Gure Esku Dago (GED) herri mugimendu batetik sortutako dinamika da eta erabakitzeko eskubidea du ardatz nagusitzat. Gero eta indar gehiago hartzen doa eta duela gutxi mugimendu izatetik elkarte formal izatera pasatu da, “Eskura” prozesu parte-hartzailearen bitartez. Txorierriko ordezkariek gakoak eta datozen urteotan emango diren pausoak azaldu dizkigute.
Hasiera-hasieratik jendearen babesa izan duen herri dinamika izan da GED.
2014an, giza katea izan zen Euskal Herri mailako ekintzarik esanguratsuena. Parte-hartze zabala egon zen eta aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Bertan parte hartu jendetzak ilusio handiz ekin zion bideari. 2015ean, erronka handiagoa hartu genuen, Euskal Herriko hiriburu guztietan indarra adieraziz. Gu San Mamesen batu ginen, eta futbol-zelaia betetzea lortu ez genuen arren, egun ederra izan zen eta ilusioak piztuta jarraitzen du.
Eta Txorierrin?
Txorierritarron erantzuna oso ona izan da hasieratik. Oso ilusionatuta eta parte hartzeko gogoz azaldu dira eta horrek indarra eman digu antolatzaileoi. Giza katera, esate baterako, 1.500 lagun inguru joan ginen Txorierritik.
Zelako eragina izan du amaitu berri den “Eskura” prozesuak dinamikaren egituraketan?
Euskal Herri mailan 180 herri batzordetik gora daude. Barne-egituraketa hauek osatzen dute: Batzar Nagusiak, herri batzorde guztiek osatzen dutena, Txorierriko sei batzordeek tartean; Zuzendaritza Batzordeak (gu bertako partaideak gara); eta bazkideek. Batzar Nagusia GEDren organo gorena da eta bazkide guztiek osatzen dute. Organo horren bidez adierazten dira bazkideen nahiak ohiko eta ez ohiko batzarretan, eta gutxienez urtean behin batu beharko da. Bestetik, Zuzendaritza Batzordea eguneroko kudeaketaz arduratzen da, eta bazkideek Batzar Nagusian parte hartzeko eskubidea dute. Era berean, euren botoa eman dezakete edozein erabaki hartzeko, eta herri batzordeetan parte hartzeko.
GEDren egitura sostengatu eta Euskal Herri mailako erronkari heldu ahal izateko, bazkidetza kanpaina ezinbestekoa zen ondorioa ere atera zenuten prozesu horretatik.
Helburua ahalik eta bazkide gehien lortzea da, eta gustatuko litzaiguke bazkide multzoa ahalik eta anitzena eta parte hartzaileena izatea. Urteko kuota bat ordaindu beharko da, eta bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian egin ahal izango du. Bazkide egiteko, nahikoa da Txorierriko edozein herritako batzordera jo eta fitxa betetzea. Online egiteko aukera ere badago, gureeskudago.eus webgunean.
Zelako urratsak emango dituzue datozen urteotan?
Helburutzat 2018a ipini dugu. Bitartean, lan handia egin beharko da, tokian tokiko dinamikak Euskal Herri mailako dinamikarekin uztartzeko eta, lan horren ondorioz, 2018an galdeketa egin ahal izateko. Gure izenak berak adierazten duenez, hori “Gure Esku dago”. Izan ere, herri honetan sarri ikusi den moduan, denon indarra batuz gero, emaitza bikainak lor daitezke. Horra bidean, aurten adierazpenak landuko ditugu herriz herri. Herri batzorde bakoitzean erabakiko da zer adierazi, eta ekainean jendaurrean erakutsiko dira. Helburua, erabakitzeko eskubidearen inguruan, herrietan eztabaidatu eta adosguneak lortzea da. Besteak beste, galdeketa egiterakoan zer galdetuko litzatekeen inguruan eztabaidatuko dugu. Herri guztietako adierazpenak batu eta, 2017an, erabakitze ituna lortu nahi dugu, hurrengo urtean galdeketa egiteko. Horrezaz gainera, galdeketa sinbolikoak egingo dira herri batzuetan.
Galdeketa sinbolikoak Gipuzkoako Goierriko 22 herritan, Diman, Ispasterren… egingo dira. Txorierrin?
Bai. Hango batzordeko lagunek erabaki dute herri galdeketa 2017ko udaberrian egitea. GEDk badu protokolo bat herri-galdeketak egiteko, legearen barruan dagoena. Eskema hau jarraitzen du: aztertu-proposatu-adostu-erabaki. Gainontzeko herrietan adierazpenak landuko ditugu, eta horietan ahalik eta aniztasun eta babes zabalena lortu nahi dugu.
Azaroan galdeketa egin zen Katalunian eta alderdi independentistek akordioa lortu ostean, independentziarako bidea-edo ireki zen. Eredutzat har daiteke?
GEDtik oso modu baikorrean baloratzen dugu beti galdeketa egin izana, bai Katalunian, bai Eskozian, edo bere garaian Quebecen eta beste hainbat herrialdetan egin zena. Antzekotasun gehien Kataluniarekin izan ditzakegu, beharbada, baina nazio bakoitzak bere berezitasunak ditu eta uste dugu Euskal Herriarentzat eredu propioa sortu beharko dugula, betiere herriaren erabakiak eta nahiak errespetatuz.
Estatu aldetik, trabak eta mehatxuak baino ez dira egon. Euskal Herrikoa ere ez da erraza izango.
Badakigu, baina 2018rako dugun erronka beteko dugula uste dugu. Azken batean, demokraziaren ariketa oinarrizkoena ez al da botoa ematea, hau da, erabakitzeko eskubidea? Dena den, galdeketa egitea lortuko ez bagenu ere, oso harro sentituko ginateke egindako lanaz eta gaia gizarteratu izanaz.
Prozesu hau guztia aurrera eroateko, herritarren babesa ez ezik politikarien babesa ere inportantea izango da. Zelango jarrera nabaritu duzue orokorrean? Eta Txorierrin bereziki?
Ematen du politikariak pauso sendoak ematen ari direla, eta euren plangintzetan gero eta gehiago ikusten da erabakitzeko eskubidearen aldarria edo, behintzat, gaia lantzeko gogoa. Txorierrin aurten dagokiguna da politikariak, herritarrak diren heinean, gure dinamikara gehiago hurbiltzea eta haien alderdietan gaia naturaltasunez landu dezatela. Hitzetatik ekintzetara pasa daitezela nahi dugu, alderdi abertzalea izan ala ez.