Egun on edo kaixo
ikasturteari
abiatzerakoan
kontuen kontari.
Ipuin kontalariari, ahal bada, ipuin barriak eskatzen jakoz, eta ezin bada, lehengoak, baina beti polito kontatuak.
Ni neu Guggenheimeko txakur loratua sentitzen naz batzuetan eta baserriko txakur beste batzuetan ze, ahausi eta ahausi dihardut euskararen etxeko atarian, ea barrukoak itzartu eta jagiten diran.
Kontua da, 2015eko irailaren 4an Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekan izan nazala. Sartu eta Mikel Zarateren Bizipenen Bultzadaz liburua eskatu deutsat bertako beharginari; BO2848 zenbakiz katalogatutako alea ekarri deust, LZk 1980an argitaratua. Plaza Barrira emoten dauan ezkerreko leihoko argiz hasi dot irakurketa. Zazpigarren orrian eskaintza: “Jose Migel Zarateri, nire aitari -hiru urte baino gehiago kartzelan egonari- eta Julia Lejarragari, nire amari”. Gero, 9. orrialdean Bitoriano Gandiagaren testu gogoangarria dator; handik aurrera, baina, orriak alkarri lotuta topatu ditut, hau da, inork 35 urtean irakurri barik. Halandaze, cutterra eskatuz ebagi egin dodaz orriak banan banan, era horretara irakurri ahal izateko.
Gertaerak zurtz eginda itxi nau ze, bibliotekako arduradunak halako liburu asko dirala apaletan esan deust.
Euskaldunon artean herritar asko da uste dauana euskara kulturako atal bat dala, beste atal batzuen artean. Baina hizkuntza ez da kultura baten zatia, ezpada ze, kulturaren beraren bide, adierazpide eta tresna. Tresna hau bakardadean be -inogaz berbaz ez gagozanean- derrigor behar dogu pentsamenduetarako.
Beraz, euskaraz irakurtzea -kasurako Mikelen Bizipenen Bultzadaz- guztiz garrantzitsua da euskal kulturan bizi gura badogu.