Liluratura: New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 27a, 09:51

Testua: Atotz Goikoetxea

Autorea: Gotzon Garate Argitaletxea: Elea, 2004 (174 orr.) Gotzon Garate handiaren pasadizoak New Yorkeko harlauzarik higatuenetan dabiltza hara-hona. Zeruaren eta lurraren artean tinko eusterik ez duten gizakumeen argi-ilunak dira, pausorik pausora arnasbehartuta, hainbatetan etsipenak jota, iragaten direnena. Ipuin sorta batek osatzen du zorigaitz zirraragarrien katea. Eta ostendu egiten dira minutu guztiak erlojutik, lerroetan barna sartzen gara, erreparatu gabe gurpilek garraiatu edo besaulkiek eserita gauzkaten. Gotzonen lumari bizitzaren artea aspaldi ikasitakoaren kolorea dario; maisutasunez, bere egiten du Samuel Johnsonen ideia, beti aintzat hartzen zuena: hizkuntza pentsamenduaren jantzia da. Euskalkien neurriz albaindutako hariak galazko bihurtzen ditu narrazioen jantziak. Ez du alde batera uzten esperimentazio estilistikoa (“Ahaztu”), eta segida ematen dio bere ibilbide oparoan iaiotasunez etxekotu duen nobela beltzari (“Jon Bidarteren beste kasu bat”). Mintzoa gardendu egiten zaio erakusteko zazpi probintzietako lurrek sortzen dioten lilura (“Esker ona”). Gizakiarenganako txundidurak elikatzen ditu orrialdeak; Gotzonek berak agertzen dizkigu Sofokles poeta tragiko grekoaren berbak: “Gauza asko dira harrigarriak; denetan harrigarriena, ordea, gizakia”.