Ikasturtea hasi berri da eta Oier Australian ezagututako ikaskuntza metodologiak barneratzen dabil, horiek lanean ezartzeko. Derioztarra Haur-hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da eta eskola-laguntza ematen du Arinka ikastegian. Hamaika ideia ekarri ditu Ozeaniako herritik.
Oierrek hiru aste eman ditu Adelaida hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko batean, eta tarte horretan Lehen Hezkuntzako beste ikastetxe txikiago bat eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bat ezagutzeko aukera ere eduki du. “Ikasteko beste metodologia batzuk ezagutzeko gogoa nuen eta duela urte bi Ingalaterrara joan nintzen. Oso esperientzia ona izan zen eta hura errepikatzera animatu naiz aurten. Nik abuztuan ditut oporrak eta Australian, negua denez, klasean egon dira”. Australiako gobernuko Hezkuntza Sailarekin harremanetan ipini eta hara joan da Oier.
“Topatu nuen lehenengo berezitasuna klaseak binakatuta zeudela izan zen”, kontatu digu gazteak. Binakatuta? “Bai, lehenengo eta bigarren mailak elkarrekin, bigarrena eta hirugarrena, hirugarrena eta laugarrena… Bigarren mailako ikasle bat bere ikaskideak baino aurreratuago badago, esate baterako, 2-3. mailan ipintzen dute; eta zailtasunak baditu, 1-2. mailan. Horrela lortzen dute arreta askoz pertsonalizatuagoa izatea”. Ez da bera egondako ikastetxean topatutako berezitasun bakarra. “Ikasgelek ez dute aterik. Klasean zaudela beste gelakoak egiten ari direna ikus dezakezu. Errespetua sustatzeko egiten dute, izan ere, besteak ez molestatzeko, zarata gutxi egin behar da”. Tamaina ezberdinetako mahaiak ere badituzte, lurraren arrasekoak, ertainak eta altuak, baita gela komun bat ere. Irakasleak lana bidaltzen die eta ikasleek eurek erabakitzen dute non egin, lurrean etzanda, zutik, gela komunean beste mailetako ikasleekin batera… “Izan ere, euren ustez, ikaslea eroso sentitzen ez bada, kontzentrazioa galtzen du. Eman dezake apur bat kaotikoa dela, baina egia esan, oso ondo kontrolatuta dago”.
Oierren esanetan, teknologia berriak eta robotikoa ohikoak dira hango eskoletan. “Txikiekin, adibidez, Sphero errobota erabiltzen dute matematika lantzeko. Ariketa bat hau izan daiteke: umeek iPad-ean konfiguratu behar dute errobota, denbora-tarte jakin batean distantzia bat egin dezan, gurpilak zenbat buelta emango dituen ere kalkulatu ahal dute… Umeei asko gustatzen zaie eta oso erabilgarria da, ariketa horiek egiteko matematika formulak erabiltzen direlako. Nagusiagoek, beren aldetik, beso robotikoekin egiten dute lan. Horiek konfigura ditzakete, esate baterako haien kontra artzain-jokora jolasteko. Hiru dimentsioko inprimagailuak ere erabiltzen dituzte, errobotak osatuko dituzten aleak egiteko”.
Motibazioa, giltzarria
Ulermena eta idazmena lantzeko, story start-ak erabiltzen dituzte. “Legoko fitxekin istorio bat irudikatu behar dute, deskribatu, idatzi gero… Badago ordenagailurako software bat; argazkiak sartu eta komiki antzeko bat egin dezakete”. iPad ere ikasteko tresnatzat dute hango umeek, eta ohikoa da eskuan hura dutela eskolan zein kalean ikustea. “Besteak beste, Natura eta Historia lantzeko erabiltzen dute. Irakasleak gai bat ipini eta informazioa webgune batean begiratzeko esaten die, eta horrekin lan bat osatu. Autonomoak izatea da helburua”.
Aipatutako metodologietako batzuk gure inguruko ikastetxe batzuetan ezartzen hasi dira, baina apurka-apurka. Oierrek ezinbestekotzat jotzen du horiek erabiltzea. “Alde batetik, ikasleak askoz motibatuago egongo direlako; eta bestetik, praktikan ikusten dutelako zer ikasten ari diren. Eskoletan ordenagailuak sartu dira, arbela digitalak… baina azalean gelditzen bagara… bada, ez dago motibaziorik”. Oierrek berak robotikaren alde egiten du bere klasean, eta momentu honetan Sphero errobota ondo erabiltzen ikasten dabil. Ikastegiko lehenengo egunean sorpresa txiki bat prestatu zien ikasleei. “Liburuak atera eta testu bat irakurri behar genuela esan nien. Aurpegi luzeak baino ez zeuden ikasgelan. Jo, lehenengo eguna da-eta! Lego fitxak ikusi zituztenean, aldatu egin zitzaien aurpegia”.
Jakin-mina mugagabea duela dio, eta Txina edo Kanadara joatea gustatuko litzaiokeela, bertako ikaskuntza-programetan parte hartzeko. “Zenbat eta metodologia gehiago ikasi, askoz aberasgarriagoa irakasleentzat”. Era berean, edozein irakasle ipini daiteke berarekin kontaktuan, ikasitako metodologietan interesa izanez gero, edo Australiara zein Ingalaterrara, hango ikaskuntza-sistema ezagutzera, joan nahi badu.