Chafik-ek 33 urte ditu eta Tunisiakoa da. Cum laude doktoratu da Genetika molekularrean, eta ikasketa-espediente zabala edukitzeaz gainera, lau hizkuntza hitz egiten ditu: arabiarra, frantsesa, ingelesa eta gaztelania. Zamudion finkatutako gaztea aukera baten bila dabil.
Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?
Ikasketek. Nekazaritza ingeniaritza egin nuen Tunisian eta ikasketak 2008. urtean bukatu nituen. Urte horretan, beka bat lortu nuen Zaragozako Agronomia-Institutu Mediterraneoan landareen hobekuntza genetikoari buruzko masterra egiteko. Masterraren lehen urtea bertan egin nuen, baina bigarren urtean Lleidara, IRTA ikerkuntza institutura, joan nintzen proiektua jorratzera. Gari gogorraren barietateak genetikoki zelan hobetu aztertzen ibili nintzen proiektuan. Ondoren, 2010. urtean, plaza lortu nuen Euskal Herrian genetika molekularraren inguruko doktoradutza egiteko.
Non egin duzu doktoradutza?
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, CIC Biogune Institutuan hain zuzen ere. Institutuan lau urte eman ditut: lehenengo biak doktoradutza egiten; eta beste biak praktikaldiko kontratuarekin. Animalien gaixotasun neurodegeneratiboei zelan aurre egin ikertzen ibili naiz, gero gaixotasun horiek animalietatik pertsonengana pasatzea ekiditeko. Ardiekin egin dut lan.
Aizu, Cum laude doktoratu zarela esan digute.
Bai, oso pozik nago. Asko ikasi nuen.
Kontratua agortu zaizun arren, harremanetan jarraitzen duzu CIC Biogune Institutuarekin. Zertan zabiltza?
Oraindik lana daukat egiteko. Ikerlariek zientzia-artikuluak argitaratu behar ditugu eta momentu honetan artikulu bat idazten nabil. Eta buruan badut beste artikulu baten eskema… Bitartean, lan bila ere banabil, Estatuan zein Frantzian. Ikerkuntzan aritzea gustatuko litzaidake. Ikerkuntzak oso eremu zabala hartzen du, eta niri ez litzaidake inportatuko esparru batean edo bestean lan egitea.
Eta zelan ikusten duzu?
Zaila. Alde batetik, lan askotarako herritartasuna eskatzen didatelako; eta bestetik, gero eta murrizketa handiagoak daudelako ikerkuntza arloan. CIC Biogunen, esate baterako, 10 lagun geunden orain dela hiru urte; eta laster bost pertsona baino ez dira geldituko lantaldean. Ikerkuntzak aurrera ateratzeko baliabiderik ez dago, eta proiektuak bertan behera utzi behar dira. Tamalgarria da, ezin dut ulertu… Neska batzuk ezagutzen ditut kanpora lan egitera joan direnak; Estatu Batuetara eta Kanadara hain zuzen ere. Herri horietan bai egiten dutela ikerkuntzaren aldeko apustu handia. Dena dela, ikerkuntzan ezin bada, ni prest nago edozein lanetan aritzeko, oinarrizko beharrizanak bete ahal izateko.
Zelan betetzen dituzu beharrizan horiek orain?
Praktikaldiko kontratua amaitu zitzaidanean, zortzi hilabeteko langabezia eduki nuen, eta hura uztailean agortu zitzaidan. Familiaren dirutik bizi naiz momentu honetan.
Ikasketengatik Estatuan egoteko baimena martxoan agortuko zaizu. Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Bai, martxorako zerbait topatu beharko dut; osterantzean, Tunisiara itzuli behar. Egia esan, nik ez dut hemendik alde egin nahi. Bost urte daramatzat hemen eta lagun asko ditut, hemengo bizimodura egokitu naiz… Beste erremediorik ez balego, itzuli beharko nintzateke, baina azken aukera izango litzateke. Tunisian egoera oraindik ez dagoelako oso ondo. Iraultzaren ondoren, herriak egonkortu behar du eta horrek denbora eskatzen du.
Zelan izango litzateke zure etorkizuna Tunisian?
Tituluak baliozkotu beharko nituzke, noski, baina, curriculum ona eduki arren, badakit kostatuko litzaidakeela lana topatzea. Ez dut uste ikerkuntzan aritzeko aukera handirik edukiko nukeenik, bertan ere ikerkuntzari behar besteko garrantzirik ematen ez zaiolako. Ziur asko, oposaketak egingo nituzke, ea unibertsitatean-eta irakasle moduan lana topatzen dudan.
Jasminen iraultza
Aurten, Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteei eman diete Bakearen Nobel saria. “Gauza ona izan da, Tunisia iraultzatik ondoen atera den herri arabiarra delako, baina hori munduari begira da. Hango egoera oraindik ez da ona, herritarrek ez dute egonkortasun ekonomikorik eta erronka handiei egin behar zaie aurre”.
Chafik Euskal Herrian harrapatu zuen Jasminen iraultzak, 2010. urteko abenduan. Ben Ali Tunisiako tiranoak hilabete bat beranduago egin zuen ihes herritik, protestak geldiarazi ezinik. “Herriak behar zuen matxinada. Ustelkeria handia zegoen Gobernuan, lapur asko, kutunkeria… Herritarrak, berriz, egoera txarrean zeuden, langabezian, aukerarik gabe… Horrela urte batzuk eman ahal dira, baina gero ezin duzu gehiago jasan eta azkenean lehertu egiten zara. Dena dela, herria egonkortzea ez da goizetik gauera egiten den gauza. Nire ustez, oraindik ere urte batzuk behar dira horretarako”.
Chafik-ek jakin badaki Tunisiak beste herri arabiar batzuek baino errazago eduki duela demokratizaziorako bidea. “Siria, Irak… Gogorra eta tristea da, benetan, Europara ailegatu nahi duten immigranteen egoera, hildakoak, umeak… Europak badu erruaren zati bat, nahi izanez gero arazori errotik heldu ahal izango liokeelako”. Zoritxarrez, herrialdeen arteko harremanak korapilatsuak dira, interesak daude, ekonomikoak, politikoak... “Eta esku asko, herriak egonkortzea nahi ez dutenak”. Jasaleak, beti herritarrak.
Aipatu digu berak ez duela inoiz arrazakeria pairatu. “Oso pertsona zabala naiz eta ez dut arazorik lagun berriak egiteko”. Hala ere, uler dezake batzuk mesfidatiak izatea. Lehen egon zitezkeen aurreiritziei erradikalismoa gehitu behar diegu orain. Adibidez, Europan alerta maximoa ezarri da Pariseko atentatuen ostean, eta martitzenean Tunisian ere egin zuten atentatua. “Baina horiek musulman faltsuak dira, Islamek ez duelako hiltzeko, lapurtzeko… agintzen. Erlijioz mozorrotzen da, baina atzean badaude ekonomia eta botere arloetako interesak”.