Emakume esku-pelotariak, kantxara ostera be

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 2a, 09:33
Argazkia: Bizkaiko Pelota Federakuntza
Eskuz Binakako Emakumeen Cup-aren finala martxoaren 6an, 11:30ean, jokatuko da Larrabetzuko frontoian. ETB 1ek partidak emongo ditu zuzenean. Bizkaiko Pelota Federakuntzak Eskuz Binakako Emakumeen Cup antolatu eban igaz lehenengo aldiz, eta lehiaketak ikusmin handia sortu eban zaleen eta ez zaleen artean. Izan be, aldi berean hiru gertaera izan ziran: emakumeak hasi ziran federatu mailan esku-pelotan jokatzen; Txokoan emakumeen esku-pelota alkartea sortu zan Larrabetzun; eta, historian, lehenengo aldiz antolatu zan emakumeen esku-pelota txapelketea federatu mailan. Txapelketea aitzindaria izan zan eta Txokoan-eko neskak komunikabide eta gizarte-sareetako protagonista bihurtu ziran egunetik gauera. “Egoerak gainditu egin gintuan, ez gagozalako horrelakoetara ohituta eta ez gendualako uste horrenbesteko oihartzunik eukiko ebanik. Gainera, kritikak be jaso genduazan pelotari batzuek aukeratutako arropagaitik, eta batzuek esan eben Gipuzkoan gu baino pelotari hobeak dagozala. Baina, honek guztiak esku-pelotan emakume gehiago ibiltzeko animetako balio izan badau, gu pozik”. Eta halan izan da. Gaur egun, Bizkaian, 32 emakume esku-pelotari dagoz federauta eta hareetako 22k emon dabe izena txapelketan. Larrabetzukoakaz batera, besteak beste, Usansolo, Ereño eta Markinako esku-pelotariak ibili dira Emakumeen Cup-ean lehian. Kanporaketak otsailean egin dira maila bitan eta finala martxoaren 6an jokatuko da Larrabetzun. Igaz, Zamudion izan zan eta Udalak harmaila osagarri bat ipini behar izan eban atzeko errebotean; Larrebetzun be frontoia betetea espero dabe. “Kamarak aurrean izatea larregi ez urduritzea espero daigun. Nasai jokatu eta partida politak eskaintea gustauko litxakigu. Ea giro polita sortzeko gai garan!”. Erreferenteak Iker Amarika larrabetzuarra Bizkaiko Pelota Federakuntzako presidente ordea eta esku-pelota modalitateko arduraduna da. Azaldu deuskun moduan, neskatilek, haur edo kadete mailara ailegaten diranean, esku-pelotea ixten dabe, pelota gogorragaz hasten dalako jokatzen. Eta gehienak, edo asko, beste modalitate batzuetara pasaten dira, palea eta trinketa esate baterako. Federakuntzatik hutsune bat ikusi dabe arlo horretan, eta ahalegina egin da emakumeak esku-pelotan ibiltzen animetako, eta modalitate horretan be bardintasuna bultzatzeko. Lehen pausua emakumeen kategorian pelota bigunagaz jokatzea baimentzea izan da. “Esku-pelotan edozein emakumek jokatu leike. Bardin deutso bere adina, ama bada, ikaslea... Txarto egindakoa izan daiteke, beharbada, emakumea hasieratik beste modalitate batzuetara bideratu izana eta esku-pelotea bere ezaugarri fisikoetara moldatu ez izana, beste kirol batzuetan egin dan moduan. Halan, pelota biguna sartu danean, ikusi dogu asko animau dirala jokatzera eta jokatzen jarraitzen dabela. Egia esateko, gizonen kategorian be, gero eta gitxiago jokatzen dabe esku-pelotan, pelota gogorraren exijentzia-mailagaitik. Baina tradizinoa danez, gogorragaz jokatu behar”. Txokoan-eko neskek be adierazo dabe pelota biguna erabili ahal izatea erabagigarria izan dala, helduaroan esku-pelotan ibiltzen animetako orduan. “Pelota gogorragoek min handia sortzen dabe txikitan landu ez diran eskuetan, baina pelota bigunagaz eta eskunarruakaz ez dago min hartzeko bildurrik; eta beraz, ezta atxakiarik ez”. Bigarren pausua txapelketea martxan ipintea izan da, emakume esku-pelotarien jokoa jente-aurrean zabaltzeko, eta esku-pelotan ibiltea gustauko litxakien neskatilek eta emakumeek erreferente bat euki daien. “Finala ETB1etik emongo danez, espero daigun bere eragina eukitea eta Euskal Herri mailan emakume gehiago animetea; egon badagozalako”, esan deusku Amarikak. Beste lurraldeetako federazinoetatik be jaso ditue deiak txapelketearen zehetasunen inguruan galdetuz. “Pozgarria da, gure helburua esku-pelotan zein txapelketetan ahalik eta emakume gehien ibiltzea dalako, eta beste lurraldeetan be horretarako interesa erakutsi dabe”. “Iruñean taldea sortu da orain dala gitxi eta hangoak jokatzeko irrikan dagoz”, gehitu dabe Txokoan-ekoek. “Azaroan, emakume pelotarien topaketak antolatu genduazan Larrabetzun, eta ikusi zan beste probintzietan be jokatzeko gogoa daukien emakumeak dagozala. Bartzelonatik be etorri zan laukote bat; apirilean geu joango gara bertara”. Normalizatzea Bestalde, neska gitxi izaten dira esku-pelota eskoletan. Mutilakaz batera eta mutilen kontra jokatzen dabe normalean, baina Txokoan-eko neskek aitatu daben moduan, 12 urtetik aurrera, pelota gogorragaz jokatzen hasteaz gainera, indarrari lotutako ezberdintasunak handiagotu egiten dira, eta askok ixten dabe edo beste modalitate batzuetan saiatzen dira, modalitate horreetan neska gehiago dagozalako. Horren haritik, ezinbestekotzat joten ditue Federakuntzak Bizkaiko esku-pelota eskoletako neskatilen artean antolatzen dituan topaketak. “Hilabeterik behin egiten doguz Miribillan”, azaldu deusku Amarikak. “Berrogei neskatila inguru dira eta helburua alkar ezagutzea da, eta ikusi daien ez dirala esku-pelotan jokatzen daben bakarrak. Txapelketea be hareei zuzenduta dago, erreferente bat euki daien eta, gura izanez gero, esku-pelotan jarraitasun bat euki dagiela ikusi dagien”. Txokoan Larrabetzuko emakume esku-pelota alkartea ikastaro batetik sortu zan, eta bere kideen eretxiz, ondo legoke herri guztietan halako ekintzak antolatzea, aurrerapausuak emoten jarraitzeko. “Halanda be, garrantzitsuena umetatik lantzea da. Esku-pelotea neskentzako kirola be badala erakustea, eta egoerea normalizatzea. Horregaitik joan gara zenbait ikastetxetara taldea ezagutzera emoteko eta neskatilak esku-pelotan jokatzen animetara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).