Larraitz Madinabeitiak: “Euskara erabiltzeak estre

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 28a, 12:27

Tximintx Derioko euskara elkarteak TELP tailerra antolatu du irailean. Tailer horretan hainbat baliabide eskaini dira egoera batzuetan euskaraz aritzeak ekar dezakeen deserosotasunari aurre egiteko. Era berean, emozioak kudeatzeko tresnak eman zaizkie hiztunei, eta portaera asertiboa praktikan ipintzera animatu zaie. Tailerra Larraitz Madinabeitiak, Emun aholkularitza taldeko teknikariak, zuzendu du. Bitxia da pentsatzea pertsona bat deseroso senti daitekeela bere hizkuntzaz hitz egiten… Gure hizkuntza-portaera egunerokotasunean behatzen hasten bagara, jabetuko gara gutxiengoaren hizkuntzetako hiztunok hainbat egoeratan deserosotasun ugari bizi ohi ditugula. Esaterako, ezezagunekin zein hizkuntza erabili zalantzatan izaten gara; solaskideak eh? esaten badigu, gaztelaniara jotzen dugu berehala; euskara ikasten dabilenarekin gaztelaniaz egiten dugu askotan, berak eskatu gabe, asko kostatzen zaiola erabaki dugulako… Euskara erabiltzeak ahalegin handia eskatzen digu askotan eta horrek nekea sortzen digu, estres linguistikoa. Inertziak gaztelaniara garamatza. Gaizki hezitakoa naiz, dendan, banketxean… lehenengo hitza euskaraz esaten badut? Ez horixe. Oso hizkuntza-portaera egokia da, noan lekura noala, lehen hitza euskaraz egitea. Horrekin ez diot inori kalterik egingo, eta solaskideari argi utziko diot nik euskaraz badakidala, eta elkarrizketa hori euskaraz oso gustura egingo nukeela. Gure solaskidea gu bezain argia dela pentsatu behar dugu, eta ulertzen ez badu, galdetuko digula. Konturatu behar gara gure portaera ingurukoengandik ikasi dugula. Beraz, ohartu gabe egiten ditugun portaerak (lehenengo hitza gaztelaniaz) identifikatu behar ditugu, desikasi eta portaera berriak ikasi (lehenengo hitza euskaraz), eta hedatu. Zergatik sentitzen naiz txarto, orduan, beste pertsonak gaztelaniaz egiteko eskatzen badit? Euskaraz bizitzeko ezinagatik, ziur asko. Zorionez, euskaldunok badakigu gaztelaniaz eta sarritan erabiltzen dugu hartu-eman askotan. Baina euskaraz bizitzeko kontzientzia badut, eskaera hori deserosoa egingo zait. Izan ere, Euskal Herrian euskara dakigunok, linguistikoki bikoitzak izan arren, erdiak bagina bezala sentiarazten gaituzte. Lagunak gure artean gaztelaniaz egiteko esan dit, berak euskaraz ez dakielako. Gaztelania hutsean egiten dugu beti. Tranpa da hori? Bai! Luzera begira euskaraz bizi nahi badugu, lagun hori ere konturatu behar da euskara niretzat oso garrantzitsua dela. Euskara ikasteko eta erabiltzeko beharra sortu behar diogu solaskideari. Ikusarazi behar diogu gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna lortuko balu, horrek aukera ugari ekarriko lizkigukeela euskara erabili nahi dugunoi. Elkarrizketa elebiduna, nik euskaraz eta zuk gaztelaniaz, aukera hobea izango litzateke. Koadrilako guztiak euskaldunak gara, baina gaur erdaldun bat etorri da gurekin. Gaztelaniaz egiten gabiltza. Errespetua da hori? Ez. Errespetua norabide bitakoa da. Besteen lekuan jartzeko joera handia dugu, baina besteak ere jarri beharko lirateke gure lekuan. Gainera, kontuan hartu beharko dugu gauza puntuala den, edo luzera begirakoa. Momentu jakin bateko kontua bada, pertsona horrekin gaztelaniaz egingo dut, baina horrek ez du esan nahi gainontzekoekin ere gaztelaniaz egingo dudanik. Guretzat ez da mesedegarria, gure hizkuntza isilarazten dugulako, eta bestea motibatzeko eta euskalduntzeko aukera galtzen dugulako. Aurrekoak eta beste egoera batzuk kontuan hartuta, estres linguistikoa ez da txantxa hartzekoa. Zenbait egoeratan euskara erabiltzeak askotariko gatazka-egoerei aurre egin beharra ekartzen digu sarritan, eta horrek deserosotasuna – sumindura, frustrazioa, nekea…- eragiten digu. Sentsazio horiek zuzeneko eragina dute gure autoestimuan eta zaildu egiten dute norbanako mailan hizkuntza-normalizazioa lortzea. Horren aurrean portaera bi izaten ditugu: euskara alde batera utzi eta gaztelania erabiltzea, ala euskarari eustea. Biek biziarazten digute deserosotasuna. Hala, lehenengoa aukeratzen dutenak sistematikoki bestearen menpe sentitzen dira; eta bigarrena aukeratzen dutenek ere deserosotasun asko bizi ohi dituzte horretara ausartzeko, besteak beste, aurreiritzi ugari dituztelako. Gizakiok estres egoeretatik ihes egiteko joera dugu eta, lasaiago bizi nahian, gaztelaniara jotzen dugu oharkabean. Lekuan lekuko hizkuntza-egoerak kudeatzen ikasi beharra dugu, euskarari ahal dugun leku gehien eskainiz. Horrela hobeto biziko gara eta hiztun osasuntsuagoak eta askeagoak izango gara. Sendagarria da? Bai, estres linguistikoa gutxiagotu dezakegu. Horretarako, gure burua behatu eta aztertu behar dugu, eta poliki-poliki euskarari gure bizitzan leku gehiago egin. Tailerrean ikasitako portaerak benetako elkarrizketetan antzeztu beharko ditugu hasieran, baina ekinaren ekinez ikasten eta trebatzen joango gara, eta gero eta hobeto sentituko gara. Saiakerak jolastzat hartzen baditugu, hobe, eta horrezaz gainera, ondo irtendakoa erregistratzen badugu, hurrengorako baliagarri zaizkigun baliabideak zerrendatuta izango ditugu. Azken batean, portaera berriak probatu, gauzatu eta hedatu behar ditugu gure artean. Teoria praktikara eramatea zaila eta neketsua da askotan. Are gehiago hizkuntzaz ari bagara? Hamaika ahalegin eta saiakera egin beharko dugu, noski, baina uste baino errazagoa da. Pixkanaka joan behar gara aldaketak eragiten, hau da, helburu errazekin hasi eta horiek lortu ahala, zailtasun handiagokoei heldu. Lortzeko errazak diren hartu-eman asko ditugu hobetzeko: erdararako joera duten solaskideekin euskaraz egitea; euskara ulertzen dutenekin; erdaraz egin digun ezezagunari euskaraz egitea… Hizkuntza-ohiturak aldatzea zailagoa da, baina egin daiteke. Frogatuta dago solaskide biek hala nahi badute, hizkuntza hiru astean mantentzen saiatuz gero, hizkuntza-ohitura aldatzen dela. Ebidentzia ugari ditugu inguruan, izan ere, bikote asko dira familian, lanean, kalean… haien arteko hizkuntza aldatu dutenak.