Ivan Pérez, barrea eragiteko bokazioa

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 29a, 10:58
Ezkerretik eskuinaldera: Iván Pérez, Juan Muñoz (Cruz y Raya) eta Aitor Vidaurreta
Encomediados lehen lerroko komikoak batzen dituen umorezko zirkuitua da, eta Txorierrin, Derion hain zuzen ere, urtarrilean egon da lehen aldiz. Iván Pérez derioztar gaztea egitasmoaren produktoreetako bat da eta pozik azaldu da publikoak emandako erantzunagatik. "Harrigarria. Aretoa leporaino bete zen eta badakigu batzuk sarrera barik lotu zirela”. José Andrés (Cruz y Raya) eta Juan Muñoz komikoek hasiera eman diote Encomediados biraren barruan Derion egingo den umorezko gau-sailari. Horrela, bada, otsailean Xabier Deltell (Cronicas Marcianas) eta José Campoy (Sopa de Gansos) igoko dira Gurea Aretoko eszenatokira; eta martxoan, Bermúdez (El Club de la Comedia) eta Rafa Forner (Comedy Central). “Bira Euskal Herri osoan zehar egiten dugu, irailetik ekainera bitartean, eta Estatu mailako komikorik onenak ekartzen ahalegintzen gara”, azaldu digu Ivanek. Besteak beste, Astrabuduan, Gernikan, Aretxabaletan, Barakaldon eta Durangon itxi dituzte hitzorduak. “Gure helburua ez da bakarrik bakarrizketak antolatzea. Komedia benetako protagonista den guneak sortu nahi ditugu, jendeak barre egin dezan eta bakarrizketen munduan “hezi” dadin”. Iván Pérez “Iván Ivenian” bezala da komedia munduan ezaguna. Txorierrin 2010. urtean jakin genuen berari buruz, Izarren Distira gazteei zuzendutako talentu lehiaketa irabazi zuenean. Harrezkero bakarrizketagile aritu da eta Bocabeats umorezko bikotea osatzen du Aitor Vidaurretarekin batera. Produktore bihurtzea era natural batean sortu da. “Beste aurrerapauso bat eman eta enpresa sortzeko proposamena nire agenteak egin zidan. Encomediados halaxe sortu zen. Hirugarren denboraldian gaude murgilduta eta, egia esan, orain da lan gehien daukagun momentua. Eta Estatuko komikorik onenak ere prest daude gurekin lan egiteko”. Publizitatea eta Harreman Publikoak amaitu berri ditu Leioan, eta azken urteotan ikasketak, eszenatokia eta produktore-lanak uztartu egin ditu. Era berean, irratian aritu da kolaboratzaile. “Encomediados bezalako enpresa baten lan egiteak aukera ematen dit ikasitakoari lotutako lan asko egiteko. Oso pozik nago berton. Batez ere hazten goazela ikusten dudalako”. Hala ere, sektorea momentu zail batean dagoela aitortu du. “Lehen baino areto gutxiago dago eta daudenek aurrekontu txikia daukate. Gainera, komikoek gero eta eskari handiagoa jasotzen dute, eta zaila da bakarrik komedian lan eginez bizirautea. Hala ere, lan handia, eta ondo, egiten baduzu, proiektua aurrera eraman dezakezu, eta bizimodua atera. Komiko askok esan digute zirkuitua oso ondo antolatu dugula eta erabat sendotuta dagoela. Halakoak bakarrik Madril edo Bartzelonako zirkuituei buruz esan ahalko lirateke, baina urteetan lan handia egin ostean, geuk ere lortu dugu kalitatezko umorezko zirkuitua antolatzea”. Bizitzako inportanteena Bere lanarekin izugarri disfrutatzen duela esan digu, eta saririk onena, publiko adikorra dela, asko barre egiten duena eta txalo-zaparrada botatzen duena. “Ehunaka pertsona zeure ateraldiekin barrez lehertzen daudela ikustea baino hoberik ez dago. Zerbait ezberdina egiten duzunean, esate baterako Bocabeats taldean jorratzen dugun ikuskizun mota, eta publikoak hori baloratzen duenean, poz handia izaten duzu. Bestalde, zaila da komedia egitea umore onean ez zaudenean, edo publiko errespetugabeari aurre egin behar diozunean. Baina ez da Euskal Herriko publikoaren kasua; komiko guztiek azpimarratzen dutenez, bertokoa oso publiko adeitsua da”. Oso lan dibertigarria eta atsegingarria da Ivánena eta, bere ustez, umorea gure bizitzako gauzarik inportanteena da. “Umorea gure bizitzako edozein egoerari lotu diezaiokegu, eta ezinbestekoa da geu zein inguruan dauzkagunak zoriontsuak izateko”. 121.000 bistaratze Ivánek bost urte daramatza komedia egiten; bera bakarrik hasieran eta Bocabeats taldean beranduago. Kasu bietan, Derioko Gurea Aretoan egin zuen debuta, eta urtarrilean berriro igo zen hango eszenatokira, Encomediados zirkuituaren aurkezle ibili zelako. “Herritarrek zoriondu egin naute ondorengo egunetan ere bai”. Berak eta Aitor Vidaurretak bakarrizketa eta beat box-a (musika-oinarriak ahotsarekin egitea) uztartzen dituzte Bocabeats taldean, eta zerbait berezia egiteak komedia-zirkuituetan ateak zabaltzen ari zaizkio. “Oso komiko ospetsuak ezagutzen ari gara eta haiek ere hasi dira gure lana ezagutzen. Gozamen handia da eta, gainera, haiengandik asko ikasten gabiltza”. Bikotea ospetsu bihurtu zen Gabonetan, Facebook-ean. Izan ere, euskarazko eta gaztelaniazko Gabon-kanten bertsioa egin zuten, reggaeton musika erabilita, eta bideoa gizarte-sarean ipini zuten. “Oso parodia dibertigarria atera zitzaigun eta aste betean 121.000 bista eduki genituen, 2.000 like, eta 2.000 lagunek baino gehiagok partekatu zuten bideoa”. Hain zalaparta handia sortu zen, ezen Euskadi Irratitik eta Euskadi Gaztetik ere deitu zieten azalpenak emateko. “Whatsapp-en bidez ere zabaldu da, baina ez dakigu zelako hedapena eduki duen. Batzuek kaletik ezagutu eta guzti egiten gaituzte”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).