Tradizino bihurtutako apustua

Aikor aldizkaria 2016ko ots. 29a, 13:30

Felix Libanok eta Kotxelis Apoitak 20 eta 26 urte zituen, hurrenez hurren, Oiz mendira (1.026 m), Zapatu Santuan, lehen aldiz igon ziranean. Andoni Azkorra orain dala 35 urte batu jaken. Lagunen arteko apustua 50 urte bete dituan tradizino bihurtu da. Batzuk eleizkizunetatik, eta beste batzuk beste zereginetatik etozala, Sondikako zortzi lagun 1966. urteko Bariku Santuan, iluntzean, lotu ziran herritik txikitotan ibilteko. Tragua dala eta ez dala, goizaldeko hirurak jo zituan eta ardaoak eragindako adoreak ahoberokerietan ibiltera be animau zituan. “Ezetz...” hasi zan bat, “Ezetz...” jarraitu eban besteak, harik eta Kotxelisek asmau eban arte. “Ezetz bihar goizean Oiz mendira igon!”. “Baietz ni igon, jaitsi eta, beharrezkoa bada, zuenetariko batzuk tontorreraino eroan be!”, erantzun eutsan Kataretxak. Eta hurrengo goizean, zortzi lagunak Seat “600” baten eta moto bitan abiau ziran Oiz mendira. Lau litroko zahagia be eroan eban Felixek. Autoa eta motorrak Trabakuan itxi eta, bueltan bazkaltzeko, indaba-jana eta txuletak prestetako eskatu eben hango jatetxe baten. “Apustua bota ostean, batzuk etxera joan ginan apur bat lo egitera, baina beste batzuok parrandan jarraitu genduan. Beraz, pentsa daizuen! Penagarria! Igoten hasi eta bik ahulaldia hartu eben. Tontorreraino igoten lagundu behar izan geuntsen, gelditu, aidea emon... (kar, kar). Hareetako bat Kataretxa izan zan; jatun handia, baina egun horretan ezta indabak probau be. Zurbil-zurbil egoan. Prakak estuegi eukazala zioen (kar, kar)”. Hogei urtetik 26 urtera bitarteko zortzi mutil izan ziran Zapatu Santuan Oiz mendira igoteko ohiturea zabaldu ebenak. Aitatukoak, gehi Nilo, Kankel, Juan Mari, Txetxo eta Goio. “Hurrengo urtean errepikau behar genduala esan eta halan egin genduan. Baina handik aurrera ez dogu inoz hitzordua barriro ipini. Berez bihurtu da ohitura. Guk badakigu Zapatu Santuan Oizera igoten dala eta gura dauana tren-geltoki zaharrean azaltzen da goizeko 8etan, hori dalako lotzen garan lekua. Jatetxean be ez dogu inoz aldez aurretik lekua gorde. Egun berean esaten geuntsen zenbat ginan bazkaltzeko. Gure zain egozan; jatetxekoak zein auzokoak. “Bihar Sondikakoak etorriko dira”, esaten eben... Halanda be, ez dogu jada bertan bazkaltzen. Alde batetik, ugazaba barriak dagozalako, eta bestetik, autoa hartu behar danez, ezin dalako gustura edan. Orain Sondikan bertan edo Deustun egiten dogu bazkaria, txoko baten”. Pasadizuak Denporearen podasoz, herritarrek ohiturearen barri euki dabe eta asko animau dira urteeran parte hartzera. Halan, 50 urtean, Zapatu Santuan, beti igon da norbait Oiz mendira. “Hamar bat lagun batu ohi gara, baina urte baten bi baino ez ginan igon; beste urte baten, 20 lagun inguru. Gero badagoz batzuk mendira ez datozanak, baina indabak jatera, ostera, bai! (kar, kar)”. Lagun taldea handituz eta barrituz doa, bertan 40 urtetik 75 urtera bitarteko “mendizaleak” batzen diralako. Oiz mendia ez da erraza igoten eta batzuek entrenamentuak eta guzti egiten ditue aurreko egunetan. “Gazteentzat be ohitura bihurtzen dabil, eta zaharrenentzat erronka. Eta azken horreengan pentsauaz, hain zuzen be, aldatu da tontorrera igoteko ibilpidea, errazago egiteko. Orain pistatik goaz”. Lehen urteko igoerak emondako “esperientziaren”-ren eraginez, Sondikako lagunak zintzo-zintzo ibili dira menditik urte honeetan eta, zelan ez, pasadizu pilo bat ditue kontetako. “Behin, eskopetea eroian eta loba bigaz egoan gizon bategaz topau ginan. “Nongoak zarie zuek?”. “Sondikakoak”. “Sondikakoak? Ba, gerran, Puerto de Santamarian egon nintzan preso, ziega berean, Sondikako bategaz, Felix Libano izeneko bategaz”. “Aiba! Nire aita!” (Felix). Anekdota triste bat be badabe. “Askok gogoratuko dozuenez, Oiz mendiko istripua, hegazkin horrek Euskal Telebistako antenearen kontra jo ebanean, 1985. urtean izan zan. Hurrengo urtean handik pasau ginan eta artean baegozan hondarrak: zapatak, arropea, hortzordeak... Gogorra. Medaila bat topau genduan; izena ekarren eta senideei itzuli jaken...”. Eta baten batek bere ohiturea be ipini dau. “Tomasek, 70 urte dituanak, San Blas kordoia tontorrean erretan dau. Ikusgarria da: haizea, bera izerdiz bustita, haize-babesean... txiskeroagaz kordoia erretan ahaleginduten... Ai ama! (kar, kar)”. Tonua aldatu da ostera be. Berezia Aho batez dinoe Zapatu Santua, edo Oiz mendira igoten diran eguna, oso egun berezia dala, ahaztuezina. “Gainera, kontuan hartu behar dozue, lehen, Aste Santuan, ez egoala zer egin... Beraz, mendira joatea denporea emoteko ia modu bakarra zan.” Eta egun hori jasota geratu eitean, plaka bat ipini eben tontorrean, Oizera 30. aldiz igon ziranean. “Paper baten, Oizera inoz igon ginan guztion izena idatzi genduan eta tutu baten barruan sartu genduan; eta tutua, zulo baten. Gainean, altzairu herdoilgaitzezko plaka bat ipini genduan. Lontxo Zugazagak idatzitako berba batzuk eta iparrorratz bat dagoz grabauta”. Aurten 51. aldiz igongo dira Oizeko tontorrera, eta oraindino ez dakie ezer berezirik egingo daben. Halanda be, jakin badakie gustauko litxakiela tradizinoa denporean zehar mantentzea. Beste 50 urte gehiago, edo, ahal bada, askoz urte gehiago. “Zelango bilakaerea eukiko dau? Hori denporeak esango dau. Gurea berez sortutako ohiturea da eta bere bidea egingo dau”. Hitzordua, betiko moduan, Zapatu Santuan, goizeko 8etan izango da Sondikako tren-geltoki zaharrean. “Gura dauanak badau etortzea. Eta lekua be egingo deutsagu gugaz bazkaltzeko. Hori bai, bost minutu baino ez dogu itxarongo!”.