Egurra lantzea zaletasuna da Josu Aretxabaleta zamudioztarrarentzat; bere burua hobetzen eta munduaz ahiztuten laguntzen deutson zaletasuna, hain zuzen be. Egurrari formea emoten orain dala 20 urte inguru hasi zan eta guztiz autodidaktea da, bere kabuz joan dalako mundu honetan sakontzen eta teknikea hobetzen.
“Beti gustau izan jat egurra. Eta, azoka pare batera joan nintzan, egurra zelan lantzen eben ikustera. Eta handik hona nire kabuz ibili naz egiten eta ikasten. Erdipurdiko gubiak erosi nituan hasieran eta apurka-apurka joan naz hobetzen”. Euskal Herriagaz eta euskal kultura eta ohiturakaz zerikusia daukien lanak egiten ditu Josuk: eguzki-loreak, armarriak, erlojuak, bankuren bat... Baita Athleticen lehoiaren burua be. “Gustetan jatan zerbait ikusi eta bueltaka hasten naz, egur-lanketea ea zelan egin ahal dodan”. Lanok egiteko, batez be gaztainondoa erabilten dau. “Errazena eta onena da lantzen. Haritza be erabilten dot, baina askoz gogorragoa da. Dana dala, danatarik... Egur zaharrakaz lan egiteko be ez daukat arazorik”.
Azaldu deuskun moduan, berton topau daitekez koadruak-eta lantzeko oholak, baina zerbait bereziagoa egin gura badau, esate baterako, erliebezko lan bat, ohol handiagoak behar ditu, gaztainondoa, eta horreek Asturiasetik ekarten ditu. Bere burua trebatzen joan dan bitartean, hainbat lan egin ditu, eta horreetako batzuk oparitu egin ditu edo saldu egin ditu. Etxean be badauka partida bat. Enkarguak jasoten ditudanean, gitxienez materialetan eta tresnetan ipinitakoa aterateko kobraten dau. “Pentsa eizue, gaztainondo-ohol batek 80 euro kostau leike, eta horri erabilten diran tresnak gehitu behar jakoz, berniza...”. Eta denporea, jakina. “Gatxa da ale bakotxa egiten zenbat denpora emoten dan kalkulatea, izan be, ez da jarraian egiten dan lan bat. Ez dakit, lan ertain bat egiteko, 20 ordu, beharbada”. Josuk badauka bere lan egiteko erea. “Zerbait pentsau eta marraztu egiten dot, eta neurriak atera. Egurrera eroaten dot eta lantzen hasten naz, lixatu, bernizatu... Lanak bernizatu egiten dodaz normalean, edo tinduren bat emon, baina beti egurraren tonuarena. Halanda be, ale batzuk be margotu egin dodaz, esate baterako, Athleticen lehoiak”.
Egurrezko tailak Zamudiotorren ipini ditu ikusgai, eta Zamudioko Azokan be birritan hartu dau parte. “Baina beste barik, nik honegaz ez dodalako bizimodua ataraten. Dana dala, polita da zure lanak ikusgai egotea eta jenteak gustetan jakola esatea”. Eta berari, gustauko litxakio egur-lanketan modu profesionalean aritzea? “Gustau, gustauko litxakit, baina, egia esan, gaur egun hori ezin da eta ez deutsat inoiz neure buruari halakorik planteau. Egurra lantzea nasaitua da niretzat, nire lana batzuetan oso estresagarria dalako. Zapatu edo domeka goizean altzau, sotora joan eta mundua ahiztuten dot bertan”.
Eskuak
“Zakarrontzira” egur pilo bat bota dau urte honeetan. “Lanean zabilzala, zati bat apurtu eta barriro hasi behar”. Baina bere burua hobetzeko gauza dala erakutsi dau. “Hasi nintzanean, halako lanak egiteko gauza nintzan ikusi gura neban. Gauza sinpleak ziran, orain lelokeriak iruditzen jatazanak. Lan korapilatsuagoak egiten dodaz orain, eta dana nire kabuz ikasi dodanez, ba, politena hori da beharbada, euki dodan bilakaerea eta hobetu izana”. Eroso sentitzen da egurragaz, eta bereziki lagun batzuentzat egin dauan lanaz harro. “Esku bi dira, soinu bategaz; eta beste esku bat, panderoagaz. Lan apur bat abstraktua da, detaile asko daukana eta lan handia eskatu dauana. Buelta pilo bat emon behar izan neutsazan lan horri... Gainera, egur mota ezbardinak nahastu nituan, kolore ezbardinak lortzeko. Beste ukitu bat dauka”.
Halan izanik, horrelako tailak lantzen ahalegintzen da orain. “Ohol bat hartu eta, adibidez, kaxoi bat egitea ondo dago, baina ez deutsu asetzerik ekarten. Lehen aitatutako lan modukoek, ostera, bai. Gatxena egiten eskuak dirala dinoe, eta ni denporaldi baten ibili naz eskuak lantzen. Gero eta hobeto egiten dozuzala ikustea gozamen handia da”. Irudimena, gubia eta egurra sortzeko erremintatzat daukaz Josuk; burua, datozan lanetan. “Eguzki-lore batzuk egiten nabil eta mahai bat be egingo dot lagun batentzat”.