Sabin Arana herriko historiazaleak zuzenduko du. Goizeko 10etan plazatik aterako gara eta handik Bulunburu ingurura eta Sarrikola auzora abiatuko dira. Bestetik, urriaren 22an, Bilboko Arte Ederren Museora joango gara “Hormako mezuak” erakusketa ikustera. Erakusketa horretan Museoaren antzinako kartelen fondoa ipiniko da ikusgai. Berrehun lan baino gehiago dira, 1886. urtetik 1975. urtera bitartekoak, eta hainbat gairi buruzkoak: turismoa, zezenketak, kirola, merkataritza, azkoak… Txanda bi egingo ditugu, bata goizeko 10etan, eta bestea goizeko 10:15ean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).