Testua: Jose Angel Mentxaka, Liluratura Derioko taldekoa
Egilea: Mikel Peruarena Ansa
Argitaletxea: Susa
Liburu bat norberak irakurtzeko arrazoia leku ezberdinetatik heldu daiteke. Beharbada, Durangoko Azokan asko saldu delako, egilea gustukoa duzulako eta berria noiz aterako duen zain zaudelako, lagunen batek gomendatua... Baina hau beste bide batetik etorri zait. Gidatzen nindoala, irratian Mikel Peruarena idazleari egindako elkarrizketa entzun nuen kasualitatez. Niretzat ezezaguna zen idazlea eta Su zelaiak bere lehen nobelaz berbetan zeuden. Nobelaren hasiera komentatzen zebiltzan eta gaiak nire atentzioa piztu zuen.
Euskal Herriko iparraldeko hainbat herritan, Iholdi, Sara, Ezterenzubi, Donibane Garazi, Kanbo, Monjolos... elizetako ezkilen errepikak jo eta jo dabiltza. Baina oraingoak ezezagunak dira, herritarrak gerrara deitzekoak dira, beleak inguruan hegaz dabiltzan bitartean. Lehen Mundu Gerra hasi da Europan, eta gazte eta ez hain gazte guztiek partitu beharko dute berehala. Gehiengoa ez doa triste. Abesti, otoitz eta "Biba Frantzia" garrasien artean pozik doaz laster itzuliko direlakoan, alemanak menderatuta.
Irratian entzun eta egiaztatu dudanez, ez dago jakiterik zein izango den nobelako protagonista. Behin Belgikako lurretara helduta eta erreketan (lubakietan) sartuta, gazteak hiltzen doaz. Apurka-apurka. “Obus bat zapartatu, eta bertze orduz...”. Iparraldeko edozein herriko plazatan dauden monumentuetako "morts pour la patrie" horiek dira protagonistak.
Liburua erosi eta irakurtzen nenbilela Euskadi Literatura saria eman zioten nobela honi. Beste arrazoi bat irakurtzeko? Beharbada bai, baina jakin ezazue egileak, Mikel Perurenak, ez zuela saria onartu. Ez ei dago ados literatur maila horrelako sariekin epaitzearekin.
Dena den, saritua edo saritu barik eta apur bat kostata erabiltzen duen ekialdeko euskaragatik, gustura irakur daitekeen nobela da Su zelaiak.