Irailetik eta urtarrilera bitartean Lukie Koiu lehiaketako 2. edizioaz gozatzeko aukera izango dute DBHko ikasle diren Txorierriko gazteek.
Iaz, lehenbiziko aldiz, Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak gazteen arteko hizkuntzaren erabilera sustatzeko proiektu berri bat jarri zuen martxan. Egitasmo honek, alde batetik, euskararen erabilera eta motibazioa sustatzea du helburu eta, bestetik, parte hartze aktiboa eta ludikoa eragitea. Proiektu honek arrakasta handia izan zuen gazteen artean eta horrexegatik Mankomunitateak aurten ere, Lukie Koiu lehiaketako 2. edizioa antolatu du, Txorierriko Mankomunitatea osatzen duten herrietako gaztegune eta gaztelekuen partaidetzaz.
Proiektua 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, hau da, DBHko ikasleei. Iazko edizioan Txorierriko 100 gaztek eman zuten izena lehiaketan, eta aurten ere iazko kopurua mantentzea eta ahal dela gehitzea espero da. Horretarako eta gazteen interesa piztu nahian, institutuko gazteen iritziak eta proposamenak ere hartu dira kontuan proba desberdinak sortzeko orduan.Izen-ematea
Gazteek eskolan zein webgunean eman behar dute izena, bikoteka. Bertan gurasoen baimena deskargatu ahal izango dute eta, hau bete ondoren, emailez bidali beharko diete antolatzaileei edota Txorierriko Mankomunitatean entregatu. Izen-emate epea, beraz, zabalik dago parte hartu nahi duten Txorierriko gazteentzat, animatu eta izena eman http://www.lukiekoiu.com atarian!
Prozedura
Lehiaketak ginkana estiloa dauka eta 3 fasek zehaztuko dute bere ibilbidea. Lehenbiziko faseari iraila hasieran ekin diogu institutuko ikasleen aurrean egindako aurkezpenekin. Izena emateko epea urriaren 19ra arte zabalik egongo da. Izena ematearekin batera lehenbiziko proba egin beharko dute gazteek: beraien burua aurkezteko (taldearen izena, adina, eskola, herria, …) pare bat minutuko bideoa.
Bigarren fasean lehiakideek internet bidezko beste 5 proba egin beharko dituzte. Gazteek egin behar dituzten probetan euskal kultura, ohiko akatsak, Txorierriko ondare linguistikoa eta historikoa eta bertako ohiturak jorratuko dituzte argazki, bideo zein testu idatzien bidez. Hamabostean behin proba bat argitaratuko da webgunean eta jasotako lan guztiak ere bertan azalduko dira, sarean. Azken proban erreportaje txiki bat prestatu beharko dute lehiakideek eta hauen artean 3 bozkatuenek 5 luki (puntu) gehiago jasoko dituzte. Publikoaren bozari antolatzaileena gehituko zaio eta emaitzak urtarrileko lehen astean jakingo ditugu. Orduan 3 talde finalisten berri emango da.
Hirugarren fasea Finala izango da, urtarrilaren 16an, Sondikako Kultur etxean. Hona heltzen diren 3 bikoteek hainbat proba egin beharko dute eta amaieran, nola ez, saria jasoko dute. 1.200 euro banatuko dira finalean parte hartuko duten hiru bikoteen artean, Txorierriko edozein dendatan gastatzeko.
Lehiaketari buruzko informazioa aurkitzeko aski da webgunean sartzea. Tuenti zein Instagramen Lukie Koiu bilatuz gero ere bertan aurkituko gaituzu, non webguneko informazioaz gain makina bat aukera dagoen lehiaketa gertutik jarraitu ahal izateko: probak ikusi, iruzkinak egin, argazkiak igo, lehiakideen artean harremanak sortu, iazko edizioko partaideen probak ikusi... Gogoan izan lehiaketan parte hartzeko www.lukiekoiu.com webgunean eman behar dela izena.