Testua: Juan Luis Goikoetxea ; irudia: Aritz Albaizar
Auzolana auzokoek elkar harturik egiten duten lana da; Euskal Herrian aspaldiko tradizioa du, eta horko filosofia ederto baten adierazten digu atsotitzak: Auzolan, Etxean jan eta kanpoan lan.
Atsotitzaren hariari jaramon eginik aztertuko dugu labur Institutuaren inguruko auzolana eta Baserri Antzokiarena. Bitzuetan, hasierako batzarra egin zenetik lehen harria jarri zenera, gutxienez, bost urte pasatu izan dira; bost urtez egin da behar auzo lanean. Txorierri Institutua sortzeko lehen batzarra 1977ko otsailean egin zen, eta bost urtegarrenean abiatu zen eraikuntza.
Baserri Antzokia -irabazteko xederik gabekoa-, ostera, fundazio legez Andres Urrutia notarioaren bulegoan 2010-06-28an sinatu zen, eta lehen harria 2015-10-30ean jarri. Zer auzolan egin da bost urteko epe horretan? Hara: orubea lortu; arkitektoaren proiektua gauzatu; inbertsiorako dirua bankuetatik nahiz partikularrengandik eskuratu...
Baina, zein da artikulu honetan Baserriaren eta Institutuaren arteko lotura? Bada, auzolana eta euskararen eta euskal kulturaren biziberritzea.
Euskararen legearen mende-laurdeneko balorazioa egiterakoan, 2007an, M. Zalbidek zioen: Desoreka handia dago eskolan eta eskolaz kanpoko jardun-guneetan egin denaren artean. Eskolaz kanpoko jardun-guneetan, harreman-sareen eta solaskide-multzoen falta sentitu izan da maiz eskolaren lana osatzeko: kirolean, astialdi antolatuan, gazteentzako zerbitzuetan eta abar.
Baserri Antzokia -euskarako elkarteen eta euskaltzaleen egitasmoa- Txorierri Institutuaren -eta eskolen- urteetako ahalegin bikaina osatzera dator eskolaz kanpoko jardunean.