Euskerearen Eguna eta hari lotutako ekintza nagusiak Zamudion egingo dira aurten, azaroaren 27tik abenduaren 4ra bitartean. Egitaraua Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu dau, Lagatzu bertako euskera alkartearen laguntasunagaz. Adin eta gustu guztientzako ekitaldiak egongo dira: antzerkiak, kantaldiak eta bertso-saioa, besteak beste.
“Urtean zehar egiten diran ekintzez eta programez aparte, Euskerearen Eguna aprobetxaten dogu, alde batetik, geure hizkuntzearen balio ludikoa azpimarratzeko eta, bestetik, txorierritar euskaltzale guztiak batuko dituan gune bat sortzeko. Horretarako, ahalik eta adin tarte zabalenera heltzea hartzen dogu beti kontuan”, esan deusku Laura Martinez euskera teknikariak. “Betiere txorierritarren parte hartzea sustatu gura dogu, euskerea kalean erabiltea alegia”.
Egitarau oparoa antolatu da aitatutako helburuak beteteko. “Oso harrera ona daukien eta jente asko erakarten daben ekintzak mantentzen doguz urterik urte, baina beti saiatzen gara gauza barriak sartzen”. Halan, Erramun Martikorenak eta Amaren Alabak taldeak kantaldia eskiniko dabe bariku arrastian, eleizan, eta zapatu goizean familian gozatzeko ekintzak egongo dira frontoian. “Altxorraren Bila izeneko ekintza egingo da eta umeek aukerea eukiko dabe mozorrotzeko, margotzeko, hainbat jolas egiteko... Ostean, Zirika Zirkus pailazoen azken ikuskizuna egongo da”.
Zapatu arrastirako, gurean klasiko bihurtu dan saioa prestau da. “Urtero 200 personatik gora hurbiltzen dira bertso saioa entzutera eta ondoren Taberna Ibiltaria taldeagaz kalez kale abestera. Horregaitik, aurten be, aurreko urteetako erantzun berbera izatea espero dogu”. Zamudioko taldeek domeka goizean hartuko dabe protagonismoa. “Ekintzearen helburua herriko kaleak musikaz eta dantzaz betetea da, eta jenteak bertan parte hartzea. Kultura Etxean batuko gara guztiak, eta gero ibilpide bat egingo dau talde bakotxak”.
Bestalde, eskoletako umeei eta gaztetxoei zuzendutako ikuskizunak egongo dira astean zehar, eta Jon Gomez kazetariak gizarte sareen garrantzia eta arriskuak azalduko deutsez institutuko ikasleei. Bukatzeko, “Futbola Oinarritik Euskaraz” egitasmoa jente-aurrean hartuko da aintzat, eta ekitaldian Txorierriko futbol taldeen arteko partiduak jokatuko dira. “Sei herrietako euskaltzaleak Zamudion batzea gurako geunke, eta antolatu doguzan ekintzetan parte hartzea eta disfrutatzea. Eta kontzientzia biztu be bai: baten batzuek euskerea asteburu horretan ez eze, urteko beste egunetan be erabili behar dala barneratuko balebe, gu pozik”.
Gainerako herrietan
Egitarau nagusiaz gainera, hainbat ekintza egongo dira gainerako herrietan be. Esate baterako, Zorrizketan Lezamako euskera alkarteak antzezlan bi antolatu ditu abendurako. Lehenengoa hilaren 1ean, arrastiko 6etan izango da Udaletxeko Kultura Aretoan. Kontakatillu txotxongilo taldeak Katillukadak lana eskiniko dau bertan. Bigarrena Zentimorik Gabe taldearen eskutik eskiniko da hilaren 3an, Euskarearen Egunean bertan. Antzerki taldeak Putinen guardasola lana aurkeztuko dau arrastiko 7etan, Kurtzeko ermitan.
Derioko Udal euskaltegikoak Amama filmea ikustera joango dira Gurea Aretora, abenduaren 2an. Emonaldi bi egongo dira, bata goizeko 9:30ean, eta bestea arrastiko 6:30ean. Sarrerak euro bi balioko dau eta ekintzea euskaltegitik kanpoko lagunentzat be egongo da zabalik. Derioko Udalak be ipuin kontalaria antolatu dau abenduaren 3rako. Hori arratsaldeko 6etan izango da Kultur Birikan. Ostean, 19:00etan, euskerearen sua biztuko dabe Tximintx euskera alkarteko kideek.
Trokolo Teatroak Burutik jota umeentzako ikuskizuna eroango dau abenduaren 5ean Zamudiora. Ekintzea Lagatzu hango euskera alkarteak antolatu dau eta eguerdiko 12etan eskiniko da Zamudiotorren. Azkenik, Larrabetzun txotxongilo ikuskizun bat egongo da abenduaren 3an, Txinpasmendi hango guraso alkartearen eskutik. Saioa Aitzolek eskiniko dau eta arrastiko 5:30ean izango da Anguleri kultur etxean. Aitzol 16 urteko barakaldarra da eta aurtengoa Larrabetzun aurkezten dauan bosgarren ikuskina izango da. Horren ostean, “365 egunak dira Euskerearen Eguna” ekitaldia egingo dabe Arrekikili Larrebetzuko euskera alkartekoek. Lekua oraindik zehaztuta ez badago be, aurreratu deuskue arrastiko 7etan izango dala, eta ospakizun herrikoia izango dala. Beraz, lagun guztiak dagoz konbidatuta.