Publirreportajea: Atomika Studio, irudiaren sortza

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 2a, 09:44

Atomika Studio komunikazioa eta produktu grafikoak lantzen dituen estudio sortzailea da, eta edukiak garatzen dabiltza, beste proiektu batzuen artean, Txorierriko Baserri Antzokirako. Estudioa Komunikazioaren arlo ezberdinetatik datozen hiru gaztek sortu zuten orain dela urtebete. Egitasmo gaztea da, beraz, eta freskotasun hori da hain zuzen ere beren indarguneetariko bat, komunikaziorako eta irudirako duten grinak azken joerei adi egotera daramatza-eta. “Komunikazio garbia, eraginkorra eta erakargarria garatzen laguntzen diegu markei, enpresei eta erakundeei. Hala, produktu grafikoak eta ikus-entzunezkoak sortzen ditugu, eta gainera, izugarri gustatzen zaigu teknika anitzen bidez esperimentatzea eta ikertzea, proiektu bakoitzean emaitza originalak lortzeko”. Unai G. Langarika, Jon Goikouria eta Aimar Ruiz Atomika Studio enpresaren arima sortzailea dira, eta aurreko hitz horiek beraien aurkezpena. Irudia eta komunikazioa ezinbestekoak diren munduan bizi gara, eta horregatik zerbitzu integrala eskaintzen diete bezeroei arlo horietan bietan. “Irudia oso inportantea da gaur egun. Azken batean, enpresaren irudia enpresaren isla da eta bezeroek guri buruz duten iritzia baldintzatzen du. Irudi garbia adierazten badugu, harrera hobea edukiko dugu gure bezero direnen eta izan daitezkeenen artean. Diseinua, argazkigintza eta bideogintza erremintak dira horretarako”. Atomika Studio-k markaren garapenari lotutako zerbitzu guztiak eskaintzen dizkie bezeroei, hala nola logotipoak, publizitatea eta kartel eta paper-gauzak euskarri digitalean zein inprimatuan. Era berean, webguneak egiten dituzte eta eduki multimediak sortzen dituzte, hau da, promozio-argazkiak eta bideoak webguneetarako, erakusketarako edo publizitaterako. “Horren haritik, 4k bideokamera ere erabiltzen dugu eta horrek balio erantsia ematen dio produktuari, teknika asko garatu ahal izateaz gainera, oso bereizmen ona eskaintzen duelako, HD-ak baino lau aldiz handiagoa”. Hiru gazte sortzaileen esanetan, enpresek eta erakundeek inbertsiotzat hartu behar dituzte diseinua eta publizitatea; horiek gastutzat hartzea akats larria da. “Enpresa askok beren irudia sortzen dute behin eta ez dute inoiz berritzen. Hori oso arriskutsua da, enpresaren irudia zaharkitu egiten delako. Eta ez gara bakarrik logotipoari buruz ari; webguneari, euskarri inprimatuei, eduki multimediei eta interaktiboei… komunikazio guztiari buruz baizik. Zenbat aldiz gertatu zaigu, esate baterako, sakelako telefonotik webgune batera sartu eta hori gailu horretara egokituta ez egotea? Berritzen ez den enpresa atzean gelditzen da eta, ondorioz, ezinbestekoa da irudian eta komunikazioan inbertitzea”. Ikuspuntu berritzailea Urtebeteko ibilbidean proiektu sorta zabala garatu dituzte hainbat enpresa eta elkartetarako zein autonomo eta partikularrentzat. Batzuk aipatzearren, marka irudia eta webgunea sortu dituzte Bilboko moda denda batentzat, eta etiketak eta kartelak diseinatu dituzte artisau garagardoa ekoizten duen Getxoko enpresa batentzat. Promozio-bideo bat ere grabatu dute Atarrabi Sondikako tabernarako. “Gaur egun eskuartean ditugun lanik potoloenak dira, alde batik, Baserri Antzokirako argazkien bidez egiten gabiltzan dokumentazio-lana; eta bestetik, Sondikako Inauteriak Elkartearekin iaz lantzen hasi ginen egitasmoa. Azken horri dagokionez, bigarren urtea da Sondikako inauteriak bideoz grabatu eta argazkiak ateratzen ditugula. Eta aurten, gizarte-sareetan ere ibili gara inauteriak bultzatzen eta jendea bertan parte hartzera animatzen. Bestalde, Baserri Antzokia eraikitzeko prozesu osoa argazkien bidez jasotzen gabiltza, komunikazio-lanetarako eta gero argazkiak ikusgai ipintzeko. Horiek bezalako proiektuak edozein enpresekin jorratu daitezke, enpresa txiki, ertain zein handiekin”. Hasieran aipatu dugun bezala, freskotasuna eta gaztetasuna Atomika Studio enpresaren indargunetariko bat dira, baina ez bakarra. “Alor bat baino gehiago lantzen dugu eta, ondorioz, zerbitzu integrala eskaintzen diogu bezeroari. Gazteak gara, kreatibitate handikoak, eta proiektuei ikuspuntu berritzaileago batetik heltzen diegu. Azken joeren bila gabiltza beti, han eta hemen aztertzen zer den modan dagoena”. Bezeroarekiko hurbiltasuna eta eleaniztasuna enpresaren beste ezaugarrietako batzuk dira. “Feedback handia dago bezeroen eta gure artean eta horrek komunikazioa hobetzen du. Oso malguak gara eta beti gaude beren ideiak, kezkak eta ekarpenak entzuteko prest. Hizkuntza aldetik, proiektuak euskaraz, gazteleraz zein ingelesez jorratzen ditugu”. Gure irudia esku hobeetan ez da egongo.