Hala dio Mintzalagun egitasmoaren leloak, eta Txorierriko berbalagunok horretaz baliatu gara zuregana jotzeko. Izan ere, zurekin euskaraz hitz egiteko gogo handia daukagu. Euskaraz hitz egin eta euskaraz bizitzeko gogo handia.
Mitzalagun, Berbalagun, Solaskide… Egitasmoak izen ezberdinak hartzen ditu herriaren arabera, baina guztiek helburu bera dute: euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten lagunak ohiturarik ez daukatenekin harremanetan ipintzea. Gaur egun, 6.000 lagun inguruk hartzen dute parte Euskal Herri osoan hedatutako egitasmoetan.
Euskara praktikatu eta gure hizkuntza zabaltzeaz gainera, berbalaguna izateak balio erantsia ere ekartzen dizu, besteak beste, hobetzen laguntzen dizulako edo beste lagun bati hobetzen laguntzen diozulako, lagun berriak egiten dituzulako eta dibertitzen zarelako. Nahikoa da asterik behin, ordubetez, lotzea, nahien duzuna euskaraz egiteko: pasieran ibili, kafe bat hartu, parkean solasean lasai-lasai egon… Baina ez hori bakarrik, egitasmoa gurean sortu zenetik, Txorierriko berbalagunok hainbat ekitaldi antolatu ditugu; esate baterako, mendi irteerak, sukaldaritza ikastaroak, afariak, lehiaketak, perretxikotan ibili, astronomia ikastaroa, txakolindegi bat bisitatu… Eta datozen hilabeteetan ere dinamika horretan jarraituko dugu. Hala, errota bat bisitatzeko asmoa daukagu, museora joan, sukaldaritza ikastaro bat egin…
Datozenak
Otsailean, hain zuzen ere, ekintza bi edukiko ditugu. Otsailaren 3a San Blas da eta gu Abadiñoraino hurbilduko gara, hango merkatua ezagutzeko. Egun erdiko ekitaldia izango da eta goizean egingo dugu. Bestalde, otsailaren 18an Euskaltzaindia euskararen akademiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera edukiko dugu. Hala, bisita gidatua egingo dugu bere instalazioetatik, eta hitzalditxo bat ere emango digute, akademiaren eginkizuna hobeto ezagut dezagun. Hitzaldiaren ostean, Osoko Bilkura gelara igoko gara eta bertan dauden margolanez baliatuta, euskaltzainburuen historia eta datuak ezagutuko ditugu. Azkenik, Azkue Biblioteka bisitatuko dugu eta Artxiboko irakurle gelan Luis Luciano Bonapartek egindako euskalkien mapa originala ikusiko dugu. Bisita gidatuan izena emateko epea otsailaren 11n amaituko da. Era berean, ekintza bietan izena emateko, ohiko telefonora deitu behar da. Zuk ere nahi duzu gurekin hitz egin? Animatu, beraz, Berbalagun egitasmoan parte hartzera eta Txorierriko euskaldunen sarea handitzera.