Toti Martinez de Lezea, idazlea: “Kostatu zait nob

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 26a, 14:23

a: Aritz Albaizar

Larrabetzuko idazleak beldurrari buruz dihardu Isilpean gordea bere azken nobelan. Pentsatzeko, esateko, iritzia emateko… beldurrari buruz. “Beldurra oso presente egon da gure guraso eta aitita-amamen bizitzetan. Gerra gabe, “hari” eta “haiei” buruz hitz egin duen belaunaldi bat izan da. Ez zen izenik esaten”. Memoria historikoaren gaineko nobela topatuko dugu? Egia esan, beste memoria batez aritu naiz nobelan. Izan ere, garai hartaz mintzatzen denean, gertaeretan, bandoetan, batailetan, pertsonaiengan… ipintzen da arreta, eta halako nobela asko eta asko daude. Beste zerbait egin nahi nuen nik, eta arreta pertsona arruntengan ipini; haiei buruz hitz egiten ez den arren, bizitzaren eta gizartearen parte diren haiengan. Neurri batean, amari egindako omenaldia da, nahiz eta hark ez zuen inola ere pairatu protagonistak sufritu duena, eta bila ibili diren emakume eta gizon horiei guztiei ere egin nahi izan diet omenaldia. Istorioa bilaketa bat delako. Noren/zeren bila dabiltza pertsonaiak? Oso une gogor batean banatu zituzten pertsonaien bilaketa da. Istorioaren hasiera kontatuko dizuet: emakume zahar bat hil da eta dirutza handia utzi du. Alaba notarioarengana joan da eta neba nagusi bat duela enteratu da. Herentzia kobratu nahi badu, neba topatu beharko du eta horretarako, ikertzaile bat kontratatu du. Ez dago nebaren arrastorik, eta pentsatzen dute, amaren ibilbideari jarraituta, beharbada, neba aurkituko dutela. Meli da pertsonaia giltzarria. Melik eta bere senarrak ezkontza zibila egin zuten Errepublika garaian, baina estatu-kolpearen ostean ezkontza zibilak bertan behera utzi ziren. Gainera, seme bat izan zuten eta Melik hura ezkutatu zuen, ken ez ziezaioten. Baina Meli salatu zuten, inbidiagatik, eta kartzelan sartu zuten. Garai hartan, askok inbidiagatik eta liskar pertsonalengatik salatu zituzten lagunak eta senideak, eta hori gertatu zitzaion Meliri ere. Ez nuen gai politikoa aipatu nahi eta horre-taz baliatu naiz. Beldurrez bizi den emakumea da. Eta garai hartan ez ezik bere bizitza osoan ere; eta kontuan hartu behar dugu oso bizitza luzea izan duela, gainera. Baina beldurra hezurretaraino sartuta zuen, buruan… Kostatu zait gerra eta frankista, falangista, errepublikano… bezalako hitzak ez aipatzea, baina arreta Melirengan ipini nahi nuen, eta azaldu zergatik zuen beldurra, zeintzuk izan ziren haren bizipenak. Zer kontatu ahal diguzu beste pertsonaiei buruz? Ikertzailea dugu. Berrogei urteko gazte bat, ez lanbiderik ez bestelako egitekorik duena, eta batez ere adulterioak ikertzen dituena. Bere etxean ez dute inoiz gai honi buruz hitz egin eta ez dakit zer gertatu zen. Gizona bilatzeko kontratatzen duenean, eta ikerketan aurrera egin ahala hasten da jabetzen garai hartan geratu zenaz. Gero, zaharrak ditugu: hitz egin nahi ez dutenak eta nahi dutenak. Eta azken hauek ere ez dute gorrotoz egiten. Kostatu zaizu gai honi buruz hitz egitea? Bai. Izugarri gustatzen zait idazten dudanean ondo pasatzea, baina hau gai mingarria da. Batez ere hasieran kostatu zitzaidan, gero zentratzen zara eta aurrera jarraitzen duzu. Gainera, agiri pilo bat irakurri behar izan dut. Memoria berreskuratzea inportantea da, zure ustez? Jakina! Herri honetan isilik eman ditugu urte asko, etxean hitz egiten, baina ez kanpoan. Protagonistetako batek esaten duen moduan, ez da mendekuari lotutako kontu bat, justiziari lotutakoa baizik. Zergatik isildu behar dut amari edo aitari gertatu zitzaiona? Zergatik ezin dut haren memoria, haren hezurrak, berreskuratu? Eta ez naiz bandoen, politikaren ikuspuntu batetik ari, giza ikuspuntu batetik baizik. Inportantea da gertatu zenari buruz hitz egitea. Esaten da iragana ezagutzen ez duen herriak akats berberak egingo dituela (beno, egia da batzuetan jakinda ere errepikatzen direla), eta gu historiaren parte eta emaitza gara, beraz, ezagutu egin beharko genuke hori. Gainera, pairatzen duen belaunaldiak ez du inoiz ahazten. Rajoyren gobernuak ez du dirurik eman memoria historikoaren berreskuratzeko. Zer deritzozu? Diru-laguntzak eta erraztasunak emanez gero, gaur egun dagoen amorrua ez litzateke hain handia izango, ziur asko. Gertaerak onartzen direnean, ondo goaz; baina ezkutatzen saiatzen denean, bada, haserretu egiten gara. “Horiek istorio zaharrak dira edo aititaren gerra” esatea ere… ba, beitu, aitita oraindik dago bizirik, beharbada. Eta oso gogorra izan zen; gerra zein frankismoa. Gertatu ez balitz bezala jokatu nahi da; ba, ez, gertatu zen, eta onartu eta esan egin behar da. Normaltasun politikoaz hitz egingo da inoiz gure historiaren zati horri buruz? Espero dut baietz, baina uste dut, horretarako, beste belaunaldi bat pasatu beharko dela. Gizartearen zati bat hemen ez dela ezer gertatu esaten setatzen den bitartean, ez dugu aurrera egingo.