Baserria loratzen ari da

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 1a, 09:20

Urrian, Baserri Antzokiaren lehen harria jarri zen Zientzia eta Teknologia Parkean, Derion. Eraikitze-lanek martxa ezin hobea daramate eta espero da erakina maiatzaren amaierarako bukatuta egotea. Aurreikuspenen arabera, Baserri Antzokiak udarako zabalduko ditu ateak, eta hala egin bezain laster, euskal kultura eta euskaltzaleen topagune bihurtuko da. INBISA enpresa Baserri Antzokiaren eraikitze lanak egiten dabil, BYCO bere enpresa eraikitzailearen bitartez. Gonzalo López INBISAren negozio garapenerako zuzendaria da eta, azaldu digun moduan, “egurrezko estruktura eta estalkia ipini dira, eta igeltsero lanak egiten ari dira fatxadan, baita hori inpermeabilizatzeko lanak ere. Era berean, klimatizazio eta aireztatzeari lotutako lanei ekin diegu”. Bere esanetan, aurreikusten da Baserri Antzokia “maiatzaren 30erako amaituta egotea”. Eraikina zabaltzeko, beste hilabete bat beharko da. Txorierriko Baserri Antzokia 5.400 metro koadroko gunea izango da. Solairu bakarra edukiko du eta bertan taberna, jantokia, pista, eszenatokia eta lau txoko atonduko dira. Aparkalekua eta terraza zabalak egongo dira kanpoaldean. “Erabilera anitzeko gunea izango da kanpoaldea. Barrualdeari lotuta egongo da, eta eraikinak berak eta zuhaiztiek osatuko dute, errekaren balio naturala eta estrategikoa indartuz”, aipatu digu Maialen Armendariz arkitektoak. Eraikina bere kabinetean diseinatu da, eta Euskal Herriko ohiko baserria hartu dute oinarritzat horretarako. “Baserriaren irudia imajinatzen dugunean, forma xumea eta konpaktua duen eraikuntza datorkigu burura, bi isuraldeko teilatua duena, eta atxikita beste atal edo eraikin bi dituena. Lurrarekin kontaktuan dagoen kanpoko azala harrizkoa da, pisutsua eta sendoa, eta barruko egurrezko egitura, berriz, arina eta epela”. Formen sinpletasuna ez ezik materialen sinpletasuna ere bada baserriaren ezagugarria. Irizpide tradizionalak kontuan hartuta, hiru material hauek aukeratu dira eraikina egiteko: harria, lurrarekin kontaktuan dagoen edukiontzi moduan; egurra, egitura nagusi moduan; eta kristala, kanpoalde eta barrualdearen arteko lotura ahalbidetzen duen elementu garden moduan. Baserri tradizionala gehienbat eraikin jasangarria izateagatik bereizten da, eta Baserri Antzokiak ere egin du jasangarritasunaren aldeko apustua. Horrela, bada, energia aurrezteko neurriak hartu dira, prestazio altuko gainazal termikoa eraiki baita. Gainera, energia berriztagarriak erabiliko dira eraikina klimatizatzeko, eta ingurunea zainduko da horrela. Epela eta atsegina Baserria Euskal Herriko arkitektura tipologiarik adierazgarriena da, eta lotura estua du bai herriarekin, bai kulturarekin. Txorierriko Baserri Antzokia eskualdeko eta inguruko euskaltzaleen topagunea izango den heinean, “erabilera anitzeko aretoak sortu dira beheko solairuan, funtzio ezberdinak elkarrekin erlazionatu daitezen. Leku garbiak eta irekiak lortu ditugu, egurra erabiltzeko eraikuntza sistema tradizionalak eta egungoak nahasiz. Bestalde, barrualdearen eta kanpoaldearen arteko lotura bultzatu egiten da, baserria inguruan integraturik”, esan digu arkitektoak. Irisgarritasun-irizpideak ere izan dira kontuan eraikina diseinatzerakoan. “Horiek oso kontuan eduki ditugu, gainera, mugikortasun urriko pertsonenganako diskriminazioa ekiditeko. Hala, erabilera publikoko gune guztiak beheko solairuan kokatuko dira, eta bermatu egingo dira irisgarritasuna eta higikortasuna eraikinaren barrualdean eta inguruetan”. Materialen epeltasunak, barrualdearen berezitasunak eta kanpoalde atsegingarriek oso eraikin erakargarria bihurtzen dute Baserri Antzokia. “Baserriak xarma berezia izatea da gure helburu nagusia, eta erabiltzaileak etxean baleude bezala sentiaraztea”. “Eraikina dagoen lekua ere merezi du aipatzea”, gaineratu du Lópezek. “Herrigunetik kanpo egon arren, oso erraz ailegatzen den lekua da eta berdegunez inguratuta dago. Ingurune ezin hobea da Baserri Antzokiaren jarduerako”. Lanabesa Euskara eta euskal kultura Txorierriko Baserri Antzokiaren ardatz nagusiak izango dira. Bere helburuak betetzeko, Baserri Antzokia Fundazioak baserria aukeratu du eredu arkitektonikotzat, “ euskaldunontzat etxebizitza eta lantokia izan delako”. Horrela, historian zehar, baserria nekazaritza eta abeltzaintza-lantokia izan da, burdinola, errota, sagardoa eta txakolina egiteko lantokia… “Eta orain, euskara eta euskal kultura sustatu eta aurrera eramateko lantokia eta etxebizitza ere izango da”. Baserri Antzokia, beraz, aurreko helburuak betetzeko lanabesa izango da, eta horrexegatik, hain zuzen ere, Txorierriko biztanleak eta bertara doazen langileak dira garrantzitsuak Fundaziorako. “Oraingo honetan, kultur eta ekintza plana da gure zeregin nagusia eta uste dugu, horretan, guztion parte hartzea ezinbestekoa dela. Beraz, laster harremanetan ipiniko gara Txorierriko elkarteekin eta kide guztiak animatu nahi ditugu prozesuan parte hartzera. Ekarpenak maila pertsonalean ere egin daitezke, euskara elkarteetara edo TOTOANera deituz gero. Horixe baita lehen eta azken helburua”.